Evo Morales Boliviako presidenteak bertan behera utzi du orain dela astebete erregaien prezioa igotzeko hartutako erabakia. Dekretu bidez hartutako neurriak herritarren haserrea piztu eta protesta olde handia eragin zuen herrialdean.
«Herriari men eginda, 748 dekretua bertan behera uzteko erabakia hartu dut», azaldu zuen presidenteak ostiral gauean telebista bidez zabaldutako mezuan: «Nire gobernua herriaren sufrikariotik sortu da eta agintean egotea herriari eta haren ordezkariei zor diet».
Joan den abenduaren 26an plazaratutako dekretuak erregaien arloari exekutiboak urteroematen dion 284 milioi euroko diru laguntza kentzea zekarren. Erabaki honen ondorioz, gasolina %73 eta gasolioa %83 garestitzea eragin zuen. Jarraian ere, garraioen eta oinarrizko produktuen —elikagaiak bereziki— prezioak nabarmen igo ziren. Eta egoera honek herritarren kezka eta haserrea piztu zuen, eta horren ondorioz, protesta olde handia sortu zen. Garraio arloko enpresek greba eguna egin zuten ostegunean eta milaka lagun atera ziren kalera La Paz hiriburuan zein beste hiri askotan, hala nola Cochabamba, Potosi, Santa Cruz edo Oruron. Manifestariek presidentearen eta haren gobernuaren «traizioa» salatu dute egunotan.
Erregaien arloari diru laguntzak kentzeko erabakia hartzean, Moralesek azaldu zuen erregaiak merke izateak «kontrabando handia» eragiten duela auzoko herrialdeetara, Argentina, Brasil, Peru eta Txile, kasu.
Erregaien prezioa igotzeko erabakia bertan behera utzi du Boliviako presidenteak
Arloa diruz laguntzeak kontrabandoa hazten duela zioen Moralesek; erabakiak protesta olde handia piztu zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu