Protestak herrialde arabiarretan

Errefuxiatuen egoera kontrolpean duela dio Tunisiak

Herrialdean sartu diren milaka iheslari egiptoarrak aberriratzeko laguntza eskatu du Gobernuak

Erredakzioa
2011ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Libiatik Tunisiara ihesi doazen errefuxiatuen emariak ez du etenik, eta atzo ere milaka izan ziren Ras el Jedirko pasalekuan pilatu zirenak —15.000, Tunisiako agintarien arabera—. Tunisiako Gobernuak egoera kontrolpean duela erran arren, nazioarteko erakundeen laguntza «beharrezkoa» dela aitortu du, «giza hondamendia» saihesteko.

Tunisiako Osasun ministro Habiba Ben Romdanek herrialdean sartu diren milaka errefuxiatu egiptoar aberriratzeko laguntza eskatu dio nazioarteari; Hosni Mubaraken erregimenaren aurkako erreboltaren ondotik, Egiptok ez ditu egoerari aurre egiteko «beharrezko baliabideak», Ben Romdaneren arabera. Deiari erantzunez, Erresuma Batua errefuxiatu egiptoarrak hegazkinez aberriratzen hasi da. Tunisiako Gobernuak dioenez, Libiako errebolta hasi zenetik 73.000 errefuxiatu sartu dira herrialdean, gehienak egiptoarrak.

IOM Nazioarteko Migrazioen Erakundeak eta UNHRC Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak, berriz, Libiaren eta Tunisiaren arteko mugaren egoera «orduz ordu» larriagoa dela ohartarazi dute. Libiako aldean muga noiz pasako zain 40.000 lagun daude erakunde horien arabera, egoera hagitz prekarioan. Marokok jakinarazi du giza laguntza bidaliko duela Ras el Jedirrera.

Europan kanporaketarik ez

Europan, berriz, Frontex mugen kontrolerako agentziak iragarri du Afrika iparraldeko errefuxiatuak ez dituela aberriratuko. Frontexeko arduradun Ilka Laitinen Maltako Gobernuarekin elkartu zen atzo, egoeraren inguruan mintzatzeko. Mediterraneo itsasoko eguraldia hobetzean, Europara ailegatzeko asmoz Afrika iparraldetik errefuxiatu andana aterako dela uste du Frontexek. Horregatik, EB Europako Batasuneko herrialdeei eskatu die Maltari, Italiari eta Greziari laguntza emateko, «bai ekonomikoa, bai militarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.