NHK Japoniako telebista katearen arabera, Naraha hirian antzeman dituzte gai erradioaktiboak, Ide ibaian. Fukushimako prefekturan dago hiria. Tepco Tokyo Electric Power Companyk, Fukushimako zentrala kudeatzen duen enpresak, adierazi du frogak egiten ari dela jakiteko zein gai toxiko diren topatu dituztenak.
Zentral nuklearretik hamabost kilometrora aurkitu dituzte material erradioaktiboak. Tepcok esan du ez dakiela zergatik antzeman dituzten gai horiek zentraletik distantzia horretara, baina erantsi du litekeena dela Fukushimako zentralean izandako istripuaren ondorio izatea.
Halaber, gaur jakinarazi dute 39.000 milioi euroko kostua izango dutela Fukushimako erradiazioa kentzeko lanek; Japoniako Gobernuak iragarri zuen baino lau aldiz gehiago.
2011. urteko lurrikarak sortu zuen tsunamiak hondamendia eragin zuen Fukushima Daichii zentral nuklearrean.
Ezbeharrak gogor jo zuen zentraleko hirugarren erreaktorea, zehazki. Geroztik, 3.500 langile baino gehiago ari dira zentral nuklearra eraisteko lanetan. Gutxienez, 40 urte beharko dituzte horretarako.
Atzo bertan aitortu zuen Tepcok itsasora Fukushimako ur erradioaktiboa isuri zuela. Joan den astean, berriz, hirugarren erreaktoreko lanak bertan behera utzi zituzten egun batez, lurruna antzeman eta gero.