Gaur bildu dira 28 estatu kideetako Barne ministroak, eta bihar estatu eta gobernuetako buruzagiak. Gehiengo zabal batekin, Europako Batasuneko kideek 120.000 errefuxiaturen banaketa adostu dute. Aurka bozkatu dute Eslovakia, Errumania, Txekiar Errepublika eta Hungariak; Finlandia abstenitu egin da. Emaitza hori izanik, kontrako botoa eman dutenek ere derrigorrez hartu beharko dute errefuxiatu kuota bat.
Aurrena, Greziako (50.400) eta Italiako (15.600) zentroetan dauden 66.000 iheslari mugituko ditutze; bigarren urtean, berriz, Hungarian dauden 54.000 errefuxiatu birkokatuko dituzte.
Bezperan, derrigorrezko kuoten aurka azaldu dira hainbat herrialde. Hungaria, berak hala erabakita, ez litzateke kuoten banaketa horretan sartuko. Ingurumari horretan, hesi berriak eraikitzen hastea erabaki du Budapestek errefuxiatuei sarrera oztopatze aldera.
Alemaniak eta Frantziak jarrera aldaketa bat nabaritu dute Ekialdeko Europako agintarietan —hala esan zuten aurreko aste amaieran—, baina 120.000 iheslari banatzeko derrigorrezko kuoten aurkako jarrera berretsi zuten atzo Txekia, Eslovakia, Polonia eta Hungariako Atzerri ministroek, Pragan egindako bileran. Eta Viktor Orban Hungariako lehen ministroak izuaren mezua gogortu egin du.
«Ez dira ari Europari ate joka, gure ateak apurtzen ari dira». Mezu argia eman zuen Orbanek, Hungariako Parlamentuan, errefuxiatuei aurre egiteko armadari ahal handiagoak eman zizkion osoko bilkuran. Mugan errefuxiatuak geldiarazteko gomazko balak, gasa eta ur kanoiak erabili ahalko dituzte Hungariako soldatuek, atzo onartutako legearekin.
Apokalipsiaren atariko kontakizun bat egin zuen Hungariako lehen ministroak parlamentuan: «Gure mugak mehatxupean daude. Hungaria, eta baita Europa bera ere, mehatxupean daude. Milioika etorri daitezke». Serbiako mugan eraiki duten hesia «funtzionatzen» ari dela eta gainerako herrialdeei gauza bera egiteko aholkatu zien Orbanek: «Schengengo itunak mugak babestera behartzen du, eta, horretarako hesiak eraiki behar badira, eraiki ditzatela guztiek».
Alemaniako Atzerri ministro Thomas de Maizierek, berriz, Europako asilo eskubidea aldatzeko oinarri batzuk proposatu ditu, bere kabuz. Bruselak krisian diren herrialdeentzat «kuota finko eta eskuzabalak» ezartzea nahi du, eta horiek betetzean asilo eskaera gehiago ez onartzea. «Ezin ditugu mundu osoko errefuxiatu guztiak hartu, eta ezta Europako lurretan etorkizun ekonomiko hobe bat bilatu nahi dutenak ere», adierazi du De Maizierek.
Oztopo lasterketa
Turkiatik eta Greziatik Europa iparraldera bidean, Balkanetako igarobidean trabatuta jarraitzen dute Ekialde Hurbileko milaka iheslarik. Kroaziak Greziari ohartarazi dio migratzaile gehiago ez bidaltzeko iparralderantz —ontzi gutxiago iritsi dira Lesbos uhartera, akaso Egeo itsasoan ekaitza eman dutelako—, eta Serbiako mugako zortzi pasabideetatik zabalik zeukan bakarrean ibilgailuen zirkulazioa eten egin du Belgradek. Hungariak, berriz, Kroaziako mugan trenen zirkulazioa eten egin du Magyarboly eta Gyekenyeseko pasaguneetan. Asteburuan Hungariak ia 19.000 iheslari atzeman zituen, eta Austriako mugaldera eraman zituzten.
Errefuxiatuek dituzten traben aurrean, Siriako gatazka ikertzeko NBEk eratu zuen batzordeak eskaera argi bat egin die EBko estatuei, «munduko gudu zelai kaotiko eta hilgarrienetik» atera nahi duen errefuxiatuak hartzeko: «Gure begien aurrean eraitsi dute Siria. Eta siriarrek daukaten aukera bakarra ihes egitea da», ohartarazi du NBEren batzordeko buru Paulo Sergio Piñeirok.