Adierazpen askatasuna

Erregearen aurkako irainen legea ezabatu du Belgikak, Valtonyc rap kantariaren eraginez

1847ko legea Konstituzioaren kontrakoa dela erabaki du Belgikako Auzitegi Konstituzionalak. Erabakiak zaildu egingo dio Espainiari rap kantariaren estradizioa.

Valtonyc abeslaria —ezkerrean—, Meritxell Serret, Carme Forcadell, Oriol Junqueras, Carles Puigdemont, Dolors Bassa, Raul Romeva, eta Toni Comin,  Waterloon (Flandria), uztailaren 7an.. STEPHANIE LECOCQ / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko urriaren 28a
16:02
Entzun

«Garaipena» deklaratu du Simon Bekaert abokatuak sare sozialetan idatzitako txio batean. [Belgikako] Auzitegi Konstituzionalak indargabetu egin du «Erregearen aurkako irainen legea, adierazpen askatasunaren aurkakoa dela adierazita. Urrats historikoa Belgikako barneko lege ordenarentzat, eta albiste ona Valtonycen estradizioaren aferarentzat».

Espainiak Josep Miquel Arenas Valtonyc rap kantariaren aurka abiaturiko kanpaina juridikoak Europako beste herrialde bateko legeetan lurrikara bat eragin du gaur. Mallorcako (Herrialde Katalanak) abeslariari hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak 2017an, bere abestietan «terrorismoaren gorazarrea», mehatxuak eta Espainiako koroari irain egitea leporatuta. Hurrengo urtean, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen zigorra, eta abeslaria Flandriara erbesteratu zen, kartzelara sartzeko epea bukatzen zitzaion egunean. Geroztik, hura estraditatzeko hainbat eskaera egin dituzte epaile espainiarrek.

Eskaeretako batek ekarri du Belgikako Auzitegi Konstituzionalak gaur emaniko ebazpena. Izan ere, Belgikako Justiziak onartzen du norbait estraditatzea, baldin eta akusatuari leporaturikoa Belgikan ere delitua bada. Musikariaren kasua aztertzen duen Ganteko auzitegiak epaiketa aurreko galdera egin zion Konstituzionalari, ebatz zezan erregea iraintzea Belgikan ere zigortzeko modukoa ote den.

Eta erabaki argia plazaratu du gaur Konstituzionalak: «Erregearen aurkako irainak zigortzen dituen 1847ko legearen lehen artikuluak Konstituzioaren 19. artikulua bortxatzen du, Giza Eskubideen Europako Hitzarmena kontuan hartuta». Hau da, adierazpen askatasuna defendatzen duten legeen aurkakotzat jo du herrialdean 174 urtez indarrean egon den legea.

Auzitegiak argudiatu du, besteak beste, ezin zaiola estatuburuari beste edozein herritarri baino lege babes handiagoa eman, adierazpen askatasunaren kontuei dagokienez. «Disposizio horrek ez dio erantzuten gizartearen behar larri bati, eta erabat proportzioz kanpokoa da, Erregearen izen ona babesteko helburuari dagokionez».

Abeslariaren abokatuen arabera, erabakiak are gehiago zailduko dio Espainiari Valtonycen estradizioa lortzea.

Besteak beste, No al borbó abestian esandakoengatik zigortu zuen Espainiak musikaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.