Ekialde Hurbila. Palestinarren geroa, NBEn

Erlojupeko diplomazia

Ekialde Hurbilerako Laukotea eta Israel palestinarrak konbentzitu nahian ari dira, baina Abbasek dio ez duela amore emangoBarack Obama New Yorken egongo da gaur eta bihar, eta Netanyahurekin bilduko da

Jon Fernandez.
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Minutu bakar bat ere ez dute galdu nahi. Joan den ostiralean Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak hilaren 23an NBEra joango dela esan zuenetik Ameriketako Estatu Batuek eta Europako Batasunak muturreraino behartu dute nazioarteko makineria diplomatikoa. Palestinarren ekimena gerarazi nahi dute, kosta ahala kosta. Ez dute Abbas NBEko Batzar Nagusian ikusi nahi, eta are gutxiago Segurtasun Kontseiluan. Ostiralera bitartean, hiru egun dituzte palestinarrak konbentzitzeko, eta igandeaz geroztik bata bestearen atzetik egin dituzte bilerak, erlojuaren kontra. Momentuan, ordea, ez duela atzera egingo adierazi du PANek, eta Abbas dagoeneko New Yorken da.

«Datozen egunetan palestinarren aldarrikapenak eta estatu gisa aitortuak izateko xede zilegizkoa bi aldeen arteko elkarrizketekin uztartzeko modua bilatzen ahaleginduko gara. Izan ere, bi aldeko elkarrizketa da Palestinako estatua lortzeko bide bakarra», adierazi du Tony Blair Ekialde Hurbilerako Laukotearen mandatari bereziak. NBEk, EBk, Errusiak eta AEBek osatzen dute Laukotea, eta New Yorken bildu ziren atzo, Abbasen proposamena nola atzera bota aztertzeko.

Aldi berean, palestinarrak konbentzitzeko azken ahalegina egin zuen atzo Tel Avivek AEBetan. Salam Fajad PANeko lehen ministroak eta Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroak bilera egin zuten, eta konponbidea bi aldeen artean aurkitzea proposatu zion Barakek, Jerusalem Post egunkariaren arabera. Igandean, bestalde, Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkaria eta Catherine Ashton EBko Atzerri Politikarako Goi Mandataria bildu ziren jorratu beharreko bidearen inguruan eztabaidatzeko, baina ez zuten inolako adostasunik lortu.

Barack Obama AEBetako presidentea ere NBEren New Yorkeko egoitzan egongo da gaur eta bihar, eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin bilduko dela iragarri du; Abbasekin, aldiz, ez du hitz egingo.

Ez dago atzera bueltarik

Presioak presio, atzera pausorik ez duela emango esan du Abbasek, eta ostiralean Batzar Nagusian izango dela baieztatu dio Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiari. «Pausu hau ematea erabaki genuen, eta gure kontrako ekaitza lehertu da. Hala ere, NBEko eskubide osoko estatu kide izatea eskatuko dut ostiralean». AEBen eta Israelen nahiei men eginez, bi aldeen arteko elkarrizketara mugatutako bake prozesua berreskuratzea eskatzen dio Laukoteak PANi. Dena dela, Blairrek ere aitortu du «denbora dezente» pasa dela benetako negoziazioak bukatu zirenetik, eta «frustrazioa» dagoela bi aldeetan. Hain justu, negoziazioak urtebetean etenda egoteak bultzatu du Abbas NBEn estatu aldarrikapena eskatzera.

Bi aldeak mahai baten inguruan jartzea dute lehentasuntzat Bruselak eta Washingtonek, baina palestinarrek argi laga dute gutxieneko baldintzarik ezean ez direla Netanyahurekin hizketan hasiko. Israelek Zisjordaniako kolonietan eraikitzen jarraitzeko hartutako erabakiagatik eten ziren negoziazioak duela urtebete. NBEko estatu kide izatea lortuz gero, etorkizunean Tel Avivekin izango dituzten negoziazioetan berdinetik berdinera hitz egin ahal izango duela uste du PANek.

Netanyahuren aburuz, ordea, palestinarrek ez dute zereginik nazioartean. «Porrot egingo dute NBEko kide izateko ahaleginean. Eta azkenean, kea desagertzen denean, jabetuko dira egoeraz, alde batera utziko dituzte elkarrizketari ihes egiteko maniobrak, eta mahaian jarriko dira».

AEBen beto jarrerak ematen dio horrenbesteko segurtasuna Netanyahuri. NBEko Batzar Nagusiko 193 estatu kideetatik gutxienez 126ren babesa dute palestinarrek; hortaz, zabal irabaziko luke bozketa. Eskubide osoko kide izateko, baina, ezinbestekoa da Segurtasun Kontseiluaren onarpena, eta hortxe du PANek koska nagusia. Gutxienez bederatzi estaturen babesa jaso behar luke proposamenak, inork betoa jarri barik. Hamabost estatuk osatzen dute Segurtasun Kontseilua, eta AEBek, Erresuma Batuak, Frantziak, Txinak eta Errusiak beto eskubidea dute. Obamak, dagoeneko, esan du betoa erabiliko dutela.

Ordezkaritza jokoan

Palestinarrek badakite euren proposamenak ez duela Segurtasun Kontseilua gaindituko, eta beraz, baliteke horren ostean «kide ez den estatu gisa» aitortzeko eskaria egitea Batzar Nagusian. Vatikanoak duen estatusa lortuko luke horrela, egun duen «erakunde begirale» maila igoz. Dena dela, Abbasek ez du aukera hori buruan, momentuz. «Ostiraleko hitzaldia egin arte, aukera bakarra dugu buruan, Segurtasun Kontseilura joatea. Gero, eseriko gara, eta erabakiko dugu».

Bestetik, ostiralean edozer gertatuta ere, NBEn PAE Palestina Askatzeko Erakundearen esku egongo da palestinarren ordezkaritza Saeb Erekat PAEko negoziazio buruaren arabera. «Palestinako estatua sortzeak ez du PAE indargabetuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.