ERREFERENDUMA KORSIKAN

«Erreforma hau Matignongo prozesuaren helmuga da, adostu genuenaren bukaera»

Edu Lartzanguren.
AIACCIU
2003ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Paul Giacobbi Korsika Garaiko Kontseilu Nagusiko presidentea da, eta diputatua Frantziako Legebiltzarrean. PRG Ezkerreko Alderdi Erradikala taldearen iritziaren aurka, baietzaren aldeko kanpaina sutsua egiten ari da. Haserre agertu da Parisko prentsarekin, azken inkesten emaitzetatik ezetzaren aldekoen nagusitasuna atera dutelako, «zenbakiek diotenaren aurka». Nazionalista inolaz ere ez dela dio Giaccobik, baina jarrera jakobinoetatik aldendentzea bilatzen du, bere burua «eboluzionistatzat» joz. Ezezkoa gailentzen bada, Korsika ibilbide ilunean murgilduko dela esan dio Berriari, Napoleon kafetegian izaniko elkarrizketan.

Zure alderdiak ezezkoaren alde bozkatzeko dioen bitartean, zu uhartea erakunde bakarrean biltzeko proposamenari baietz esatea defendatzen ari zara. Nondik dator kontraesana?

Gure alderdiak bi federazio ditu. Iparraldeko federazioak Emile Zuccarelli du ordezkari, eta ezetzaren alde ari da. Bere jarrera pertsonala dela esango nuke. Hegoaldeko federazioaren ordezkaria ni naiz eta bistan denez, baietzaren alde ari naiz. Alderdiaren federazio nazionala baietzaren alde dago.

Korsikaren iparra eta hegoaren aldeko banaketa zaharra agertzen zaigu horretan, berriz ere.

Ez da hego eta iparraren arteko bereizketarik. Iparraldeko hautetsi gehienak baietzaren aldekoak dira. Ni %58ko gehiengoz aukeratu ninduten legebiltzarkide, eta ziur naiz nire hautes-barrutiko jende gehiena baietzaren aldekoa dela. Bada diferentzia hori ikuspegi sozial, ekonomiko eta historikotik. Feudalismoak eta klanismoak luzeago iraun dute iparraldean.

Ezetzaren aldekoek diotenez, baietz bozkatzea bonbak jartzen dituztenei eginiko kontzesioa da.

Horrek ez du inongo zentzurik. Zer ari gara esaten, presidentea (Jaques Chiraq) laguntza ematen ari zaiela? Batzuk esaten dute ez dagoela erreferemduma egiterik indarkeriak dirauen bitartean. Zer dela eta, ordea? Ez al zen egin Maastrichteko galdeketa, Estrasburgon gauetan ehunka auto kiskaltzen zituzten bitartean? Honez gain, Korsikaren Nazio Askapenerako Fronte FLNCk prentsaurreko klandestinoa eman du, bere jarraitzaileei 'ez' bozka dezatela esateko.

Bai, baina Corsica Nazionek baietz bozkatzeko dio. Ezin da esan nolabait ere eginkizunak banatzen ari direla?

Adar militarrak ezetz bozkatzeko dio, adar ofizialak baietz. Denok dakigu zein den dialektika. Baina ez da inoiz erraz esan behar adar ofiziala adar politikoaren menpean dagoela. Etorkizunerako gauza garrantzitsu bakarra zera da, FLNCk ezetz bozkatzeko esan arren, nazionalisten %70 baiezkoa emango duela.

Egitura politikoek sorturiko arazoak konpontzeko asmoz Korsikan erabili den bidea erabili daiteke Parisen agintepeko beste lekuetan?

Korsikaz aparte, lurralde antolaketako arazoak badira Saboian, Bretainian Loire-Atlantique departamendua dela-eta, Euskal Herrian... Hor ez dira galdeketak egiten Konstituzioak baimentzen ez duelako. Uharteetan egitea zilegi da, Konstituzioaren arabera, ez ordea Frantzia Metropolitanoan.

Baietzak irabazten badu, zeintzuk izango dira ondorioak?

Korsikak atzerapen historikoa gainditzeko giltzarria izango den tresna izango du. Baita lan horri ekiteko baliabideak, ez aski, baina kontuan hartzeko modukoak izango dira. Honetaz gain, arazoei erantzuna ematen ez bazaie erantzuleak nortzuk diren identifikatzerik izango du jendeak.

Eta ezetzak irabazita?

Beren postuetan ongi kokaturik den jendea gailenduko da. Dezentralizazioak sostengu zabala du Frantzian, funtzionarioen artean ez ezik. Erreforma hau Matignongo prozesuaren helmuga da, adostu genuenaren bukaera da. Ezetzak irabazita, Historiak emaniko aukera galduko da Korsikako arazoa konpontzeko. Espiral ezkorrean murgilduko da Korsika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.