«Errealitate nazioaniztuna aitortzea da estatuak egin dezakeen gauzarik onena»

PSOEk eta PPk prozesu zentralista bat abian jartzeko ituna dutela ziurtatu du BNGko bozeramaileak, eta sozialisten «epelkeriak» Galiziaren autogobernua oztopatzen duela.

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2010eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Aro berri bat abiatu zuen duela urte eta erdi BNG Bloke Nazionalista Galiziarrak Guillerme Vazquez (Pontevedra, 1952) bozeramaile aukeratu zuenean. Aralarrek gonbidatuta izan berri da Bilbon, Galiziako zein nazioarteko gaurkotasunaz hitz egiteko.

BNGko zuzendaritza berritu zenetik, ia bi urte bete dira; zer-nolako egoeran dago alderdia?

Inoiz ez da erraza hauteskundeetako emaitza txarrak kudeatzea. Talde gisa gure egoera onartzeko gai izan ginen, eta sasoi politiko onean gaude orain. Urte eta erdi honetan, BNGk iritzia eta jarrera propioa izan du eztabaida garrantzitsuenetan; esango nuke beste talde politikoen jarreran ere eragin dugula, finantzaketa autonomikoan, aurrezki kutxen fusioaneta eztabaida ekonomikoetan. Erakundeetako lana ongi uztartzen ari gara kaleko aldarrikapenekin, eta arazoak dituzten herritarrengandik gertu gaude.

Lau urtez hartu zuen parte BNGk Xuntan. Zer-nolako aurrerapausoak egin zenituzten nazio eraikuntzan?

Bi indar politiko desberdinek osatutako gobernua izanda, ezin dira norberaren helburu guztiak gauzatu. Hala ere, aurrerapauso garrantzitsuak eman ziren, kudeaketan eta gizarte politikan. Agintera heldu denetik, PPren asmoa ez da ezer berririk eraikitzea, baizik eta aurreko gobernuak eginiko politika aurrerakoi guztiak desegitea; haiek proposatzen dutenarekiko alde handia dagoen seinale. Zerbitzu sozialen partzuergoa kendu du, eta hizkuntzaren kontra ari da. Argiak eta ilunak izango zituen gureak, baina [Manuel] Fragarekiko aurrerakuntzak ekarri zituen. Bestelakoa da herritarrek hala sumatu zuten edo ez.

Espainian birzentralizazio prozesu bat abian dela diozu. Zertan datza?

Sakoneko itun bat dago PPren eta PSOEren artean, joera zentralistako prozesua gauzatzeko. Aurreko legegintzaldian [Jose Luis Rodriguez] Zapatero presidenteak eginiko promesa, Espainia pluralarena, desagertu egin da. Euskal herritarren autogobernurako proposamena eta Kataluniakerreferendumean onartutako estatutua ukatu egin dituzte. Ikusten da estatu zentralak ez duela inolako asmorik herrien autogobernuak aurrera egiteko; are gehiago, kontrakoa adierazten dute.

Galiziako autogobernurako aurrerapausoak ere eskatu dituzue.

Galiziako estatutuan aurrera egiteko proposamena egin, eta PPrekin topo egin genuen; nazioa oinarri duen estatutuaren alde inondik inora ez dute onartuko. Bestetik, alderdi sozialistaren epelkeria dago, ez dute nazio hitza berez onartzen, eta guretzat nazioa gara, ez nazio gastronomikoa edo halakoren bat.

Alderdi abertzaleak, hala ere, funtsezkoak dira Espainiako politikan.

Gehiengo nahikoak egon ez direnetan, alderdi abertzaleek nolabaiteko eragin politikoa izan dute, eta badute gaur egun ere.

Zer deritzozu EAJk eta PSOEk lan erreforma eta aurrekontuak onartzeko adostutako itunari?

Besteek eginiko akordioen inguruko iritzirik ez dugu emango. Bere politikaren arabera nahi dutena adosteko askatasun osoa dute. Guk aurrekontuen kontra bozkatuko dugu, askotariko arrazoiengatik; ez dugu uste krisia gainditzeko baliagarriak direnik.

BNGkook esan duzue langileen kalterako izan dela lan erreforma.

Erreformak ez du ez lan gehiagorik ez lan hoberik sortuko. Erreformaren helburua, funtsean, kaleratzeak merkatzea da; enpresen lehiatzeko gaitasuna hobetuko dute lan kostuak murriztuta. Demokrazia deritzon garaian erreforma batzuk izan ditugu, eta langileen eskubideak murriztu dira.

Esan duzu Espainia nazio anitzeko estatua izan beharko dela eta, bestela, ez dela izango.

Aspaldiko joera da nazioak ukatzearena, baina errealitate nazional horiek ukatzen saiatu arren, hortxe daude. Estatuaren egituran modu onargarrian kokatu ezean, gero eta herri gehiagok joko dute independentziaren edo bestelako bideetatik. Errealitate nazioaniztuna aitortzea da estatuak egin dezakeen onena.

Ez al dituzte politika ekonomikoak nazioarteko erakundeen esku jartzeko eragozpen gutxiago?

Estatuaren barruan subiranotasuna ematea Isabel Katolikoa biluztearen parekoa dela dirudi. Zerga sistema propioa duen erkidegoak estatuaren zimenduak dardarazten baditu ere, ez dago inolako arazorik subiranotasuna kanpora lagatzearekin, diruarena eta subiranotasun militarra kasu, NATOko parte-hartzera mugatzen da guztia. Herritar bati galdetuz gero nahiago duen gastua murrizteko soldaduak Afganistandik ateratzea edo pentsioak murriztea, seguru gastu militarra gutxitzearen alde egingo duela.

Aita Santuak joan den astean Galiziara eginiko bidaia kritikatu duzue.

Estatuaren eta Elizaren betebeharrak erabat bereizi behar direla sinetsita gaude. Elizako buruzagi baten bisita diru publikoarekin ordaintzea kritikatu dugu, are gehiago, gutxieneko behar sozialei aurre egiteko diru nahikorik ez dagoela diotenean. Gobernuak sortutako burbuila ere salatu dugu, ez dakit nongo etekin ekonomikoak sortuko zirela agindu baitzuen. Horrek merkatariak eraman zituen aurreikuspen jakin batzuk egitera; baina, azkenean, ez ziren bete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.