Erbestetik itzuli nahi duela dio Jean Bertrand Aristide Haitiko presidente ohiak

«Herritar soil gisa» bueltatu nahi duela adierazi du, herrialdeari hezkuntza arloan laguntza emateko

mikel rodriguez
2011ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Jean Claude Duvalier diktadorea itzuli eta hiru egunera, Jean Bertrand Aristide presidente ohiak ere Haitira itzuli nahi duela adierazi du. «Herritar soil gisa» bueltatu nahi duela dio, herritarrak hezkuntzaren arloan «zerbitzatzeko». Aristide gaur egun Hegoafrikan dago erbesteratuta, baina sorterrira berehala itzultzeko «prest» dagoela jakinarazi du.

Aristide (Port Salut, 1953) Haitiren historian hauteskundeen bidez aukeratutako lehenbiziko presidentea izan zen. Duvalierren diktadurapean (1971-1986) eta militarrek kontrolatutako ondorengo trantsizio aldian demokraziaren aldeko ekintzailea izan zen. Apaiz jardun zuen, eta Duvalierren aurkako sermoia egiteagatik hiru urterako erbesteratu zuten. 1988an, paramilitarrek eliza erre zioten —hamahiru lagun hil ziren—. Bi agintaldi egin zituen Aristidek: 1991-1996 eta 2001-2004. 1991n, militarrek haren aurkako estatu kolpea eman zuten, baina nazioarteko presioari esker 1994an presidentetza berreskuratu eta agintaldia bukatu zuen. Bigarren agintaldia, berriz, 2004ko altxamenduarekin bukatu zen.

Aristide eta haren hurbilekoek AEB Ameriketako Estatu Batuei egotzi zieten altxamenduaren sustatzaile izatea. Hain zuzen ere, Aristiden asmoen berri jakinda, haren balizko itzulerarekin ezkor agertu dira AEBak. Estatu Departamentuko idazkari Philip Crowleyk adierazi duenez, «Haitik behar duena lasaitasuna da, ez ekintza zatitzailerik, Gobernu berria eratzeko lana oztopatu dezaketenak». Aristiden abokatu Ira Kurzbanek, berriz, jakinarazi du presidente ohiak ez duela pasaporterik, eta Haitira itzultzeko, AEBetako eta Hegoafrikako gobernuen laguntza beharrezkoa duela ohartarazi du.

Duvalier epaitzeko eskaerak

«Duvalierren itzulera onartu badute, bozen bidez hautatutako presidente bati ezin zaio sarrera debekatu», erran du Kurzbanek. Hain zuzen ere, Duvalier itzuli denetik, hura epai dezaten eskatzen duten ahotsak gero eta gehiago dira. GARR Errefuxiatu eta Aberriratuentzako Laguntza Taldeak diktadorearen aurkako neurriak eskatu ditu, Haitiko langileak «esklabo gisa saltzeagatik» Dominikar Errepublikan, hango azukre kañabera landaketetan aritzeko. «Justizia eta ordaina» aldarrikatu ditu GAARek. Sonia Pierre haitiar jatorridun ekintzaileak, berriz, nazioarteari laguntza eskatu dio Duvalierri epaiketa egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.