Joan den astean Bartzelonan eta Cambrilsen izandako erasoei herritarrek emandako erantzun "solidarioa eta baketsua" goraipatu du Kataluniako Parlamentuak, gaiaz eginiko osoko bilkura berezian. Carme Forcadell legebiltzarreko lehendakariak adierazpen instituzional bat irakurri du, eta, bertan, parlamentuak dei egin du demokrazia defendatzera "gorrotoaren eta beldurraren" aurrean. Minutu bateko isilunea egin dute ondoren.
Testuan, nabarmendu dute erasotzaileen helburu behinena "beldurra eta gorrotoa sortzea" zela: "Horregatik da hain garrantzitsua Kataluniako gizarteak emandako erantzun lasaia, solidarioa eta baketsua: demokratikoki heldua den eta pluraltasunaren eta askatasunaren inguruan batuta dagoen gizarte baten erantzuna".
Halaber, parlamentuak goretsi du larrialdi zerbitzuen eta segurtasun indarren lana; orokorrean egin dute aipamen hori, mossoen eta Espainiako polizien arteko bereizketarik egin gabe. Bestalde, "kohesio sozialaren" eta "demokraziaren" alde lan egitera deitu du.
Zigor kodea aldatzeko prest
Bestalde, erasoez jardun du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak ere. Goraipatu du segurtasun indarren arteko harremana "etengabea" izan dela hasieratik, baina saihestu du "beroaldian" eztabaidatzea mossoak Europolen sartzeari buruz: "Orain, terrorismoaren aurkako borrokan batasunari eustea dagokigu".
Gainera, Rajoy prest azaldu da beste behin Zigor Kodea erreformatzeko. Birritan moldatu du Rajoyren gobernuak Zigor Kodea, eta "beharrezkoa bada" berriro moldatuko dutela adierazi du. Gainera, dei egin du bihar Bartzelonan erasoak gaitzesteko egingo duten manifestaziora joatera.