Presidentetzarako bozak Turkian

Erdoganek irabazi ditu Turkiako hauteskundeak

Botoen %51,8 eskuratu ditu orain arte lehen ministro izan denak, eta Ekmeleddin Ihsanoglu geratu da bigarren, botoen %38,5ekin. Presidentetzari botere gehiago emateko baliatuko du Erdoganek agintaldia.

Recep Tayyip Erdogan, presidentetzarako bozak irabazi berritan, atzo, Ankaran. STR / EFE
2014ko abuztuaren 11
07:44
Entzun

Ez du boterea alde batera uzteko asmorik. Ez, behintzat, berehalakoan. Hala, Turkiako presidentetzarako bozak irabazi izana garaipen pertsonala ere bada Recep Tayyip Erdogan estatuburu aukeratu berriarentzat.

Hauteskunde Batzordeak baztertu egin du bigarren itzulia egitea, eta, datu ofizialen arabera, botoen %51,8 bereganatu ditu orain arteko lehen ministroak, ia hogei punturen aldea kenduz bigarren hautagaiari. Horri esker, 2023ra arte agintean jarraitzeko ametsa egia bilakatu ahalko du buruzagi turkiarrak.

Badu, hala ere, gainditu beharreko beste oztopo bat bidean. Izan ere, presidenteari eskumen gehiago ematea da Erdoganen asmoa, eta, horretarako, gehiengoa behar du legebiltzarrean. Beraz, bere taldeak, Justizia eta Garapenaren Alderdiak, alde handiarekin irabazi beharko lituzke datorren urtean parlamenturako egitekoak dituzten bozak.

Baina, oraingoz, presidente berria gustura dago lortutakoarekin. "Eskerrak ematen dizkiet bozkatu duten guztiei; ez du axola nire alde egin duten edo besteren baten alde. Estatu honetako herritar guztiak, izan musulmanak, kristauak, kurduak, sunitak, armeniarrak edo greziarrak, denak gara Turkiako herritarrak. Horrek esan nahi du batasuna behar dugula aniztasunaren barruan", nabarmendu du Erdoganek, eta "aro berri baten hasiera" ere iragarri du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.