Hilberria

Ernesto Cardenal hil da, Askapenaren Teologiaren sortzaileetako bat

Cardenal  Kultura ministro izendatu zuten sandinistak agintera heldu zirenean. Juan Pablo II.ak apaizgoan aritzea debekatu zion 1984an, Askapenaren Teologiarekin bat egiteagatik.

95 urterekin hil da Ernesto Cardenal poeta eta ekintzailea. JEFFREY ARGUEDAS, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko martxoaren 2a
10:48
Entzun

Igandean hil zen Ernesto Cardenal poeta, Managua hiriburuan. 95 urte zituen, eta Nikaraguako poeta ezagunenetariko bat izateaz gain, Askapenaren Teologiaren sortzaileetako bat ere bazen —pobreen aldeko jarrera defendatu eta justizia soziala aldarrikatzen du mugimenduak—.

Cardenalek Mexikon ikasi zuen teologia, eta 1965 apaiztu zen. Garai hartan, Latinoamerikan zabaltzen hasia zen Askapenaren Teologia deitutakoa, eta harekin bat egin zuen Cardenalek ere, El evangelio en Solentiname (Ebanjelioa Solentinamen) idatziz. Bertan azaldu zuenez, txiroenek justizia soziala lortzeko baliabidea izan behar zuen erlijioak.

Bere herrialdean, Nazio Askapenerako Fronte Sandinistaren gertuko jarrera hartu zuen, eta haiekin bat egin zuen Anastasio Somoza diktadorea kargugabetzeko borrokan. Hala, mugimendu sandinista gobernura heldu zenean, Kultura ministro izendatu zuten Cardenal.

Haren ideologiak eta sandinisten alde egin izanak, ordea, Juan Paulo II.a aita santua haserrearazi zuten, eta 1984an apaizgoan aritzea debekatu zien hari eta Askapenaren Teologiarekin lotutako beste hainbat elizgizoni —debekua indarrean egon da duela urtebete arte—.

Cardenalek berak 1994an utzi zuen mugimendu sandinista, Daniel Ortegaren zuzendaritzak hartutako bidea salatzeko. «Diktadore baten moduan» aritzea egotzi zion buruzagiari, eta gerora bat egin zuen sandinista ohiek sortutako Mugimendu Sandinista Berritzailearekin.

Lau alditan izan zen Literatura Nobel Saria irabazteko hautagaia. Haren lanak beste sari asko jaso zituen, ordea; besteak beste, Iberoamerikako Poesiaren Pablo Neruda saria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.