Protestak herrialde arabiarretan

Erreboltariak izanen dira Libiako ordezkariak Nazio Batuen Erakundean

Matxinoek Gaddafiren aldekoen lekua har dezatela erabaki du Batzar Nagusiaren gehiengoak

mikel rodriguez
2011ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Libiako matxinoek ia erabateko onarpena lortu dute nazioartean, NBE Nazio Batuen Erakundeak Libiako ordezkaritzat onartu baititu. Hemendik aitzinera, Muammar Gaddafiren erregimeneko ordezkarien lekua hartuko dute Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko diplomatikoek New Yorken, NBEren Batzar Nagusiak hala erabakita. Erresuma Batuko lehen ministro David Cameronek eta Frantziako presidente Nicolas Sarkozyk Libiara bisita egin eta biharamunean hartu dute erabakia NBEko kideek.

Denak ez dira bat etorri, baina. 114 izan dira onarpenaren aldeko botoak, baina hamazazpik aurka bozkatu dute, eta hamabortz abstenitu egin dira. Afrikako Batasunak, ALBA Amerikarako Aliantza Bolivartarra osatzen duten herrialdeekin batera, bozketa gibelatzeko eskatua zuen, baina Batzar Nagusiak ez zion hori onartu. ALBAk argudiatu zuen Libiaren aulkia ezin zuela hartu «atzerriko esku hartze batek ezarritako alderdi edo trantsizioko aginte batek». Maria Rubiales Chamorro Nikaraguaren ordezkariak ere ideia bera defendatu zuen atzo Biltzar Nagusian. «Erabakitzeko eskubidea herriek beraiek onartu behar dute, ez NATOk. Iraultzak ezin dira benetakoak izan, interes hegemonikoak dituzten nazioek zuzentzen badituzte, NBEren Gutuna errespetatu gabe, gainera». Nikaraguaz gain, matxinoak Libiako ordezkaritzat onartzearen aurka agertu direnen artean daude Venezuela, Kuba, Hegoafrika eta Angola. Egiptoko ordezkari Magdel Abdelazizek erran du, baina, «Libiako herriaren borondatea» errespetatu dutela erabaki horrekin.

Ebazpenak egokituz

Batzar Nagusiaz gain, Segurtasun Kontseilua ere Libiari buruz aritu zen atzo. Bertze ebazpen bat bozkatzekoa zen atzo, eta iturri diplomatikoen arabera ordezkaritza gehienak testua onartzearen alde zeuden. Erresuma batua izan da ebazpen berriaren sustatzaile nagusia. Libian «laguntza politikorako» misio bat ezartzea da proposatutako neurrietako bat. 1970 ebazpenean ezarritako armen bahimendua ere egokitu nahi dute, Libiako estatuko indarrei arma arinak helarazteko asmoz. Erregimenari blokeatutako diru kontuak askatzea ere proposatu du Londresek, baina Gaddafiren aurkako ebazpenik ez dute onartuko oraingoz.

Erreboltariek onarpena lortu arren, gerra ez da bukatu oraindik, Gaddafiren erregimenaren aldekoek tinko eutsi baitiete zenbait hiriri. Matxinoek setiatua dituzte erregimenaren azken posizioak, eta, erresistentziarekin bukatzeko asmoz, NATOrekin batera erasoaldia gogortu dute azken bi egunetan. Surten, adibidez, Gaddafiren jaioterrian, hiriko aireportua hartzea lortu dutela jakinarazi du Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak. Tripolitik 360 kilometro inguru ekialdera. Herenegun hiriaren mendebaldeko auzune bat hartu zutela jakinarazi zuten matxinoek; atzo, iparraldetik eta hegoaldetik ere sartu ziren milizianoak.

Surt duela bi aste setiatu zuten matxinoek. Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko kide Majluk al Tajanik dioenez, herritarrek ez dute ez urik, ez argindarrik, eta elikagaiak ere eskas dituzte. 100.000 herritar inguru daude bertan. Misratako Kontseilu Militarraren arabera, erasoaldian 11 matxino hil dira oraingoz, eta 34 zauritu. NATOren babesarekin, hurrengo egunetan Surt erabat hartzea espero dute matxinoek.

Erresistentzia zenbaterainokoa izanen den ikusteko dago, ordea. Izan ere, iragan astean Gaddafiren bertze gotorleku batean, Bani Ualiden sartu ziren matxinoak, baina azkenean bidali egin zituzten. Hain zuzen, hiri horretan ere erasoaldia gogortu dute. Tripolitik 150 kilometro hego-mendebaldera dago. Reutersko berriemaile batek dioenez, erreboltariak etxez etxe ibili dira borrokan, eta Gaddafiren aldekoek tiroak eta lehergailuak jaurti dizkiete. Basamortuko Sabha hiria eta Jufra oasia dira Gaddafiren bertze gotorleku nagusiak.

Erdoganen bisita

Setiatutako hirietara giza laguntza bidaltzeko prest agertu da Turkia. Recep Tayyip Erdogan lehen ministroa Libian izan zen atzo, Cameronen eta Sarkozyren bisitaren biharamunean. «Sabhan eta Bani Ualiden 10.000 lagunek ura eta elikagaiak lortzeko arazoak dituzte», adierazi zuen Erdoganek. Era berean, setiatutako hirietako biztanleei erran zien «Tripoliko eta Bengaziko anai-arrebek bezala» egin, eta matxinadarekin elkartzeko. Erreboltarien presidente Mustafa Abdeljalilekin batera egin zuen agerraldia Tripolin.

Bertzetik, Munduko Migrazioen Erakundeak jakinarazi duenez, matxinoek Saharaz hegoaldeko etorkinen ebakuazioa geldiarazi dute, horien artean Gaddafiren «mertzenarioak» daudela uste dutelako. «Ez dakigu lagundu ditugun etorkinak mertzenarioak ote diren, baina Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak eskumena du hori egiteko, segurtasun nazionalaren izenean», adierazi dute Munduko Migrazioen Erakundetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.