Errefuxiatuak

Errefuxiatuen egoerari aurre egiteko «borondate politikoa» eskatu du NBEk

UNHCR errefuxiatuentzako agentziaren arabera, munduko herritarren %1 «desplazatu behartuen» biktima dira; denera, 82,4 milioi lagun. 

Siriatik iritsitako errefuxiatuentzako kanpaleku bat, Libanon. WAEL HAMZEH / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko ekainaren 18a
13:29
Entzun

NBE Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuentzako Agentziaren (UNHCR) arabera, errefuxiatu eta desplazatu kopuruak gora egin zuen iaz, bederatzigarren urtez jarraian. 2020an, 82,4 milioi lagun bizi ziren euren etxebizitzetatik urrun, gerretatik, indarkeriatik eta giza eskubideen urraketetatik ihesi. Agentziako buru Filippo Grandik adierazi du egoera inoizko okerrena dela, eta esku hartzeko exijitu die buruzagi politikoei.

Zehazki, %4 igo zen errefuxiatu eta desplazatu kopurua iaz, agentziaren arabera. Azken urteetako igoeraren adierazgarri da, ordea, beste alderaketa hau: 2011tik bikoiztu egin da kopurua, munduko herritarren %1 «desplazatu behartuen» biktima izateraino. Beraz, COVID-19ak eragindako pandemiak ez du goranzko joera eten, nahiz eta mugikortasuna eten eta muga ugari itxi. «[Datua] oso esanguratsua da, 2020. urteaz ari baikara; COVID-19aren urteaz, mugitu ez ginen urteaz, konfinatuta egon ginenaz. Halere, hiru milioi lagun gehiago diskriminaziotik, jazarpenetik eta bestelako indarkerietatik ihes egitera behartuak izan dira», azaldu du Grandik.

NBEren menpeko agentziak hirutan banatu du kopuru handi hori. Batetik, adierazi du 20,7 milioi errefuxiatu daudela munduan. Horien bi herenek bost herrialde dituzte jatorri: Siria (6,7 milioi), Venezuela (4 milioi —ez dute errefuxiatu estatusik—), Afganistan (2,6 milioi), Hego Sudan (2,2 milioi) eta Myanmar (1,1 milioi). UNHCRren zenbaketari, gainera, palestinar jatorriko 5,7 milioi errefuxiatu gehitu behar zaizkie, UNWRA Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Agentziaren pean daudenak.

Errefuxiatu gehienak (%86) euren jatorrizko herrialdeekin muga egiten duten lurraldeetan kokatu ohi dira. Hala, herritar gehien jaso dituzten herrialdeak Turkia (3,7 milioi), Kolonbia (1,7 milioi), Pakistan (1,4 milioi) eta Uganda (1,4 milioi) dira. Haien atzetik agertzen da gatazka guneetatik aparte dagoen lehen herrialdea, Alemania (1,2 milioi).

Errefuxiatu kopuruaren bikoitza inguru da barne desplazatuena, 48 milioi inguru. Horiek 2019an baino 2,3 milioi gehiago dira orain, batez ere, Tigrayko (Etiopia) gatazka armatuen, eta Sudango eta Somaliako egoeren ondorioz. Halere, herrialde ugari dira azken hamarkadetako barne gatazkei buelta eman ezinda jarraitzen dutenak ere. Hala, Kolonbia da desplazatu gehien dituen herrialdea, 8,3 milioi inguru. Atzetik daude Siria (6,7 milioi), Kongoko Errepublika Demokratikoa (5,2 milioi), Yemen (4 milioi) eta Somalia (3 milioi). Kopuru horietatik urrun egon arren, nabarmen gora egin du desplazatu kopuruak Erdialdeko Amerikan ere. Agentziak zabaldu duenez, El Salvadorren, Guatemalan eta Hondurasen igarri da gorakada nagusia. Denera, 867.000 lagun dira euren etxeak utzi dituztenak, askok AEBetara iristeko helburuarekin.

UNHCRk zenbatutako azken multzoa asilo eskatzaileek osatzen dute. Agentziaren arabera, 4,1 milioi lagun daude hartu dituen herrialdeen erantzun bat jasotzeko esperoan. Kopurua 2019koaren antzekoa da, baina iaz nabarmen egin zuten behera eskaera kopuruek, %43. Hala, 2020an 1,3 milioi asilo eskaera egin ziren mundu osoan. Jaitsiera horren atzean, munduko 160 herrialdek euren mugak itxi izana dago. Horietatik 99k, gainera, ez zuten salbuespenik egin babesa eskatzen zuten herritarrekin, ez behintzat lehen unean. Halere, agentziak uste du egoerak hobera egin duela, muga kontroletan osasun probak eta berrogeialdiak ezarri izanaren ondorioz.

Kontrara, 3,2 milioi barne desplazatu eta 251.000 errefuxiatu besterik ez ziren itzuli euren etxeetara. Atzerapauso baten erakusle dira kopuru horiek, aurreko urtekoak baino %40 eta %21 txikiagoak baitira, hurrenez hurren. Egoera irauli beharra dago, beraz, agentziaren arabera. Horretarako, Grandik nazioarteko potentzia nagusiei esku hartzeko eskatu die: «Konponbideak beharrezkoa du mundu mailako liderrek eta eragiteko ahalmena duten pertsonek euren ezberdintasunak albo batera uztea, eta ikuspegi politiko egoistak baztertzea». Haren esanetan, ezinbestekoa da «bakea, egonkortasuna, eta kooperazioaren indartzeko» lan egitea. Izan ere, agentziako buruaren hitzetan, kasu bakoitzaren atzean «desplazamendu, deserrotze eta sufrimendu istorio bat» dago, ez pandemiak, ez su-eten eskaerek eten ez dutena.

Haurrak arrisku larrian

NBEren agentziak argitaratutako txostenak argitu duenez, behartutako desplazatuen %42 adingabeak dira, eta, euren estimazioen arabera, 2018tik 2020ra bitartean, ia milioi bat haur jaio ziren errefuxiatu gisa. «Erbestean jaiotako hainbeste aurren tragedia nahikoa arrazoi izan beharko litzateke gatazkei eta indarkeriari amaiera emate aldera lan egiteko», nabarmendu du Grandik.

Izan ere, kasu askotan euren etxeetara itzultzeko aukerak oso murritzak dira errefuxiatuentzat. Hala, 1951ko Errefuxiatuen Estatutuen inguruko Hitzarmenak eta Errefuxiatuen inguruko Mundu mailako Itunak desplazatuentzako marko legal bat eta erresoluziorako tresnak eman arren, «borondate politikoa ezinbestekoa da ihes egitera behartzen duten gatazkei eta jazarpenera amaiera emateko», berretsi du Grandik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.