Katalunia

ERCren zuzendaritza talde berria aukeratuko dute gaur

Joan Puigcercosek eta Joan Ridaok aurkeztutako hautagaitza da faboritoa. Josep Lluis Carod Rovira egungo presidentea ez da berriro aurkezten. 10.000 militanteen botoen bidez aukeratuko dute, eta eguerdiko ordubatean %35,4k zuten emana botoa.

2008ko ekainaren 7a
18:44
Entzun
Marta Carrera

Bartzelona

Duela lau urte independentziara doan autobus batekin konparatu zuen alderdiaren egoera ERC Esquerra Republicana de Catalunyako kontseilari batek. Hiruko lehen gobernua zen, eta barne tentsioak oraindik etxean azaltzen zituzten. Autobus metaforikoa -zioen buruzagiak- erosotasuna irabaziz joan zen ERCk kontrola hartzen zuen heinean. Bolantean eroso zihoazen Josep Lluis Carod-Rovira eta Joan Puigcercos; beti elkarri uzkur begira joan arren, lasai samar gidatzea lortu zuten. Eserlekuetan kargudun errepublikanoak goxo zihoazen, baina -eta hor dago kontseilariaren kontakizunaren grazia- kanpoan jendetza pilatzen zen, eta, ibilbide luzeaz nekaturik, eserlekuaz gozatzeko bere eskubidea exijitzen zuen.

Lau urte geroago, autobusa bidean da, ttirriki-ttarraka oztopoak gaindituz. Alegiazko gidariek azkenean jokoa bertan behera utzi dute, eta eserlekuetakoek hartu dute zalditeriaren bandera.

Konparaketak azaltzen du zer gertatu den ERCn. Azken hamar urteetan, alderdiak bake tentsua izan du, 1997an Pilar Raholak eta Angel Colomek eragin zuten krisiaren ondoren. Haiek Partit per la Independencia sortu zuten, gutxi iraungo zuena.

ERC hazi egin da ordudanik, alde guztietatik. Militanteak irabazi ditu, hauteskunde pisua eta botere kuota, eta aldetik kendu du ameslari eta inozoen alderdiaren irudia. Baina Kataluniako Generalitatearen alfonbra zapaltzeak -lehen aldiz 2003an, Pasqual Maragall sozialistaren eskutik- beste bide batetik zera ekarri du: hamarkada batez estalita zeuden tentsio eta erresuminak plazara agertzea. Eta, maiz, gehiago ikusi izan dira vaudeville ikuskizun bat bezala, alderdi politiko baten ezadostasunak baino. Eta horrek garesti ordainarazi die.

Trumoien kutxa azken hauteskunde zikloan izandako boto galerarekin ireki zen, eta militantziaren arteko ezinegonean islatu da. ERCk Gobernuan ildo nazionalagoa markatzeko exijitzen du militantziak. Halaber, ERCko presidente Josep Lluis Carod-Roviraren eta bere idazkari nagusi Joan Puigcercosen arteko meniaren hausturan islatu da. Puigcercosek onartzen du bien arteko tartea gehiago dagokiela ezadostasun pertsonalei alderdirako ikuspegi eta estrategia ezberdinei baino.

Hainbesteraino iritsi dira ezadostasunak ezen TV3ko satira politikako saioan, Polonia-n, nekatu arte egin dituztela haien gaineko gag-ak, biak elkarri hamaika bihurrikeria egiten ageri direla.

LAU HAUTAGAITZA LEHIAN. Iragan martxoan alderdiaren zuzendaritzan segitzeari uko egin zion Carod-Rovirak, eta iragarri zuen ez zuela bere burua berriz aurkeztuko. Martxoaren 9ko hauteskundeetako porrotaren biharamunean, Puigcercos Gobernutik atera zen, ekainaren 14 tik 15erako kongresua prestatzeko. Bien arteko zatiketa nabarmenagoa egin zen.

Kongresuko hitzorduan, duela bost urteko alderdi itxaropen sortzailea berriz izateko formula aurkitzen saiatuko dira errepublikanoak. Astebete lehenago, gaur, bere tradizio asanblearioari leial jarraiki, ERCko 10.400 militanteek presidente eta idazkari nagusi berriak hautatuko dituzte, lau hautagaitza lehiatuko diren hauteskunde primarioetan.

