Europako Batasuna

Errefuxiatuak hartzeko kuotari buruz eztabaidatuko dute gaur EBko buruzagiek

Europako Batasuneko estatuetako agintari gorenek urteko azken bilkura eginen dute Bruselan. Brexit-a, defentsa eta ekonomia izanen dituzte bertze eztabaidagai nagusiak.

Iheslari talde bat Eslovenia eta Australia arteko muga gurutzatzen. GYORGY VARGA, EFE
mikel rodriguez
2017ko abenduaren 14a
17:54
Entzun

Europar Kontseiluak defentsari buruzko eztabaidarekin hasiko du gaur urteko azken bilkura. Iragan azaroaren 13an EBko 23 estatuk erabaki zuten defentsa politika koordinatzeko erakunde bat sortzea (Pesco izenekoa, ingelesezko akronimoarekin), eta gaur espero da ofizialki ezarriko dutela agentzia militar hori. Gaurko agendaren arreta nagusia errefuxiatuak hartzeko kuota banaketak erakarriko duela espero da, estatu batzuek espero baitute ofizialki baztertuko dituela Europar Kontseiluak.

Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak egindako adierazpen batzuek sortu dute uste hori, 28 estatuei bidali dien eskutitz batean erran baitu kuoten auziak EBko estatuak "banatu" egiten dituela, eta zalantzan paratzen du erabaki horren eraginkortasuna. Frans Timmermans Europako Batzordeko presidenteordeak ukatu egin du neurri hori bertan behera utziko dutenik. Hala ere, Peter Szijjarto Hungariako Atzerri ministroa pozik agertu da Tusken eskutitzarekin. "Derrigorrezko kuotak ezartzea zentzu komunaren, Europako arauen eta kontinenteko segurtasunaren aurkakoa da", adierazi dio MTI agentziari. 

Europar Kontseiluak 2015ean erabaki zuen Italiara eta Greziara ailegatu ziren errefuxiatuetatik 160.000 EBko kideen artean banatzea, estatu bakoitzaren biztanleriaren, BPG barne produktu gordinaren, langabezia tasaren eta bertzelako eragileen arabera kalkulatutako kuotetan banatuta.  Plana betetzeko epea joan den irailean amaitu zen, baina 30.000 inguru hartu dituzte bakarrik. Azken urteotan Europara ailegatu diren errefuxiatu guztiak kontuan hartuta, hagitz kopuru txikia da —aurten 160.000 ailegatu dira IOM Munduko Migrazioen Erakundearen arabera, eta, iaz, 350.000 inguru—. Europako Batzordeak hilaren 7an Europako Batasuneko Justizia Auzitegira jo zuen Hungariaren, Poloniaren eta Txekiar Errepublikaren aurka, kuoten arabera dagozkien errefuxiatuak hartzeari uko egin diotelako.

Brexit-a

Bihar bukatuko da EBko estatuetako agintari gorenen bilkura. Brexit-aren negoziazioen lehenbiziko faseko emaitzei oniritzia emanen diotela espero da, eta bigarren fasea negoziatzen hasteko irizpide batzuk ezarriko dituztela. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak ez du parte hartuko biharko bilkuran. Gaur, hitza hartuko du afarian, eta bertze buruzagiei eskatuko die lehenbiziko fasean hitzartutakoa onartzeko, bigarren faseari ekin ahal izateko. Brexit-aren auzia dela-eta etxean kolpe gogorra jaso ondoren ailegatuko da May Bruselara, bere nahien aurka, Erresuma Batuko Komunen Ganberak erabaki baitu EBrekin batasuna uzteko behin betiko akordioa lortuz gero, Erresuma Batuan hori onartzeko azken hitza parlamentariek izatea, eta ez gobernuak. Alderdi Kontserbadoreko 11 diputatuk oposizioko alderdiekin bat egin zuten, eta horren ondorioz galdu zuen bozketa lehen ministroak. Stephen Hammond Alderdi Kontserbadoreko buruzagiordea izan zen horietako bat, eta Mayk kargutik kendu du.  

Atzerri politika eta ekonomia

Bertzelako gaiei dagokienez, gaur atzerri politikako bi gairi buruz mintzatuko dira: AEBek Jerusalem Israelen hiriburutzat onartzeko hartu duten erabakiaz, eta Ukrainako gerraz. Jerusalemi dagokionez, Federica Mogherini EBko diplomazia arduradunak aste honetan Bruselan Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari erran dio 28 estatuek "aho batez" erabaki dutela ez dutela bat eginen AEBekin, eta Europar Kontseilua Mogherinik errandakoa berrestekoa da —hedabide anitzetan argitaratu da Txekiar Errepublika prest legokeela Jerusalem Israelen hiriburutzat onartzeko—. Ukrainari dagokionez, EBko agintari gorenek eztabaidatuko dute Errusiari zigorrak bertze sei hilabeterako luzatzeari buruz, hura baitute gerraren erantzuletzat.

Bihar, berriz, batasun ekonomikoaren eta euroaren etorkizuna bermatzeko neurriei buruz eztabaidatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.