Libia

Erdoganek ohartarazi du prest dagoela Turkiako armada Libiara bidaltzeko

Parlamentuaren onespena jaso aurretik, Tripolik ofizialki eskatu behar dio laguntza Ankarari. Oposizioko indarrei laguntzeko mertzenarioak bidaltzea egotzi diote Errusiari

Recep Tayyip Erdogan, Suitzan, errefeuxiatuei buruzko goi bileran. EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko abenduaren 26a
19:40
Entzun

Abendu hasieran bi puntuko akordioa adostu zuten Libiako eta Turkiako gobernuek. Bi puntu horietatik lehena merkataritza harremanei zegokion, zehazki, bi herrialdeen itsas eremu ekonomiko esklusiboa marrazten zuen. Bigarrena, berriz, laguntza militarrari. Haren arabera, Turkia konprometitzen zen Libiari laguntza militarra ematera.  

Recep Tayyip Erdogan presidenteak iragarri du esku-hartze militarrerako lehen urratsa urtarrilean egingo dutela, Parlamentuari misioa baimentzeko eskatuz. «Gonbidapen bat egin digute eta guk onartu egingo dugu. Tropak bidaltzeko legeari buruzko eztabaida Parlamentua lanean hasi bezain laster egingo dugu», esan du estatuburuak. Handik ordu gutxira erantzun dio Libiako Barne ministro Fathi Bashagak, gogoraraziz gaur-gaurkoz Tripolik ez duela laguntzarik eskatu, baina egoerak okerrera egiten badu euren esku dagoen guztia egingo dutela «hiriburua eta herritarrak defendatzeko».

Tunisian bildu dira bi aldeak, balizko bake akordio baten aukeraz hitz egiteko. Hainbat astez Ankarak mahai gainean izan du Libian esku-hartzeko aukera, Baina Siria ipar-ekialdean kurduen aurka hasitako operazio militarrak atzeratu egin ditu haren asmoak. Hala ere, aurrez bidali izan du laguntza militarra, Nazio Batuen Erakundeak arma bahimenduari entzungor eginez.

Mertzenarioak

Errusiak ez du begi onez ikusi Ankararen iragarpena. Izan ere, Turkiak eta Qatarrek ez bezala, Libiako Armada Nazionaleko buru Khalifa Haftar babesten du hark, Arabiar Emirerri Batuekin, Saudi Arabiarekin eta Egiptorekin batera. Kremlineko eledun Dimitri Peskovek ohartarazi du beste esku-hartze militar batek egoera are gehiago okertuko lukeela, eta gogorarazi hori bera gertatu zela Muammar Gaddafi kargugabetu zutenean ere. «Hura kargutik kendu zutenean, herrialdea atzerriko mertzenarioen eta terroristen esku geratu zen. Libiako sistema oztopatzea helburu duten betiko herrialdeetako betiko buruzagien esku-hartzearen ondorio da guztia».

Erdoganek, ordea, gerra jauntxo bat babestea egotzi die nazioarteak aitortutako buruzagiaren aurka agertu direnei. «Hori da gure arteko aldea. Haiek gaizkile bati laguntzen ari dira, guk herrialdeko gobernu zilegia denari laguntzen diogun artean», esan du estatuburuak. Horrekin nahikoa ez, eta Libiara mertzenarioak bidaltzea ere egotzi dio Moskuri: «Wagner konpainia pribatuko 2.000 kide bidali dituzte hara. Gobernu ofizialak gonbidatu ditu? Ez».

Mertzenarioei buruz galdetuta, ordea, Peskovek ez du inolako azalpenik eman, eta adierazi du «mundu osoko herritarrak» dabiltzala nazioarteko gatazketan mertzenario gisara, eta «ezinezkoa» dela haien guztien «joan-etorria kontrolatzea».

Tripoli hartzeko ahalegina

Joan den apirilaz geroztik Haftarren Libiako Armada Nazionalak gogortu egin ditu Tripoli kontrolatzen duten Akordio Nazionaleko Gobernuaren indarrak garaitzeko ahaleginak. Herrialdea gerra zibil amaigabean murgilduta dago 2011n Gaddafi agintetik kendu zutenetik. 2014az geroztik bitan banatuta dago lurraldea. Nazioarteak onartutako gobernuak agintzen du mendebaldean eta hiriburuan; eta Khalifa Haftarren indarren menpe dago ekialdea, eta bertako petrolio putzuak.

Azken asteetan gogortu egin dira hiriburuaren gaineko kontrola eskuratzeko borrokak, eta adituen esanetan, Turkiaren esku-hartze militar batek gobernu ofizialaren alde okertu dezake balantza. Lekukoen arabera, Haftarren indarrak hiriburura gerturatuz doaz, eta hainbat puntu estrategiko bereganatu dituzte azken asteetan, tartean, kanpaleku militarrak. Horiek hala, Erdoganek Parlamentuaren onespena lortuko balu eta militarrak bidali, Haftarrek zailagoa izango luke Tripoli bereganatzea; beti ere, Errusiak zuzeneko laguntza militarra bidaliko ez balio.

Bien bitartean, Akordio Nazionalerako Gobernuak leporatu dio Europako Batasunari gatazka amaitzeko ezer ez egitea. Bruselak behin baino gehiagotan eskatu izan die bi aldeei elkarrizketak hasteko, baina hori ez da nahikoa Fayez al-Sarraj lehen ministroarentzat. Gainera Frantziari leporatu diote Haftarren indarrei laguntzea. Italiak berak ere baditu interesak Libiako petrolio putzuetan, baina ez bertan esku-

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.