Erreformekin jarraitzeko eskatu dio Londresek Myanmarko Gobernuari

Preso politikoak dauden bitartean ez dagoela herrialde librerik gogorarazi du William Haguek

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
«Oraindik asko dago egiteko», esan du William Hague Erresuma Batuko Atzerri ministroak Myanmarrera egindako bisita historikoaren amaieran. 1955az geroztik ez da Londresko Atzerri ministrorik bisitara joan bere antzinako koloniara —iragan abenduan gauza bera egin zuten AEBek eta Japoniak ere, urteetan Naypyidaw hiriburura joan gabe egon ostean—. Myanmarko Gobernuari erreformekin jarraitzeko eskatu arren, orain artean egindako aldaketek bakerako eta demokraziarako «aukera bat» ireki dutela aitortu du Haguek.

Ostegunean iritsi zen Myanmarrera, eta gobernu zibil berriarekin egin zuen bilera. 2011ko martxoan gobernu militarra desegin eta boterea zibilei eman zien, baina egungo gobernukide gehienak militar ohiak dira. Atzo, bisitaren azken egunean Aung San Suu Kyi oposizioko buru eta Bakearen Nobel saridunarekin eta gutxiengo etnikoen ordezkariekin bildu zen Hague.

«Ezinezkoa da herrialde bat librea eta demokratikoa izatea espetxeetan preso politikoak daudenean», adierazi du Haguek Suu Kyirekin bilera egin ostean. 2010era arte, hamabost urte egin ditu etxeko kartzelan. Gobernu zibilak ez du onartzen preso politikoak daudenik, baina oposiziok dio600 eta 1.500 inguru daudela. «Ahal den guztia egin behar da herrialdeko gatazka etnikoak amaitzeko, eta jakina denez, hauteskunde askeak eta zuzenak eskatzen ditugu», esan du Suu Kyik.

Erantzun positiboa promes

Datorren apirilaren 1ean egingo dituzte aurreko bozetan hutsik geratu ziren 48 eserlekuak aukeratzeko hauteskundeak. Myanmarrek bi hauteskunde egin ditu hogei urtean. 1990ean izan ziren lehenengoak, baina baliogabetu egin zituzten Suu Kyik gehiengo zabala erdietsi zuelako; bigarrenak 2010ean izan ziren, baina Suu Kyiren alderdiak boikota egin zien, antidemokratikoak zirelako.

Gobernu zibila iritsi denetik, sindikatuak legeztatu ditu, zentsura arindu du, oposizioarekin elkarrizketa bultzatu du eta hainbat bake akordio sinatu ditu armada etnikoekin, besteak beste. Pauso gehiago emateko eskatu dio, ordea, Londresek. Ordainetan, Erresuma Batuaren erantzuna «oso positiboa» izango dela hitzeman dio Naypyidawi.

Halere, EB Europako Batasunak jarritako zigorrak kentzeko goizegi dela aitortu du Haguek. Dena dela, apirileko hauteskundeen ostean erabakiko du zigorrak kendu ala ez. Gainera, Myanmarren bulego bat irekiko duela iragarri du aste honetan Bruselak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.