Pobrezia

Erditzean, haurdun bat edo ume bat hiltzen da munduan 11 segundoero

Azken hamarkadetan egoerak hobera egin duen arren, oso larria da oraindik Saharaz hegoaldeko Afrikan eta Asia hegoaldean.

Emakume bat eta haur bat Zimbabwen, artxiboko irudi batean. AARON UFUMELI / EFE
Paulo Ostolaza.
2019ko irailaren 20a
14:26
Entzun

"Osasun zerbitzu seguru, eskuragarri eta kalitatezkoak eskaintzen dituzten herrialdeetan, emakumeek eta haurrek bizirik irauten dute, eta aurrera ateratzen dira". Tedros Adhanom Ghebreyesusen hitzak dira, OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari orokorrarenak, eta agerian utzi dute herrialdeen arteko aldea: erditzeak osasun arazo larriak eragin ditzake arretarako baliabiderik gabeko inguruetan.

Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak eta OMEk argitaratu dituzten datuen arabera, 2018an 15 urtetik beherako 6,2 milioi haur hil ziren, eta, 2017an, 290.000 emakumek bizia galdu zuten haurdunaldian edo erditzean izandako arazoak medio. Hildako haur horietatik 5,3 milioi lehen bost urteetan zendu ziren, eta horietatik ia erdiak, bizialdiko lehen hilabetean. Gauzak hala, urtero 2,8 milioi emakume haurdun eta haur jaioberri hiltzen direla kalkulatu dute, bat 11 segundoero, eta, nagusiki, saihestu daitezkeen arrazoien ondorioz.

Haurdunen eta haur jaioberrien errealitateak ez du zer ikusirik ekonomia garatuak dituzten herrialdeetan eta Saharaz hegoaldeko Afrikan, adibidez. Tamalgarriak dira zenbakiak eskualde horretan: 2018an, han jaio ziren hamahiru haurretik bat 5 urte bete aurretik hil zen; Europan baino hamar aldiz gehiago. Haur bat izatekotan dauden edo izan berri dute amen datuetan, oraindik eta nabarmenagoak dira ezberdintasunak. Emakume horien artean, 37tik bat hiltzen da; Europan, berriz, 6.500etik bat hiltzen da, 50 aldiz gutxiago. Munduan hiltzen diren haurdunen eta umeen %80 Saharaz hegoaldeko Afrikan eta Asiako hegoaldean bizi dira.

Datuak, hobera

Egiari zor, egoerak asko egin du hobera azken hamarkadetan munduan. Amek eta haurrek inoiz baino gehiago irauten dute bizirik: 2000. urtetik, haurren heriotzak ia erdira jaitsi dira, eta amenak, berriz, heren bat baino gehiago murriztu dira. Asiako zenbait herrialdetan —Bangladeshen, Kanbodian eta Mongolian, adibidez– heriotzak %80 txikitu dira. NBEren arabera, arrakasta hori herrialde horietako borondate politikoari esker gertatu da, medikuak prestatuz, doako zerbitzuak eskainiz eta familia plangintzak bultzatuz.

UNICEFeko Henrietta Foterentzat, "tristea" da errealitate hori: "11 segundoero, jaiotza zoriontsu bat izan beharko lukeena tragedia bilakatzen da familiaren batentzat". Foteren arabera, hori saihesteko, "nahikoa da laguntza emateko pare bat esku treberekin, betiere ur garbia, elikadura egokia, eta oinarrizko sendagai eta txertoak eskura baditu; hiltzearen edo bizitzearen arteko tartea izan daitezke".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.