Nazioarteko komunitatearen eta NBEen ahalegin diplomatikoek Israelen segurtasuna bermatzen ez badute, Libano osoan erasoak handituko dituela iragarri du Amir Peretz Israelgo Defentsa ministroak. Israelen kontrako “erasoak murrizteko, koheteak jaurtitzen dituzten eremu guztiak menperatuko ditugu”, adierazi du ministroak.
Israelgo Parlamentuko Segurtasun Batzordeagaur bildu da Tel Aviven, Hezbolarekin duten gatazka aztertu eta Gobernuaren asmoen berri emateko. “Gerraren une erabakigarrian gaude; hau ez da operazio militar bat; helburua [Hezbolak] kohete gehiago ez jaurtitzea da”, adierazi du Amir Peretzek. Helburu hori lortzeko “bi bide” daudela nabarmendu du: “bide diplomatikoa” eta “bide militarra”. Israelek operazioa Litani ibairaino hedatuko duela iragarri du, mugatik 20 kilometrotara. Libanoko erakunde instituzionalak bonbardatzeko aukera aztertu dutela jakinarazi dio ohar ofizial batek Haaretz egunkariari.
Bitartean, hainbat dira nazioarteko komunitatean gerra baretzeko ahalegin diplomatikoak. AEBek eta Frantziak NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan onartzeko eta erabateko menia lortzeko hitzartutako propsoamenak harrera epela izan du. Libanok ez du onartu, ebazpen proposemenean Israeli ez baitzaio exijitzen Libanon dituen 10.000 soldaduak erretiratzeko. Libanoko Gobernuak Israelen dauden presoak aske uzteko ere exijitu du eta horretarako Gurutze Gorriaren laguntza eskatu du.
Bestalde, gaur 22:00etatik aurrera (hemengo 21:00ak) etxetik ez irteteko abisua eman die Israelgo Armadak Libano hegoaldeko herritarrei. “Ordu horretatik aurrera kanpoan dagoena arrisku handian egongo da”, jakinarazi du Israelek ohar baten bidez.
Hildako bakarra Hulan
Bonbardaketa ugari izan dira gaur ere.Handiena, Hula hirian. Hala ere, Israelgo Armadari 40 zibilen heriotza leporatu eta gero esandakoa zuzendu du Libanoko lehen ministro Fuad Siniorak gaur Liga Arabiarreko Atzerri ministroen batzarraren hasieran. Hildakoak 40 izan direla esan du hasiera batean baina azkenean bakarra izan da. Izan ere, gainontzekoak hondakinen artetik atera dituzte. Erasoak Hula hirian gertatu dira, Libano hegoaldean.Libanoko iturri batzuen arabera, Israelgo hegazkin batzuek Hula hiriko bi eraikin bonbardatu dituzte eta ondorioz, hainbat lagun azpian harrapatuta gelditu dira baina pertsona bakarra hil dela zuzendu du Siniorak.
Goizean goizetik erasoak
Bestalde, goizean goizetik Libanoko hainbat eremu bonbardatu dituzte Israelgo Armadako hegazkinek: besteak beste, Beirut hiriburuaren hegoaldeari, Nabatije hiriari, Bekako haranari eta Sidon ondoko herriska bati eraso diote. Libanoko iturri ofizialek agertu dutenez, gutxienez hamaika lagun hil dira bonbardaketa horietan, guztiak zibilak. Sidon ondoan dagoen Gazanije herrian familia bereko sei lagun hil dituzte etxe bat bonbardatuta. Horrez gain, Libano hegoaldean Hezbolako hamalau gerrillari hil dituztela zabaldu dute gaur Israelgo Armadako iturriek.
ekialde hurbila
Erasoak gogortuko dituela iragarri du Israelek
Nazioartearen “prozesu diplomatikoak” huts eginez gero, Libanon operazioa zabalduko duela esan du gaur Amir Peretz Israelgo Defentsa ministroak. Bestalde, Libano hegoaldeko herritarrei gaur gauean etxetik ez ateratzeko ohartarazi die Israelgo Armadak. Israelgo Armadari 40 zibilen heriotza leporatu eta gero bakarra hil dela esan du Libanoko lehen ministro Fuad Siniorak gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu