ATENTATUAK LONDRESEN

Erasoen arriskua estatu guztiek dutela ohartarazi du Chiracek

Ekintzaileen buruak atentatuak izan baino egun batzuk lehenago ihes egin zuela uste du Poliziak; Leedsen bizi zen 33 urteko gizon baten bila ere badabiltza, leherketekin nolabaiteko lotura duelakoan

Erredakzioa
2005eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
«Inor ez dago eraso terroristetatik salbu». Frantziako presidente Jacques Chiracen hitzak izan ziren horiek. Errepublikaren Egunerako ezarritako segurtasun neurri zorrotzak arrazoitu zituen horrela. Parisen 5.000 polizia inguru zeuden atzo. «Terroristek ez dute guk bezala pentsatzen. Mehatxua saihestu nahi badugu, erne egon behar dugu». Horretaz gain, Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairren politika kritikatzeko ere baliatu zuen Chiracek Errepublikaren Eguneko hitzaldia. Haren arabera, Frantzian txirotasun maila txikiagoa da eta ikerketa eta hezkuntzarako laguntzak, aldiz, altuagoak.

Frantziak zaintza neurriak mailarik altuenean dituela ohartarazi zuen Defentsa ministro Michele Alliot-Mariek. Neurri horietako bat Schengengo akordioa bertan behera utzi eta mugetako segurtasun neurriak indartzea izan zen. Erabaki horrek, baina, kritika ugari eragin zituen. Justiziarako, Askatasunerako eta Segurtasunerako Europako komisario Franco Frattiniren esanetan, akordioa behin-behingoz bertan behera uztea ulergarria den arren, aurrerago indarrean jarri behar du Parisek.

Miaketak Aylesburyn

Ekintzaileei eta haien arduradunei buruzko datu bila jarraitzen zuen atzo Poliziak. Hainbat eraikin miatu zituzten Aylesbury hirian, nahiz eta ez zuten inor atxilotu. Leedsen, berriz, Beeston auzoa hustu zuten eta leherketa kontrolatuak eragin zituzten. Hiru egunetarako beharko zituzten gauzak hartzeko esan zieten bizilagunei. Auzo horretan bizi zen ekintzaileetako bat.

Laugarren ekintzaileari buruzko datuak ere zabaldu zituzten atzo. Britainiarra zen Jamaikakoa zuen familia eta, ustez, Lindsley Germail zuen izena. Bera ere, beste hirurak bezala, atentatuan hil zen. King's Crosseko metro geltokian aurkitu zuten haren gorpua. Bestalde, herenegun atxilotutako 29 urteko gizonak preso jarraituko du beste bi egunez, epaileak Terrorismoaren Aurkako Legea ezarri ostean. Ekintzaileetako baten senidea da atxilotua. Beste bi pertsonen bila jarraitzen du Poliziak. Horietako bat taldeko arduraduna izan daiteke. Hogeita hamar urte ingurukoa eta britainiarra dela uste dute eta familia Pakistangoa zuela. Erresuma Batura itsasoz ailegatu zela, eta erasoak baino egun bat lehenago herrialdetik irten zela susmatzen dute. Era berean, bestelako eraso terroristetan parte hartu izana eta Al Kaedarekin harremanak izatea ere leporatzen diote. Lutongo tren geltokiko kamerek jaso zituzten haren irudiak, lau ekintzaileekin hitz egiten ari zenean. Magdi el Nasarrek ere atentatuekin zerikusia izan zuela uste du Poliziak. 33 urteko Egiptokoa da bera eta Burley auzoan bizi zen, Leeds hirian. Hiri horretako unibertsitateko kimika irakaslea zen eta erasoak izan baino egun batzuk lehenago desagertu zen. Bisatuarekin arazoak zituela azaldu zien bizilagunei. Ameriketako Estatu Batuetan, Ipar Karolinako Unibertsitatean ikasi zuen El Nasarrek eta lanpostu bat ere eskatu zuen han. Baina azken unean iritziz aldatu, eta Erresuma Batura joan zen. Leedsen miatzen ari diren etxeetako bat harena dela uste da.Bestalde, segurtasun indarrek Hasib Hussain ekintzailearen irudiak plazaratu zituzten atzo. «Tavistock Squareko leherketa baino lehen egin zuena jakin nahi dugu. Hau da herritarrei egin diegun galdera: Ikusi al duzu gizon hau? Bakarrik zegoen ala jende gehiagorekin?», azaldu zuen terrorismoaren aurkako taldeko buru Peter Clarkek.

Lehergailuak

Ekintzaileak talde zabalago bateko kideak zirela uste dute. Ustezko taldeburuak ihes egin izanak, berriz, eraso gehiago ere egon daitezkeela esan nahi duela dio Poliziak. Bestalde, lehergailuen jatorria ikertzen jarraitzen zuten atzo. Horiek militarrek erabiltzen dituztenak bezalakoak ziren susmoa dute. «Ez dugu baztertzen lehergailuak Txetxeniatik edo Iraketik ekarri izana», azaldu zuen Clarkek.

Al Kaedako ustezko 250 kide zaintzen zituzten segurtasun indarrek, baina horien artean ez zeuden lau ekintzaileak. Hala onartu zuen atzo Londresko poliziaburuak. Polizia Metropolitarreko buru Ian Blairren esanetan, Al Kaeda erakunde bat baino, jokatzeko modu bat da. «Baditu trebatzeko eta adituak lortzeko baliabideak. Hori da hemen gertatu dena, nire ustez». Artean, hildakoak 53 zirela jakinarazi zuen Erresuma Batuko lehen ministroak. Bestalde, ESKE Europako Segurtasun eta Kooperaziorako Erakundea bilduta dago Vienan. «Terrorismoaren aurkako borrokan», giza eskubideak bermatu beharrari buruz ari dira hitz egiten. Haien arabera, legearen esparrutik kanpoko «terrorismoaren aurkako neurriek» segurtasun eza eragin dezakete. Bilera gaur amaituko da.

-

KOMUNITATE MUSULMANA



 

Alaren izenean egindako erasoak salatzeko 'fatua'





Lege izaera duen ebazpen erlijiosoa da fatua. Musulmanek bete egin behar dituzte arau horiek eta, Londresko erasoak direla eta, Erresuma Batuko buruzagi musulmanek halako lege bat onartzea erabaki zuten atzo. Islamaren eta halako erasoen artean inolako harremanik ez dagoela nabarmentzea da fatua-ren helburua. «Islamak errugabeak hiltzea debekatzen du. Ezin da horrelako erasorik egin Alaren izenean», dio ebazpenak. Buruzagi musulmanen arabera, Islama bera da atentatuen biktimetako bat eta halakoak egiten dituztenek ez dute ezagutzen erlijio horren benetako esanahia. Atentatuez geroztik, komunitate musulmanaren aurkako 300 bat eraso izan dira. Horietako batean jatorriz Pakistangoa zen gizon bat hil zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.