Tripoli mendean hartuta, garaipena oso hurbil ikusten dute erreboltariek; Muammar Gaddafi harrapatzea da helburu nagusia momentu honetan, eta hiriburua goitik behera arakatzen ari dira hura aurkitzeko. Diktadorea eta haren semeren bat Tripoliko Abu Saleem auzoko eraikinen batean ezkutaturik daudela uste du oposizioak; setiaturik dute ingurua, eta Gaddafiren indarren aurka borrokan ari dira. «Denak batera daude, zulo txiki batean», adierazi du Muhamad Gomaa erreboltarietako batek. Ez dago argi, ordea, diktadorea eraikinean dagoen ala ez. Asteartean mendean hartu zuten Bab al Azizijako egoitza nagusitik oso gertu dago Abu Saleem auzoa, eta erregimenaren aldeko ehunka lagun bertan daudela zabaldu da, baita gobernukokide asko ere.
Abu Saleem ingurua ez da, ordea, borrokek dirauten hiriko puntu bakarra. Gaddafiren indarrek Corintina hotelari egin diote eraso; gatazkari buruz informazioa zabaltzen duten nazioarteko kazetariak daude, batez ere, hotel horretan. Momentuz ez da hildakoen berririk jaso, baina erasoak urduritasuna eta nahasmena sortu ditu kazetarien artean. Asteazkenean Gaddafiren aldekoek bahitutako Italiako lau kazetariak, berriz, aske utzi dituzte. Plaza Berdetik gertu bahitu zituztela adierazi du kazetarietako batek, eta hainbat orduz garaje batean eduki ostean, etxe batera eraman zituzten. «Orain ondo nago, baina duela ordu bat hil egingo nintzela usten nuen», esan du beste kazetari batek.
Gaddafik, berriz, «Tripoli askatzeko» mezua bidali die Libiako herritarrei telebistaz zabalduriko audio grabazio baten bidez; «ez utzi Tripoli arratoi horien esku. Atxilotu eta hil itzazue, gu gara gehiengoa eta».
Oposizioaren indarra, ordea,nabarmena da hiriburuan —%90 baino gehiago dute kontrolpean, haien arabera—; kontrol guneak ezarri dituzte, eta kalean dabiltzan auto guztiak arakatzen dituzte. Teilatuetan, ordea, Gaddafiren aldeko frankotiratzaileak daude oraindik. Bi aldeen arteko borrokek hiritik ateratzea oztopatu die etorkin askori. Migrazioen Nazioarteko Erakundea 200 etorkin inguru hiriburutik ontziz ateratzekoa zen bart; Bengazira eramango dituzte lehenik, eta Egiptora ondoren. Handik bakoitzari bere herrialdera itzultzen lagunduko diote.
NATOren indarrak, berriz, errebeldeei laguntzen ari dira Gaddafi aurkitzeko lanetan. Liam Fox Erresuma Batuko Defentsa ministroaren arabera, «aurreko egunetan baino aktiboago egon dira azken orduetan». Oana Lungescu NATOko bozeramaileak adierazi duenez, ordea, erakundea ez dago erreboltariekin harremanetan, eta haien helburu nagusia ez da Gaddafi aurkitzea. Dena den, argi utzi du NATOk martxoan hasitako misioarekin aurrera jarraituko duela «gobernuaren jarraitzaile guztiek amore eman arte».
Tripolira eraman dute egoitza
Trantsiziorako Gobernu Nazionalaren egoitza nagusia ere Bengazitik Tripolira eraman dute jada, Mahmud Jibril erreboltarien buruaren arabera. «Dena den, oraindik ezin ditugu beharrezko zerbitzu guztiak eman, ez baitugu diru iturririk», adierazi du Jibrilek. Izan ere, erregimena guztiz garaitzen dutenerako finantzaketa bila ari da Trantsiziorako Gobernu Nazionala, eta nazioarteari dirua eskatzeko itzulia hasi du Jibrilek.
