La Pazeko gobernuaren eta erregaien alorreko multinazionalen artean lortutako lehen akordioak sinatu zitezen, herenegun arratsean, pribatizazio hitzarmenak izenpetu zituzten Komunikazio Jauregian. Evo Morales presidentea, izenpetze saioan, bere gobernukideez inguratuta zegoen. Moralesek argi eta garbi berretsi zuen nazionalizazio prozesuaren esangura: «Herrialde txiki eta azpigaratu bat garen arren, atzerriko enpresek gure legeak eta arauak bete egin behar dituzte eta betearaziko dizkiegu». Moralesek nazioarteko enpresek errespetua merezi dutela gaineratu zuen: «Nazioarteko enpresek errespetua merezi dute, jakina, baina beraiek ere begirunez jokatu behar dute gure herriarekin eta gure herriak ebatzitzako legeekin».
Evo Morales presidenteak gasa nazionalizatu ahal izateko dekretua iragan maiatzaren 1ean sinatu zuen. Testu honetan finkatuta zegoen herrialdean finkatutako nazioarteko multinazionalek sei hilabeteko epea zutela nazionalizazio prozesuaren baldintzak onartu edo herrialdetik alde egiteko. Gauzak horrela, finkatutako epea atzo gauerdian amaitzen zen. «Epe honen amaieran, nazioarte erregai konpainiekin lortutako aurrerakuntzen berri emango dugu». Carlos Villegas Quiroga Erregaien ministroak La Prensa egunkarian atzo argitaratutako elkarrizketan esandako hitzak dira.
Alabaina, herenegungo saioan, nazioarteko erregaien alorreko enpresek «oraindik zenbait ordu edo zenbait egun ere» zituztela erabaki bat hartzeko adierazi zuen Evo Moralesek. Hortaz, atzo iluntzea artean gobernuarekin akordiorik sinatu ez zuten nazioarteko enpresek datorren astearte gauerdi arteko epea lukete hori egiteko. Guztira hogei bat dira herrialdean lanean ari diren multinazionalak, nazionalizazio arauak ontzat hartu dituzten Total Fina Elf eta Vintage barne.
Boliviako presidenteak aitortu zuen nazioarteko enpresak herrialdean geratzea garrantzi handikoa litzatekeela, baina hauxe gaineratu zuen: «Boliviak inbertsioen premia gorria du eta horretarako bi bide bakarrik ditugu: zorretan sartzea edo parte-hartzaileak aurkitzea; egun, hain zuzen ere, Kuba eta Venezuela bezalako herrialde sozialistetan aurretik gertatu den legez, nazioarteko erregai konpainiekin hitzarmenak sinatzen ditugu, gure herrialdearen garapenean parte-hartzaile izan daitezen, ez, ordea, gure herriaren ondasun naturalen jabe».
KONPAINIEK LORTUTAKO MERKATUAK. La Pazeko agintariekin herenegunhitzartutako akordioen arabera, Total Elf Fina eta Vintage erregai konpainiek, beraz, ustiakuntza jarduerei eutsiko diete Bolivian. Frantzia eta Belgikako sozietateak Itauko erregai hobiak ustiatzen jarraituko du eta beste bi hobitan arakatze lanei ekinen die, horretan 1.900.000 milioi dolar inbertituta. AEBetako Vintage sozietateak, bere aldetik, Naranjillo, Porvenir eta Chaco hegoaldeko hobien ustiakuntzari eutsiko die. Enpresa honek guztira 220 milioi dolarreko inbertsioak egingo ditu.
Nazionalizazio dekretuan finkatutakoa beteta, baina, bi multinazional hauek eta akordioak sinatuko dituzten besteek Yacimientos Petrolifero Fiscales Bolivianos (YPFB) konpainia estatalari utzi beharko dizkiote etekinen %82. Hemendik aurrera, YPFBk finkatuko ditu merkaturatuko diren erregaien bolumenak zein ere salmenta prezioak.
Bolivian orain arte erregaien ustiakuntzako merkatu handienak dituen Brasilgo Petrobras konpainiak ohartarazi du, aurreko egunetako negoziazioetan, alde egitea aukera lezakeela. Atzo artean, haatik, ez zuen mehatxu hau bete. «Funtsezkoa da, proposatzen zaizkigun kontratuaren atalak onargarriak izan daitezen, gure jarduerarekin etekinak lortu ditzagun eta konfiskaziorik egon ez dadin», Brasilgo Atzerri ministro Celso Amorimek Globo TV telebista kateak plazaratutako elkarrizketa batean egindako ohartarazpena da. Petrobrasek egunean 26 milioi metro kubiko gas esportatzen ditu.
HIRUGARREN NAZIONALIZAZIOA. Boliviako historiko erregaien hirugarren nazionalizatzea da oraingoa. Aurretik izandako biak 1937 eta 1965. urteetan gertatu ziren. Morales aurretik, 1993 eta 1997 bitartean agintean egon zen Gonzalo Sanchez de Lozada presidenteak, aitzitik, ondasun naturalen pribatizazio olde bat bultzatu zuen. Herritar gehienen matxinatzeak bigarren agintaldi batetik baztertu zuen. 2003. urtean izan ziren matxinadei gogor jazarri zen gobernua eta indarkeria ekintza hauetan 60 lagun hil eta 400dik gora, aldiz, zauritu ziren.
kronologia
2006-05-01. Evo Morales presidenteak erregaiak nazionalizatzeko dekretua izenpetu zuen.2006-07-18. Boliviako gobernuaren aginduz, nazioarteko erregai enpresek herrialdean egindako inbertsio kopuruen azterketa bat abian jarri zen.
2006-09-14. Habanan (Kuba) bildutako Lerrokatu Gabeko Herrialdeen agintariek Boliviak ebatzitako nazionalizazio prozesuari babesa agertu zioten.
2006-09-15. Erregaien ministro Andres Solizek kargua utzi zuen eta Carlos Villegas Quirogak ordezkatu zuen.
2006-10-28. Total Fina Elf eta Vintange nazioarteko erregai konpainiek Boliviako gobernuarekin akordioa sinatu zuten.