Iragan apirilean Errumanian zentsura mozio baten bidez ezarritako aldaketa politikoak herritarren lehenbiziko bermea lor dezake gaur, Traian Basescu presidente kontserbadorea kargutik kendu edo ez erabakitzeko erreferendumean baiezkoak irabazten badu. Duela bortz urte ere kinka berean egon zen Basescu, baina herritarrek karguan utzi zuten. Oraingoan, ordea, baldintzak aldatu egin dira. Izan ere, azken hilabeteotan lehia politiko bizia piztu da sozialdemokratek eta liberalek osatutako koalizioaren eta kontserbadoreen artean, krisi ekonomikoaren harira eskuindarrek hartu dituzten neurriak direla eta. Azken batean, Europako bertze herrialde batzuetako eztabaida bertsua sortu da, bi ikuspegi aurrez aurre jarrita: eredu publikoagoa, neoliberalaren aurka. Basescuren inguruko galdeketa, hortaz, azaroko legebiltzarrerako hauteskundeei begira, bi ereduek duten sostenguaren neurgailua izanen da, pertsona bakar batkargutk kentzeaz haratago.
Galdeketa baliagarria izan dadin, beharrezkoa da boto eskubidea duten erdiek baino gehiagok parte hartzea. Duela egun batzuk Realitatea irratiak egindako inkestaren arabera, parte hartzeak langa hori gaindituko du, %52ra ailegatuta. Eta botoa emanen dutenen artean, gainera, %72k Basescu kargutik kentzearen alde eginen dutela argitaratu du Realitateak.
Aspaldian, gori-gori zegoen giro politikoa Errumanian, eta are gehiago berotu du galdeketak. PDL Alderdi Demokratiko Liberala kontserbadoreak erreferenduma boikotatzeko deia egin die hautesleei, parte hartzea %50era ailega ez dadin. 2009ko hauteskunde kanpainan, PDLk Basescuren hautagaitzaren alde egin zuen. Teorian, politikari independentea da Basescu, baina ideologia kontserbadorekoa, eta 2004. urtera arte, gainera, PDLko kide izan zen —Bukaresteko alkate izan zen garaian, bertzeak bertze—. Vasile Blaga buruzagi kontserbadorearentzat, sozialdemokratek eta liberalek bultzatutako erreferenduma «maskarada bat» eta «estatu kolpe bat» da. Basescuk berak salatu du, gainera, aurkari politikoen esku dagoen gobernua «iruzur masibo bat» prestatzen ari dela, «bi milioi boto erosita».
Iruzur salaketak
Errumaniako politikan hagitz hedatutako gaitza da ustelkeria, eta horren kontrako borrokaren diskurtsoa ardatz hartuta irabazi zituen Basescuk 2004ko eta 2009ko bozak. Hura eta bere aldekoak ere ez dira salaketetatik libratu, ordea. Urrutira joan gabe, 2009ko hauteskundeetan sozialdemokratek iruzurra salatu zuten, baina Auzitegi Konstituzionalak, boto baliogabeak berriz zenbatu ondoren, salaketa ezetsi zuen. Oraingo galdeketari begira, berriz, Victor Ponta lehen ministroak eskutitz bat bidali dio Europako Batzordeari, salatzeko PDL galdeketa trabatu nahian ari dela. Zehazki, Pontak dio kontserbadoreen esku dauden udaletan jendeari nortasun agiriak atxiki dizkiotela aitzakiak erabiliz, gaur botoa eman ahal izan ez dezaten.
Ez da harritzekoa Pontak Bruselara idaztea, Europak zerikusi handia baitu Errumaniako egoeran. EB Europako Batasunak, gainera, estu hartu du Bukarest, galdeketa ez egiteko. Errumania 2007an sartu zen EBn. 2009an, Basescuk eta Emil Bloc lehen ministro kontserbadoreak 13.000 milioi euro inguruko kreditu bat hartzeko hitzarmena egin zuten NDF Nazioarteko Diru Funtsarekin eta Munduko Bankuarekin, neurritasun plan gogor bat ezartzearen truke. Bertzeak bertze, funtzionarioen soldata %25 murriztu zuten; pentsioak, berriz, %15; eta BEZa %19tik %24ra igo zuten.
Troikak, ordea, gastu publikoa gehiago murriztea exijitu zizkion iaz Bukaresti. Basescuk, orduan, osasun sistema paratu zuen jomugan, estatuarentzat «zulo beltza» zela adierazita. Ospitale eta anbulantzia zerbitzu publikoak pribatizatzeko asmoa agertu zuen, eta, horrek, azkenean, herritarren haserrea eragin zuen; horrenbestez, iragan urtarrilean lehen protesta masiboak piztu ziren. EBn, bataz bertze, bizi-mailarik apalena dute errumaniarrek, eta, ondorioz, haiek jotzen dute gehien atzerrira lan bila.
Protestek sortutako aukera
Urte hasieran sortutako protesta giro horretaz baliatu zen sozialdemokratek eta liberalek osatutako koalizioa gobernu kontserbadorearen aurka jotzeko. Koalizioa 2011n sortu zuten PSD Alderdi Sozialdemokratak, PNL Alderdi Liberal Nazionalak eta PC Alderdi Kontserbadoreak —eskuineko alderdi txiki bat—. USL Batasun Sozial-Liberala izena paratu zioten. Sorreran, harridura eta kritikak eragin zituen batasun horrek, teorian aurkako ideologia zuten alderdi batzuk batu baitziren, PDLren hegemonia bukatzeko helburu argiarekin.
Apirilean, ordea, lehen helburua lortu zuten, gobernuaren aurkako zentsura mozioa aitzinera aterata parlamentuan. Ion Iliescu komunismoaren ondorengo lehen presidenteak USLren gobernuaren porrota iragarri zuen, krisi garaian soilik sei hilerako agintea eratzeak etorkizunik ez zuelakoan. Maiatzeko udal bozetan, baina, emaitza ezin hobea lortu zuen USLk, botoen %53 lortuta. Troikak jarritako bidearen kontrako neurriak hartuko dituela agindu du gobernuak: funtzionarioei soldata berriz igo, pentsioak lehengoan ezarri, eta errentarik altuenei tasa bat ezarri. Herritarren konfiantza neurtzeko proba izanen du gaurkoa.
Ereduen erreferenduma
Traian Basescu Errumaniako presidenteak kargua gal lezake gaur, erreferendum bidez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu