Erreferendumak antolatzeko eskumena Kataluniako Generalitatearen esku uzteko eskaera eztabaidatuko du Espainiako Kongresuak. Proposamena onartuko balitz, Kataluniak bidea zabalik izanen luke azaroaren 9an egitekoa den kontsulta subiranista Madrilen oniritziarekin antolatzeko. PP eta PSOE alderdiek, ordea, ezezkoa emanen diote eskaerari, eta beraz, historikoa izan zitekeen saioa antzua izanen da hasi aurretik ere.
Kataluniako Parlamentuak iragan urtarrilaren 16an onartutako proposamena izanen da gaur Madrilen bozkatuko dena. Egun hartan, CiU, ERC eta ICV-EUiA alderdiek babestu zuten puntua; baita PSCren hiru diputatu kritikok ere. Kontra azaldu ziren gainontzeko parlamentari sozialistak, PP eta Ciutadans. CUPeko ordezkariek, berriz, abstentziora jo zuten, uste baitute Kataluniak ez diola Espainiari kontsulta egiteko baimenik eskatu behar.
Gaur, CiUko Jordi Turull, ERCko Marta Rovira eta ICVko Joan Herrera diputatuak izanen dira proposamena Madrilgo Kongresuan defendatuko dutenak. Kontra eginen diotenak, berriz, PPk eta PSOEk Madrilen dituzten ordezkari gorenak: atzo, PPko idazkari nagusi Maria Dolores de Cospedalek ziurtzat jo zuen Mariano Rajoy Espainiako presidenteak hitz eginen duela bere alderdiaren izenean; eta PSOEko buru Alfredo Perez Rubalcabak ere hartuko du hitza.
"Galdutako beste aukera bat"
313 boto aurka, 29 alde, eta bi abstentzio. Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren planari ezezko borobila eman zioten Espainiako Diputatuen Kongresuan 2005eko otsailean. Hain zuzen, bakardadearen irudi hori saihestu nahi du Artur Masek, Generalitateko presidenteak: "Ez diet plazer hori emango. Kontua ez da ez daukadala joateko gogorik; izatez, gustura parte hartuko bainuke". Masek badaki diputatu gehien-gehienek ez dutela eskaera onartuko. "Lastima. Galdutako beste aukera bat izango da".
Galdeketa egiteko eskumena eskatu du Kataluniak Kongresuan: Masek dio eskaera onartzen ez badute lege bati ezetz esango diotela, baina ezezkoak ez duela geldiaraziko "herritarren nahia".