Erreferendumari babesa agertu diote Euskal Herriko hainbat udalek

Euskal Herritik babesa adierazi diote erreferendumari; bandera zintzilikatu dute EH Bilduren eta EAJren esku dauden zenbait udalek.

Eskoziako Bandera Zarauzko udaletxean. BERRIA
2014ko irailaren 19a
09:53
Entzun

Euskal Herriko hainbat udaletxeren aurrealdeetan Eskoziako bandera ikus daiteke. Horrela, prozesuari babesa agertu diote, erreferendumaren egunean. Bandera zintzilikatu dutenen artean EH Bilduren eta EAJren esku dauden udalak daude: Otxandio, Azpeitia, Lekeitio, Mungia, Zeberio, Zaldibar, Zarautz, Urduña, Ondarroa...

Gasteizko Udalean ere jarri dute Eskoziako bandera. EH Bilduk eta EAJk euren bulegoetatik zintzilikatu dute; jeltzaleek Yes hitza daramana aukeratu dute. Senyera bat eta ikurrin bat ere ikus daitezke. Gasteizko Udalak (PP) argitu du bandera horiek ez dituztela "erakundearen izenean" jarri, eta soilik bi alderdiri dagokien erabakia dela.

Bilbon, berriz, Ibone Bengoetxea jarduneko alkateak (EAJ) bandera bulegoko leihotik kentzeko eskatu dio EH Bilduri. Udaletxearen aurrealdean soilik bandera ofizialak jar daitezkeela argudiatu du alderdiak. EH Bilduk "harridura" agertu du horren aurrean, Euskal Herriko beste zenbait udaletan EAJk bandera zintzilikatzearen alde egin duelako —Sestaoren kasua aipatu du; Durangon ere jarri dute—. Abuztuaren 8an Palestinako bandera kentzea galdegin zion koalizioari Ibon Areso alkateak.

Donostian, udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko balkoietan babesa adierazi diote Eskoziako prozesuari. "Estaturik gabeko nazioen erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu dute, udalak ohar baten bidez adierazi duenez. Diputazioak adierazpen instituzional bat onartu zuen asteartean; horretan azaldu zuten "subiranotasuna, herritarrei hitza ematea eta haiek haien etorkizuna erabakitzea ariketa demokratiko argia" dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.