Zentsura mozioa

ERCk eta PDeCatek zentsura mozioa babestuko dute "Rajoyren aldia" amaitzeko

ERCk nabarmendu du Sanchezi emango dioten baiezkoa Rajoyrentzako ezezkoa dela. PDeCatek adierazi du bere zortzi diputatuek Sanchez presidente izendatzearen alde bozkatuko dutela, "desadostasunetik".

Joan Tarda ERCren Kongresuko bozeramailea, gaur, PSOEren zentsura mozioaren eztabaidan. ZIPI, EFE
2018ko maiatzaren 31
07:12
Entzun

Joan Tarda ERCko bozeramaileak gogora ekarri du 1994an PPko Jose Maria Aznarrek ustelkeria kasuengatik eskatu ziola PSOEko Felipe Gonzalezi gobernua uzteko. 24 urte ondoren, Rajoy ustelkeria kontuengatik gobernutik kentzeak forgatzen du, Tardaren esanetan, ustelkeria "78ko erregimen monarkikoan errotuta" dagoela.

Ustelkeriaren hedatzea agintari politikoen zigorgabetasunarekin lotu du Tardak, eta zigorgabetasunarekin lotu du Espainiak Kataluniako auzian izan duen jarrera. "Zuek ez duzue negoziatu. Zuek harrokeriaren bunkerrean, gehiengoak gutxiengoari eginiko abusuan".

Tardak Sanchezi elkarrizketa eskatu dio, eta erabakitzera deitu du "estatu politikaria" izan nahi duen ala auziari erreparatu gabe gobernatu nahi duen.

Sanchezek Tardari erantzun dio Kataluniako auziari irtenbidea emateko "blokeen dinamika" gainditu behar dela. Horretarako, "kataluniarrek onartu zuten estatutua" eta "espainiarrek onartu zuten konstituzioa" ezarri ditu elkarrizketarako esparru. Sanchezen esanetan, bi oinarri horietan bilatu beharko lirateke "Espainia den proiektu komunean elkarbizitzeko eta elkarrizketarako adostasun puntuak".

Carles Campuzano PDeCateko diputatuak jakinarazi du bere alderdiak PSOEk aurkeztutako zentsura mozioa babestuko duela. Campuzanok Sanchezi eskatu dio "giro politikoa eta soziala" aztertu ditzala. PDeCateko bozeramaileak ohartarazi du ezin dela "Kataluniaren kontra" bozkatu, hala egiten duenak konfiantza galtzen duelako.

Campuzanok Sanchezi galdegin dio gauzak "erraz" ez jartzeko "tentsio politikoan bakarrik bizitzen dakitenei", Ciudadanosi erreferentzia eginez.

Sanchezek "elkarrizketa eta akordioa" eskaini dizkio PDeCati Kataluniako auziari "konponbide politikoa" emateko. Sanchezek Kataluniarrek adostu zuten autonomia estatutuaren indargabetzean kokatu du Kataluniako gatazkaren jatorria. Haren esanetan, beharrezkoa da estatuko zenbait lurralderen "identitatea" eta "nazio sentimendua" Espainiaren lurralde batasunarekin uztartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.