Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak lehenbiziko aldiz bisitatu du Diyarbakir, Turkiaren menpeko Kurdistango hiri nagusia (Amed, kurdueraz). PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin hasitako bake prozesua "indartzeko" egin du bisita. "Ikusiko dugu Turkia bat, non mendietan daudenak jaitsiko diren, espetxeak hustuko diren eta 76 milioiak [Turkiako herritarrak] bakarra bihurtuko diren", adierazi du lehen ministroak, Hurriyet egunkariak bildutakoaren arabera. Kurdistango Eskualde Autonomoko presidente Massud Barzanik ere bake prozesuaren alde egiteko eskatu die "neba-arreba kurduei eta turkiarrei".
Barzanirena ere goi-agintari kurdu baten lehenbiziko bisita izan da Diyarbakirren. Erdogani eta Barzaniri harrera egin dieten ordezkari politikoen artean izan dira BDP Bakea eta Demokrazia Alderdiko diputatu batzuk ere. BDPk, baina, mesfidantza agertua zuen bisitarekin. "Erbildik [Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoko hiriburutik] Amedera Barzaniren etxea da", adierazi du Selahattin Demirtas BDPko buruzagiak Paristik. "Eta Barzanik esperientzia nahikoa badu AKPren hauteskunde kanpainarako tresna bat ez bihurtzeko".
Izan ere, heldu den martxoan probintzietako hauteskundeak dira Turkian, eta hainbat alderdik bisita horrekin kurduen artean irudia hobetu eta botoak bilatzea leporatu diote Erdogani. "Kurdistango herriaren asmoak ongi interpretatu beharko lituzke Barzanik", ohartarazi dio DTK Gizarte Demokratikorako Biltzarreko presidente Ahmet Turkek. "Zenbaitek Barzani hurrengo hauteskundeengatik gonbidatu izanen dute, eta espero dut ohartu izanen dela".
Kurdistango Eskualde Autonomoko oposizioko alderdi nagusiak ere, Gorranek, Barzaniren bisita kritikatu du, Turkian agintea duen AKP Justizia eta Garapena Alderdiarentzat "publizitate ona" delakoan, eta Ankararen eta PKKren arteko bake prozesua "zaildu" dezakeelakoan.
Azken egunetan eztabaida sutsuen erdigunean izan da Barzani, Siriaren menpeko Kurdistanen aldarrikatu duten trantsiziorako gobernua baztertu eta kritikatu baitu. Turkiarekin bat etorri da horretan. Siriako kurduen PYD Batasun Demokratikoaren Alderdia izan dute biek jomugan. PKKren hurbilekoa da PYD.