Larunbat handi honen garrantzia honetan datza: alderdiaren etorkizuna datozen lau urteetarako jokatzeaz gain, hiruko gobernuaren geroa ere jokoan izango da. Barne mailan, bozketatik presidentea eta idazkari nagusia hautagaitza ezberdinetatik ateraz gero, horrek zaildu dezake alderdiaren eguneroko kudeatzea eta familia politiko ezberdinen uztartzea.

Aldez aurretik Joan Puigcercos-Joan Ridao bikotea (Gent d'Esquerra siglekin) da faboritoa, baina ERCn gauza jakina da militantziak hitz egiten duenean aparatuak dar-dar egiten duela. Gogoratzea besterik ez dago agintariek nola aldatu behar izan zuten beren hasierako jarrera Estatutuaren erreferendumean, tokiko biltzarrek ezarritako ezezko biribilaren ondotik.

Hautagaitza guztietatik soilik Joan Carreteroren eta Rut Carandellen Reagrupament.catek auzitan jartzen du ea merezi duen ERCk Espainiarekiko eta alderdi sozialistarekiko otzan segitzea. Carretero, Puigcercosen konfiantzazko gizon ohia, gauzak argi esateagatik ezagutu dugu beti. 2006an, Pasqual Maragallek bere kabinetetik kendu egin zuen, Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterori «demagogo espainola» deitzeagatik. Kontseilari izateari utzitakoan, Pirinioan berriz mediku jardun zuen, eta handik kritika basak jaurtitzen zituen ERCren «koherentzia faltaren» eta hirukoaren kudeaketaren kontra.

Halere, Esquerrako presidente izateko hautagaiak ohartarazi du irabaziz gero ez duela Gobernua egunetik gauera dinamitatzeko asmorik; hori bai, ituna berriz aztertu egin beharko dute. Hori dela eta, PSC Kataluniako Alderdi Sozialistak eta CiU Convergencia i Uniok interes handiarekin jarraituko dituzte gaurko emaitzak. Lehenak, Carretero buruzagi errepublikano bada hirukoa epe motzean arriskuan egon daitekeelako, eta bigarrenak, akordioa erraztuko liekeelako.

EZEGONKORTASUNA UXATU NAHIRIK. Baina gainerako lehiakideak ez daude horretarako prest. Gent d'Esquerra, ERC Futurek (Parlamentuko presidente Ernest Benachen eta Rafael Niuboren bikotea) eta Esquerra Independentistak (Jaume Renyer eta Uriel Bertran) berretsi egiten dute ezkerreko hirukoak segituko duela. Halere, Esquerra Independentistak ituna berriz negoziatu nahi du, errepublikanoei botere gehiago emateko.

Lau hautagaitzek gauza bat argi dute: ERCk ezin du berriz Gobernuaren ezegonkortasun eragilea izan; Maragall buru zuen hirukoan halako irudia eman zuen. Hori dela eta, hautagaiek diote ez dela arrazoirik gabe hausturarik izango. Gaur egun inkestak ez dira oso baikorrak independentisten interesetarako.

Baina badaude, egon, ituna estualdian jar ditzaketen kanpoko arrazoiak. Hirukoak segituz gero, finantzazio sistema berriaren inguruko negoziazioak -Espainiako Gobernuarekin- edota Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpena izango dira proba erabakigarriak. Hamabi epaileek Estatutuaren irakurketa murriztailea egiten badute, eta hizkuntzarena edota nazio kontzeptuarena bezalako puntu sinbolikoak murrizten badituzte, inork ez daki ziur zer egingo duten kontseilari errepublikanoek.

Batzuk, Carretero kasu, sozialistekiko ituna bukatutzat ematearen alde daude. Izan ere, jakitun dira zer-nolako prezioa ordaindu beharko luketen Generalitatea eta presidentea jasateagatik, inork ez baititu hauek ikusten jokoa bertan behera uzteko gai, Auzitegi Konstituzionalaren ezezkoa gertatzen bada edota kontuak oso kaskarrak badira. Beste aukera legegintzaldia bukatu arte jarraitu, eta independentisten lana ikusarazteko lan egitea litzateke.

ERCren etorkizunean beste galdera batzuk daude: 2014a, Carodek autodeterminazio erreferendumerako proposatu duen urtea, zuzendaritzak gogoz kontra onartua; bestetik, Generalitaterako hautagaia zein izango den argitzea. Carodek eta Puigcercosek jada izena eman dute. Batailak segitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.