"#KataluniaMadrilen"(r)i buruzko Txioak
Kataluniaren ordezkariek hitz egin dute eta erabakitzeko eskubidea defendatu dute. Argudiatu dute beste biderik ez dietela utzi. Marta Rovira ERCkoak esan du Kataluniak ez duela jada lekurik Espainiaren barruan. CiUko ordezkariak, gainera, eskubide demokratiko bat dela azpimarratu du: "Gaur jokoan dagoena demokrazia da. Estatu honen izaera demokrata ikusgai izanen da saio honetan". Joan Tarda ICVkoak esan du erabakitzeko eskubidea ukatzeak apurtuko duela Espainia, eta gaineratu du: "Espainiako subirautza ahoan duzuenok etengabe oparitzen diozue merkatuei".
Rajoyren eta Rubalcabaren txanda heldu da ondoren, eta espero zena egin du. Enekoitz Esnaola BERRIAko kazetariak nabarmendu duen moduan 2005ean Ibarretxek Kongresuan bere plana aurkeztu zuen mezua izan dute bi horiek ahoan, baina alderantziz:
#KataluniaMadrilen 2005ean Esp. gobernuburuaren (PSOE) gauza berak esan zituen oposizioburuak (PPkoak). Gaur, alderantziz. Estatu kontua da
— Enekoitz Esnaola (@EnekoitzEsna) April 8, 2014
Rosa Diez UPDko diputatuak Kataluniako ordezkariei egotzi die eztabaida "antieuroparra" sortu izana, eta mugak eraikitzearen alde egitea aurpegiratu die: "Eskubideak kentzea antidemokratikoa da, herritarrek onartzen badute ere". Aitor Esteban EAJko diputatuak Kanadako Argitasun Legea defendatu du, eta azaldu Euskal Herriak eta Kataluniak lege hura ontzat joko luketeela —lege haren arabera, Quebecek ezin du aldebakarrez Kanadatik banandu, baina, gehiengo batek borondate hori agertuz gero, Kanadak sezesioaren baldintzak negoziatu beharko lituzke halabeharrez—. Gainera, Kataluniako "patataz" gain beste bat ere baduela ohartarazi dio Estebanek Rajoyri: "Unea iristean, erabaki nahi dugu".
Xabier Mikel Errekondo Amaiur koalizioko diputatuak Rajoyri ohartarazi dio Kataluniako galdeketarena ez dela "legalitate auzia, demokrazia auzia" baizik: "Herritarrek hitza hartzea ez da ezinezkoa, saihestezina baizik". Carlos Salvador UPNko ordezkariak, berriz, esan du "nazionalismoaren gehiegikeriei aurre" egin behar zaiela.
Zer eztabaidatu da zehazki?
Kataluniako Parlamentuak iragan urtarrilaren 16an onartutako proposamena izan da gaur Madrilen bozkatu dena. Zehazki, Espainiako konstituzioaren 150.2 artikuluan oinarritzen da eskaera. Puntu horren arabera, estatuari dagozkion zenbait eskumen autonomia erkidegoen esku utz ditzake Madrilek, hala nahi izanez gero. Hemen dokumentua, gaztelaniaz.
Nor dago aukera horren alde?
Kataluniako Parlamentuko bozketan, CiU, ERC eta ICV-EUiA alderdiek babestu zuten lege proposamena; baita PSCren hiru diputatu kritikok ere (Marina Geli, Nuria Ventura eta Joan Ignasi Elena). Kontra azaldu ziren gainontzeko parlamentari sozialistak, PP eta Ciutadans. CUPeko ordezkariek, berriz, abstentziora jo zuten, uste baitute Kataluniak ez diola Espainiari kontsulta egiteko baimenik eskatu behar. Madrilera joateari “autonomismoaren bidea” berriz ibiltzea deritzo CUPeko David Fernandezek. Guztira, aldeko 87 boto jaso zituen proposamenak, kontrako 43 eta 3 abstentzio.
Zertarako joan dira Kataluniako ordezkariak Madrilera?
Madrilekin konponbide bat hitzartzea lehenesten duten indarrek uste dute legezko bide guztiak agortu behar direla, bestelako bideak aztertu baino lehen. Hau da, gaur Kongresuak ezezko garbia eta zabala ematen badio katalan herriaren borondateari, argi utziko du Espainiako legeen barruan egin daitekeen bidea noraino iristen den. Horren ostean, bere burua legitimatua ikusiko du Generalitateak, alde bakarreko erabakiak hartzeko.
Eta hemendik aurrera, zer?
Kataluniako Trantsiziorako Kontseilu Aholkulariak aurreikusi zituen bost aukeretatik bakarra geldituko da zutik: Kataluniako Parlamentuak irailean onartuko duen kontsulta legea. Arau hori oinarritzat hartu nahi du Generalitateak, azaroaren 9rako egitekoa den kontsulta antolatu ahal izateko. Hala ere, Espainiako bi alderdi nagusiek dagoeneko adierazi dute legea onartu bezain laster helegitea aurkeztuko dutela Auzitegi Konstituzionalean. Epaileek legea baliogabetu dezakete, baina ordurako, kontsultarako deialdia egina izanen luke Artur Mas presidenteak. Erabaki zaila izanen luke orduan: kontsulta deialdiari eutsi ala horretarako baldintzak betetzen ez direla iritzita, bertan behera utzi eta hauteskundeak aurreratu? Bigarren aukerari heltzen badio, izaera plebiszitarioa emanen litzaieke bozei; hau da, botoak estatu independente baten aldekoak edo kontrakoak balira bezala zenbatuko lirateke (alderdi bakoitzak defendatzen duen aukeraren arabera), eta subiranismoak duen indarra neurtzeko balioko lukete. Bide bat ala bestea hartu, independentzia deklarazioa egin beharko du gero Generalitateak, aukera hori gailenduz gero. 2015eko apirilaren 23a (Sant Jordi eguna) proposatu du ANC Biltzar Nazional Katalanak horretarako.