Gutxienez hiru katiusha suzi lehertu dira gaur Bagdadeko Eremu Berdean, Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkaria bisita egiten ari zela. Leherketek ez dute biktimarik eragin. Eremu Berdea Irakeko hiriburuaren erdigunean dago, eta han daude Mendebaldeko herrialdeetako enbaxada eta ordezkaritza gehienak, besteak beste, AEBetakoa eta Erresuma Batukoa.
Panetta atzo iritsi zen Bagdadera, ezustean. Irakera egiten duen lehen bisita da. Adituen arabera, urtea amaitu ondoren AEBetako soldaduak Iraken jarrai dezaten eskatzera joan da. Izan ere, 2008an sinatu zuten akordioaren arabera, aurten aterako beharko lukete soldadu estatubatuar guztiek Iraketik.
AEBetako 47.000 soldadu inguru daude gaur egun, baina iazko abuztuaz geroztik ez dute operazio militarretan parte hartzen.