ERCk eta JxCk amnistia legea blindatu nahi dute

Kataluniako alderdi subiranistek zuzenketak aurkeztu dizkiote amnistia legeari. Espainiako Kongresuko justizia batzordeko abokatuek ohartarazi dute «konstituzioaren aurkakoa» izan daitekeela lege proposamena.

(ID_13169144) ESPAÑA DIADA CATALUÑA
Hainbat manifestari 2023ko Diadan, iazko irailean, Bartzelonan. ENRIC FONTCUBERTA/EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko urtarrilaren 17a
16:15
Entzun

PSOEk amnistia legegaiaren lehen testua aurkeztu zuen egunetik, argi geratu zen ez zela behin betikoa izango. Eskuinak zein ezkerrak testuaren aurkako iritziak plazaratu izan dituzte azken hilabeteetan. Atzo amaitu zen lege proposamenari zuzenketak aurkezteko epea Espainiako Kongresuan, eta lau bloketan aurkeztu dituzte: lehenik, PSOEk, Sumarrek, ERC Esquerra Republicanak, EH Bilduk eta BNG Bloke Nazionalista Galiziarrak; bigarrenik, ERCk bere kabuz; hirugarrenik, JxC Junts Per Catalunyak; eta laugarrenik, PP Alderdi Popularrak. Zeresana eman du Kataluniako indar subiranistak bakoitza bere aldetik joan izanak. Mota guztietako helegiteak aurkeztu dituzte, legearen «funtsezko alderdiak» jorratzen ez dituztenak batzuk, testu osoari dagozkionak bestetzuk; baina bi alderdiek argi utzi dute legea blindatu nahi dutela. Bihar bilduko da Kongresuko justizia batzordea lege proposamena eta zuzenketak aztertzeko.

Lehen blokeari dagokionez, bi dira zuzenketen ildo nagusiak. Alde batetik, «argi uztea» amnistia legearen proposamenak Kataluniako independentzia prozesuko ekintzengatik zigortutakoei soilik eragingo diela; horren barruan sartuko lirateke, zuzenketak onartuz gero, hedabideetan, Interneten, sare sozialetan eta hezkuntzan egindakoak. Nazioarteko komunitatearen aurkako delituak —genozidioa, esaterako— barkatzea «ezinezkoa» izatea nahi dute bost alderdiek. TV3 telebista kateari egindako adierazpenetan, Ernest Urtasun Sumarreko bozeramaileak «arduratsu jokatzeko» eskatu die politikariei, «herritar asko amnistia legea onartzea espero baitute».

ERCk, gainera, beste lau helegite aurkeztu ditu bere kabuz. Xede nagusia zera da, amnistia legean aintzat hartzea justiziak «terrorismoagatik» epaitutakoak: CDR Errepublikaren defentsarako batzordeen eta Tsunami Demokratikoaren kasuak, batez ere. Horren eraginez, azaroan PSOEk eta Kataluniako bi alderdi subiranista nagusiek hitzartutako testuan aurreikusi dute hirurehundik gora independentistari beste hamaika gehitu ahalko zaizkiola barkamen orokorrean. Gainera, Kataluniako Gobernuak mozal legearen eraginez jarritako isunak itzultzea jaso dute zuzenketetan.

PPk hogei zuzenketa

PP da alderdi bakarra amnistia legegaia erretiratzea nahi duena, eta hark ere aurkeztu ditu zuzenketak; guztira, hogei: hamasei artikuluen, bi xedapen gehigarrien eta amaierako xedapenaren aurkako zuzenketak aurkeztu ditu. PPk esan du hilaren 10ean amnistia legearen aurkako osoko zuzenketan baliatu zituen argudio berak txertatu dituela —zuzenketa hura atzera bota zuen Espainiako Kongresuko gehiengoak—.

Kongresuko justizia batzordeko abokatuek amnistia legeaz duten kezka adierazi dute. Alderdi politikoei hilaren 10ean helarazi zieten txostenean, ohartarazi dute legeak «lekurik izango ez ote duen» konstituzioaren lege esparruan. Adierazi dute «EBko [Europako Batasuneko] legediaren eta epaileen lanen aurka» egin dezakeela, Espainiako Konstituzioaren aurka egiteaz gain. Gaineratu dute «aldaketa konstituzional baten bitartez» onartu beharko litzatekeela legea.

Txostenean, hiru arrazoi nagusi ekarri dituzte hizpidera legearen «inkonstituzionaltasuna» argudiatzeko. uste dute amnistia ematea ez dagoela Espainiako Kongresuaren eskumenen artean: «Amnistia ez da ageri ez [Parlamentuaren egitekoak eta eskubideak azaltzen dituen] Konstituzioaren 66.2. artikuluan, ez beste inon ere».

Konstituzioak espresuki «barkamen orokorrak» galarazten dituela esan dute. Azkenik, esan dute amnistia konstituzioan jasotzearen aurka agertu zirela 1978ko eztabaida konstituzionaletan, garai hartan aurkeztutako bi neurriren aurkako jarrera adierazi baitzen. Azken arrazoi horrek egiten du PSOEren argudio nagusietako bat: 1977ko amnistia orokorra 1978an onartutako «akordio konstituzionalaren» parte dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.