ERCk Junqueras buru duen zerrenda bat aurkeztu du

Gainerako taldeei "elkarlana" eskaini die ERCk, abenduaren 21eko bozetara begira.

jarraia146896.jpg
2017ko azaroaren 11
08:32
Entzun

Marta Rovira idazkari nagusiak eman du behin-behineko zerrendaren berri: Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordea izango da ERCko zerrendan lehena, eta giltzapean dauden gainerako kontseilariak haren atzetik.

Alderdiko Batzorde Nazionalaren bilera izan dute gaur, eta Rovirak hitz egin du han. "Kataluniako errepublika defendatzeko" gainerako zerrenda independentistekin erabateko "koordinazioa eta elkarlana" edukitzeko prest dagoela jakinarazi du. Kataluniako instituzioan bertako herritarrei itzultzeko helburua dute.

Ez du argi adierazi ezetz esaten diotenik zerrenda bateratua osatzeko atzo aurkeztu zuten herri ekinaldiari, baina ez dirudi asmo horiei jarraitzen dienik. Nolanahi ere, "fronte zabala" egitea dutela xede esan du Rovirak: "Hautagaitza irekia da, askatasuna eta demokrazia berreskuratzeko fronte zabala egiteko eta errepublika eraikitzeko konpromisoa duena".

Behin betiko zerrenda ostiralean aurkeztuko dute. Carme Forcadell Kataluniako Legebiltzarreko Mahaiko presidenteari, esate baterako, zerrendaren laugarren tokia gorde diote, baina hark erabakiko du aurkeztu nahi duen edo ez.

Mahai bereko kide izan eta Forcadell bezala herenegun Espainiako Auzitegi Gorenera deklaratzera joan zen Anna Simok, adibidez, jakinarazi du ez dela zerrendan joango. Aukera eman diotelako eskertuta agertu da, eta baita bere erabaki pertsonala errespetatu dutelako ere.

Colauk herritarrak bakarrik uztea egotzi dio Generalitateari

Gogor hitz egin du Ada Colau Bartzelonako alkateak giltzapean eta espetxean dauden Generalitateko kideen kontra. Bete ezin zena hitzematea egotzi die, eta, gero, herritarrak bakarrik uztea. "Eman ezazue aurpegia", esan die. "Herri hau hondamenera eraman dute", gaineratu du. Hala ere, haiek libre uzteko eskatu du.

Catalunya en Comuko kideek batzarra egin dute gaur, eta abenduaren 21eko bozetara Podem Catalunyarekin batera aurkeztuko direla jakinarazi dute. Xavier Domenech, Elisenda Alamany eta Jessica Albiach izango dira zerrendaburuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.