Martxoan Libiako gatazka hasi zenean blokeaturiko dirua desblokeatu eta oposizioaren esku uzteko eskatu du Trantsizioarako Gobernu Naizonalak, herritarrei behar dituzten zerbitzuak eskaini ahal izateko, eta «azken hilabeteetan kobratu ez dutenei» soldata ordaintzeko. «Sistema judizial bat sortzea, egonkortasuna lortzea, armada bat osatzea eta, batez ere, kalean dauden arma guztiak erretiratzea dira datozen asteetarako ditugun lehentasunak», adierazi du Jibrilek. Horrez gain, datorren hilabeterako eskolak martxan jarri nahi ditu oposizioak, eta zaurituak artatzeko modua izan nahi dute. Horretarako, ordea, bonbardaketek utzitako txikizioak konpondu beharko dituzte aurrena, zentral elektrikoak barne. «Finantzaketa lortu ezean, ezingo ditugu lehentasun horiek aurrera eraman», adierazi du Jibrilek.
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroa, esaterako, prest agertu da 350 miloi euro desblokeatzeko. Haren arabera, «ziurrenik» datorren astelehenean sinatuko du akordioa Trantsiziorako Gobernu Nazionalarekin. Libiako gatazka hasi zenean, 7.000 miloi euro inguru blokeatu zizkion Erromak Gaddafiren erregimenari.
Harremanetarako Taldea —NATO, EB Europako Batasuna, Arabiar Liga eta Afrikako Batasuna—, berriz, Istanbulen bildu zen atzo, eta NBE Nazio Batuen Erakundean Libiako dirua desblokeatzeko presioa egingo dutela agindu dio. Asteazkenean, izan ere, miloi bat euro desbloatzeko proposamena egin zuten AEB Ameriketako Estatu Batuek, baina Hegoafrika —ez du beto eskubiderik— ez dago dirua Trantsiziorako Kontseilu Nazionalaren eskuetan uzteko prest. Dena den, hilabete amaierarako 1,7 miloi euro emateko moduan izango direla agindu du Harremanetarako Taldeak.
Finantzaketa ez ezik, nazioartearen babesa eta onarpena ereari da lortzen oposizioa. Arabiar Liga osatzen duten 22 herrialdeetatik hamabik onartu dute jada Trantsiziorako Gobernu Nazionala, eta bihar Atzerri ministroek egingo duten bilerara gonbidatu dute.
Hurrengo helburua, Sirte
Behin Tripoli mendean hartuta, herrialdearen %95a kontropolpean dutela diote erreboltariek. Sirte (kostaldean), Sabha (hegoaldean) eta beste hainbat herri txikik, ordea, Gaddafiren indarren esku jarraitzean dute. Hala, Sirte kontrolpean hartzea da oposizioaren hurrengo helburua; «Sirte hartzea lortzen badugu, kostalde guztia izango dugu mendean, eta hegoaldera begira jartzeko moduan izango gara».
Erreboltarien arabera, Sirteko tribuekin negoziatzen ari dira, hiria modu baketsuan hartu eta zaurituak ekiditeko. Sabhan, berriz, borrokan ari dira, oposizioaren arabera.
Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak salatu duenez, berriz, Tripoliko ospitaleetako egoera «dramatikoa» da. Erakundearen arabera, hiriburuan ez dago azken egunetangatazkak utzi dituen zauritu oldea artatzeko adina mediku eta erizain. Izan ere, martxoan gatazka hasi zenetik, mediku kanpotarrek alde egin zuten herrialdetik.
Gurutze Gorriak ere salatu du Libiako egoera, eta hiriburuko eta Misrata hiriko borrokek hildako eta zauritu kopuru «oso handia» utzi dutela jakinarazi du; ez du, ordea, zifrarik eman.
Al Zauija, Bengazi eta Nefusa mendiko hainbat herrixkatako egoera ere oso larria dela adierazi du Gurutze Gorriak, eta gaixoak artatzeko materialaren beharra nabarmendu du.
Protestak herrialde arabiarretan. Libia
Erreboltariek setiaturik dute ustez Gaddafi gordeta dagoen auzunea
Gaddafik ezkutaturik jarraitzen du, baina erreboltariak «atxilotu eta hiltzeko» mezua bidali die bere jarraitzaileei telebista bidezTrantsiziorako Gobernu Nazionalak egoitza nagusia Bengazitik Tripolira eraman du jada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu