Eredu bakarra guztientzat

Katalana da irakats hizkuntza Kataluniako hezkuntzan. Murgilketaren aurkariek bi hizkuntza ofizialak parekatuko dituen bi eleko eredua ezarri nahi dute.

2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Eskola katalana, hizkuntzan, edukietan eta jarreran». Horrela definitzen dute egun indarrean dagoen hizkuntza murgilketaren sistema Katalunian. Demokrazia ezarri ostean, eskola bilakatu zen diktadura garaiko errepresioak ahuldutako hizkuntza berreskuratzeko oinarrizko espazioa. Hizkuntzen arteko bizikidetzan gaztelania indartsuagoa den artean, katalanaren presentzia eskolan handiagoa izatea defendatzen du murgilketa sistemak.

Auzitegi Gorenaren ebazpenak biltzen du gaztelaniak ere irakats hizkuntza izan behar duela Kataluniako hezkuntza ereduan. Dena den, ez du zehaztu hizkuntza bakoitzak zenbateko presentzia beharko lukeen. Izan ere, katalanari gaztelaniari baino indar gehiago ematea onartzen du ebazpenak, normalizazioa lortu ez bada eta Katalunian gaztelaniaren ezagutza eta erabilera bermatzen badira.

Auzitegi Gorenean helegitea ezarri zuen CCC Kataluniako Elkarbizitza Hiritarrak, hiru familiak ordezkatzen dituen elkarteak, baina eredu berri baten alde egiten du; Two Way Immersion, edo bi eleko eredua. «Ez dugu nahi hizkuntzaren arabera eredu ezberdinak sortzerik, ez behintzat Katalunian, non bi hizkuntza ofizialak oso antzekoak diren», azaldu du Francisco Caja CCCko presidenteak. Hori horrela, bi hizkuntzek curriculumean presentzia bera izatea defendatzen dute, gizartean bakoitzak duen pisua kontuan hartu gabe. Josep Maria Elias i Costa Kataluniako Pedagogoen Elkargoko presidentearen ustez, eredu horrekin gaztelania gailenduko litzateke, «ez dagoelako hizkuntzen arteko simetriarik gizartean». Hori horrela, ikasleak unibertsitatera katalan defizitarekin iritsiko liratekeela aurreikusten du.

Egungo eredua

Gaur egun, haur eskolatzea katalanez egiten dute Kataluniako eskola guztietan, baita idazketaren nahiz irakurketaren ikaskuntza ere. 5 eta 8 urte bitarteko ikasleei gaztelania poliki-poliki erakusten diete. Lehen eta bigarren hezkuntzan, berriz, katalanaren eta gaztelaniaren hizkuntza edukiek presentzia bera dute curriculumean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.