ekialde hurbila

Erasoaldia zabaldu aurretik egun batzuk itxarongo ditu Israelek

Ehud Olmert lehen ministroa buru dela goizeko hamarretan (bederatziak Euskal Herrian) bilera garrantzitsua egin du Israelgo Gobernuak. Bertan, irrati publikoak jakinarazi duenez, Libanoren aurkako lurreko ofentsiba areagotzea erabaki du Israelgo Gobernuko segurtasun batzordeak. Baina erasoak hedatu baino lehen bizpahiru egun emango dizkio NBEen Segurtasun Kontseiluari su-etena negoziatzeko.

2006ko abuztuaren 9a
18:59
Entzun
Gaur goizean erabaki du Israelgo Gobernuak Libanoren kontrako erasoaldia zabaltzea. Onartutako proposamenaren helburua mugatik 30 kilometro barnealdera sartzea da, Libano hegoaldeko Litani ibairaino. Modu horretan geldiarazi nahi dituzte Hezbolaren misil jaurtiketak. Amir Peretz Israelgo Defentsa ministroak erabakiko du noiz ekingo dioten eraso horiei. Izan ere, erasoekin jarraitu aurretik bide diplomatikoei su-etena lortzeko bi edo hiru egun utziko dizkiotela iragarri du gaur Eli Yishai Israelgo Industria, Komertzio eta Lan Ministroak.

New Yorken, berriz, NBEren egoitzan, Segurtasun Kontseiluko kideek eztabaidan jarraitzen dute gerra gerarazteko Israeli eta Libanori ezarri behar zaizkien baldintzen inguruan. Bitartean, beste bederatzi zibil hil ditu Libanon gaur goizean Israelgo Armadak.

Israelgo Gobernua bileran Amir Peretz Defentsa ministro laboristak eta eta Dan Halutz armadaburuak Libanoren okupazioa handitzearen alde egin dute. Armadaren arabera, Hezbolak eremu horretan guztian du indarra, eta gerrillari xiitek katyusha koheteen bidez egiten dituzten erasoak gerarazteko modu eraginkorrena da.

Libanok ohartarazi du halakorik gertatuz gero bere Armada borrokara bidaltzeko prest dagoela. Beraz, Israelgo Gobernuaren erabaki horrek are eta gehiago gaiztotu dezake gatazka. Orain arte, Armadak egindako proposamen guztiak onartu ditu Israelgo Gobernuak.

Hala ere, bide diplomatikoaren inguruko itxaropen txikia zabaldu zen atzo, Olmerten Gobernuak adierazi baitzuen Libanoko Gobernuak gatazka baretzeko egindako proposamena "interesgarria" dela. Zehazki, Libano hegoaldean 15.000 soldadu ezartzeko prest dagoela iragarri zuen Beiruteko Gobernuak, Hezbola gerrilla kontrolatzeko. Hain justu, proposamen horrek Hezbolaren oniritiza duela iragarri zuen Beirutek.

Era berean, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan gerra baretzea helburu duen ebazpenaren inguruan ados jarri ezinda dabiltza. Izan ere, Frantziak eta AEBek hitzartutako testuan Israeli ez zaio Libanotik erretiratzeko eskatzen, eta zenbait herrialde, batik bat arabiarrak, ez daude hori onartzeko prest.

Errefuxitu palestinarren eremu bat bonbardatu dute

Bitartean, Israelek Libanori eraso egiten jarraitzen du. Goizaldean gune ugari bonbardatu ditu eta dagoeneko Libano hegoaldetik iparraldera joateko irteera guztiak suntsitu ditu. Beraz, eskualde batzuek guztiz bakartuta daude, eta laguntza humanitarioa ere ezin da iritsi. Gutxienez 100.000 libanoar leudeke inongo laguntzarik jasotzeko aukerarik ez dutela.

Gainera, Israelgo Armadak gune horiek bonbardatzen jarraitzen du. Beka haranaren kontra egin dituen bonbardaketetan gutxienez zazpi zibil hil ditu. Halaber, palestinarren errefuxiatu eremu bat bonbardatu du, Hezbolako gerrillariak han ezkutatzen direla aitzaki jarrita. Gutxienez bi lagun hil ditu bonbardaketa horretan. 400.000 palestinar bizi dira Libanoko errefuxiatu eremuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.