Katalunia

ERC prest agertu da akordioaren epemuga luzatzeko, JxCrekin bildu aurretik

Lledonerseko espetxean elkartuko dira bi alderdietako ordezkariak bihar, gobernuaren osaketaz hitz egiteko. Hilaren 26rako inbestitu beharko dute presidente berria.

Pere Aragones ERCren presidentegaia eta Jordi Sanchez JxCko idazkari nagusia. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Julen Aperribai.
2021eko apirilaren 26a
18:21
Entzun

Gobernu akordioa lortzeko aste erabakigarria izan behar duena hasi dute gaur ERC Esquerra Republicana de Catalunyak eta JxC Junts per Catalunyak. Bi alderdietako talde negoziatzaileak Lledoners espetxean bilduko dira bihar, Generalitatearen diseinuaz hitz egiteko. Kontseilaritzen eta idazkaritza nagusien inguruko elkarrizketak izatea espero da, bi alderdietako iturriek aitortu baitute aurrerapausoak izan direla aurreko asteetan eztabaidagai izan diren auzietan. Prozesu independentistari abiada emateko bide orriarekin ez da gertatu halakorik, ordea, eta, zenbait hedabidek zabaldu dutenez, gai zerrendako azken puntua izango da datozen bilkuretan.

Bi aldeek oso garrantzitsutzat jo dute biharko hitzordua, baina, negoziazioetarako tentsioa baretzetik urrun, mokoka hasi dute aste erabakigarria. ERCk maiatzaren 1era arteko epea ezarri zuen akordioa lortzeko, eta Pere Aragones presidentegaiak epe horren inguruko ohartarazpena egin zion atzo JxCri. Egun horretarako ados jartzea lortu ezean, «beste bide batzuk» aztertzeko prest daudela azaldu zuen, Ara egunkariari emandako elkarrizketa batean. Ohartarazpen horri beste batekin erantzun dio gaur Elsa Artadi JxCko bozeramaileak. «Akordio on bat» erdietsi ezean, bere alderdia gobernutik kanpo geratuko dela esan du. Gainera, edozein «ultimatum» alboratu du Artadik, argudiatuz ERCrekin izan dituzten elkarrizketetan ez dutela epemugaren inguruko inolako argibiderik jaso.

Negoziazioen barneko ohiko hitzordutzat jo du Artadik biharkoa, eta zehaztu du balioko duela ERCk JXCri azaltzeko gobernuaren osaketa nolakoa izatea nahi duen: «Hamar egun daramatzagu horren inguruan galdezka, eta orain arte ez dugu erantzunik jaso».

Aurreko egunean Aragonesek esandakoak ñabartu egin ditu Sergi Sabria haren alderdikide eta parlamentariak, Artadiren agerraldiaren ostean. Aragonesek egin moduan, Sabriak ere hizpide izan ditu «beste bideak», baina, edozein kasutan, esan du bide horiek JxC kontuan hartuko dutela, eta JxCko diputatuen botoekin inbestitutako gobernu baten aukera iradoki. Edonola ere, lehentasuna beste bat dela azaldu du: «Prest geundeke JxCrekin gobernatzeko eta koalizioa osatzeko edozein momentutan; beharrezkoa balitz, baita aurrerago ere».

Sabriak adierazi du ERCren xedea negoziazioek aste honetan bertan emaitzak ematea dela, eta horren beharra nabarmendu du: «Zazpi hilabete dira jarduneko presidentea daukagula. Herrialdeak ezin du gehiago itxaron, eta gobernu bat behar du». Zentzu horretan, esan du «oso larria» izango litzatekeela inork bere alderdiaren interesak herrialdearenen aurretik jartzea.

Lehenengoz, karguez

Otsailaren 14ko hauteskundeez geroztik, bi alderdiek Generalitatearen osaketaz dokumentuak trukatuko dituzten lehen aldia izango da biharkoa, Nacio Digital agerkari digitalak aurreratu zuenez. Aragonesek eta Jordi Sanchez JxCko idazkari nagusiak gidatuko dute bilera. Zenbait hedabidek bereziki nabarmendu dute azken horren rola negoziazioetan, eta bilera hura preso dagoen espetxean —fiskaltzak hirugarren gradua kendu zion martxoan— egitearen arrazoitzat ere hori jotzen dute.

Hamahiru kontseilaritzaren jabe da egun gobernua: ERCk zazpi ditu, eta JxCk, sei. Horien banaketak elkarrizketak askorik ez trabatzea aurreikusten da, nahiz eta horietako batzuetan badiren desadostasunak: Ekonomiakoan, besteak beste. Jakintzat jotzen da Elsa Artadik hartuko duela kargua. Horrek erabakimen handiagoa emango lioke JxCri Europako funtsen inguruan, eta negoziazioen hasieratik lehentasuna izan da hori alderdi horrentzat. Aragonesek, ordea, gai horren inguruko batzorde zehatz bat sortu nahi du, eta Presidentetza kontseilariak gidatzea. Kargu horretarako Laura Vilagra du buruan, zeina iragan bozetan ERCko zerrendako bigarrena izan baitzen. Beste hiru kontseilaritza sortzeko asmoa ere agertu izan du Aragonesek: Unibertsitateak eta Ikerketa, Ekintza Klimatikoa eta Feminismoak.

Negoziazioak bost gairen inguruan ardaztu zituen ERCk: estrategia independentista, parlamentuaren subiranotasuna, gobernuaren lehentasunak, karguen banaketa eta gobernukideen koordinaziorako guneak. Azken puntu horretan soilik lortu dute adostasuna oraingoz. Hilabete izango dute gainerako puntuetan ere ados jartzeko, edo, behinik behin, legealdia martxan jartzeko gutxienekoak zehazteko, maiatzaren 26rako inbestitu beharko baitute presidentea, hauteskundeak berriz egin beharrik ez izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.