Neurri hoiekin bestelako eredu ekonomiko bat abian jarri eta, hartara, etorkizunerako desio duen herrialdea eraikitzen hasi dela adierazi zuen presidenteak. Kubako Fidel Castro eta Venezuelako Hugo Chavez presidenteekin asteburuan bildu ondoren iragarri zuen neurria. Biek «sostengu iraultzailea» emango ziotela jakinarazi zioten presidenteari Habanan.
Nazioartea, oro har, eta multinazionalak, bereziki, kezkatuta agertu dira erregaiak nazionalizatzeko erabakiarekin. Enpresa bakar batek, dena den, ez du mementoz herrialdea uzteko asmorik agertu. Multinazionalen findegi eta gasolindegi nagusiak soldaduen kontrolpean daude.Petrobras enpresa brasildarra da herrialdean inbertsio gehien egin duena 1.500 milioi dolar eta erabakiaren aurrean neurriak hartuko dituela iragarri du. Jose Sergio Gabrielli enpresako presidenteak neurria alde batekoa izan dela salatu du: «Egoera tentuz aztertzera behartuta gaude orain». Brasilgo Silas Rodeau Energia ministroak gogor salatu du neurria: «Ez da lagun arteko keinua izan, eta orain arteko harremanen haustura dela ulertu daiteke». Brasilen kontsumitzen den gasaren erdia baino gehiago bertatik inportatzen da eta horrek krisi energetikoa eragin dezake.BG Group britainiarra itunak berriz negoziatu ahal izateko lege dekretuaren xehetasunen zain dagoela jakinarazi du. «Baldintzak jakin artean ez dugu susmo okerrik izango». Repsol YPF enpresak espainiarra eta argentinarra kontratuak berrikusteko jarrera agertu du. Espainiako Gobernua, alta, neurriarekin «oso kezkatuta» dago eta, nazioarteko beste hainbat agintariren moduan, neurriak alde biko harremanetan ondorioak izan ditzakeela ohartarazi du. Total petrolio enpresa frantziarrak informazioa eskuratu zain daudela adierazi du: «Ea zer gertatzen den». Europako Batasunak, berriz, neurria hartu aurretik «eztabaida eta kontsulta prozesu bat» martxan jarri ez izana deitoratu du. Moralesek aurretik erregaiak nazionalizatuko zituela iragarri bazuen ere, baldintzak ez zirela hain zorrotzak izango uste zuten multinazionalek. Lege dekretua onartu, auzia nazioarteko arbitraje baten esku utzi edo itunak eten eta herrialdetik alde egin dira multinazionalek izango dituzten aukerak. Sei hilabeteko epea izango dute multinazionalek orain arteko itunak lege dekretu berriaren arabera berritzeko. YPFB Boliviako Petrolio Hobi Fiskalak enpresa estatalaren esku jarri beharko dituzte bere ekoizpen guztiak.
Hirugarren nazionalizazioa
Erreserba naturalak pribatizatzeko prozesua hasi eta hamar urte bete direnean eman du nazionalizazio agindua Moralesek. Boliviako historiaren hirugarren nazionalizazioa da. Standart Oil enpresa estatubatuarraren ondasunak nazionalizatu zituzten 1937. urtean gisa horretako aurreneko neurria izan zen Hego Amerikan- Gulf Oil enpresa estatubatuarrarekin neurri bera hartu zuten 1969. urtean. Neurriak sostengu zabala du herritarren artean, baina kezka ere eragin du. Boliviak ez du erreserbak kudeatzeko azpiegiturarik eta horrek nolabaiteko krisia eragin dezake. Maiatzaren amaieran, gasa eta petrolioa industrializatzeko agindua ematekoa da presidentea. Orain arteko nazionalizazioak ez dira eragingarriak izan pobre bizi diren herritarren egoera hobetzeko.
Datua
48,7
Boliviak 46,7 oin kubiko gas erreserba ditu. Hego Amerikako bigarren erreserba da. Venezuela da aurrenekoa: hiru bider gas erreserba gehiago ditu. Tarija %80 eta Santa Cruz %10 eskualdeetan daude erreserba handienak. San Alberto eta Sabalo eremuetan eguneko ehun milioi oin kubiko gas ekoizten dira. Erregaiak nazionalizatzeko erabakiarekin datorren urtean 780 milioi dolar jasoko ditu Boliviak egun 460 milioi dolar jasotzen ditu.