Egun batean gauzak asko aldatzen dira Libian, eta ordu gutxitan garaipen hitzetatik etsipenezkotara igaro ziren atzo. Gaddafik herria armatuko zuela esan zuen bitartean, haren seme Seif al Islamek borroka galtzen ari direla onartu zuen, eta oposizioari negoziatzeko deia egin zion. «Arazo bat daukagu. Terroristekin aritu beharra dugula, eta armadak ez erasotzea erabaki du, haiekin negoziatzea. Zortea badago modu baketsuan egingo dugu, eta bihar [gaur] izango da».
Bengazin ez dagoela «ez poliziarik, ez armadarik» esan zuen goizean, eta ekialdeko bertze bi hiri, Al Baida eta Darna, «terroristen» esku erori direla. Horrez gain, bi hiri horietan «emirerri islamiko independenteak» aldarrikatu dituzte. Ekialdetik at, herrialdean «normaltasuna» nagusi dela esan zuen Seif el Islamek, Misratan eta Az Zauijan izan ezik.
Tunisian eta Egipton ortzirale eguerdietako otoitzen ondotik antolatu zituzten Amorruaren Egunak, eta Zine el Abidine Ben Ali eta Hosni Mubarak diktadoreak bidaltzea lortu zuten hurrenez hurren. Libian, eredu horiei jarraitu nahian, eguerdiko otoitzen ondotik milaka manifestari atera ziren kalera herrialde osoan atzo, Muammar Gaddafiren erregimena buka dadila eskatzeko, eta aldaketak, bederen, lortu ditu. Deialdiaren harira, Gaddafik Tripolin ezarritako kontrolzorrotzari aurre egin zion oposizioak, eta hiriburuan erregimenaren aurkako borrokak hasi ziren berriro. Oposizioak su-etenari erantzuten badio beste garai bati hasiera emango diote Libian.
Al Jazeeraren arabera, herrialde osoan bezala, Tripolin ere protesta deialdia egina zegoen ortziral eguerdiko otoitzen ondoren manifestazioa egiteko. Kateak dioenez, manifestariak karrikara atera direnean Gaddafiren aldeko indar armatuek tiro egin diete, eta gutxienez sei lagun hil dituzte. Nidar Nauan kazetariak Tripoli bertatik Al Jazeerari adierazi dioenez, borrokak gutxienez bortz auzotara hedatu dira. Horrez gain, Muitika hegazkin baseko militarrak —Tripoliko handiena— erreboltaren alde paratu direla jakinarazi du Al Jazeerak.
Libiako ekialdea eta mendebaldeko hiri batzuk galdu arren, Gaddafik aste osoan gogor kontrolatu du Tripoli. Erregimenak ezarritako blokeoak anitz zaildu du hiriburuko egoeraren informazioa eskuratzea, baina nazioarteko hedabideek lekukoen bidez jakinarazi dutenaren arabera, asteartetik aitzinera ia ez da protestarik egon; bertzeak bertze, Gaddafiren aldekoek zibilei tiro egin dietelako karriketan.
Mendebaldeko bertze hainbat hiritan ere gatazken berri eman dute hedabideek. Al Jazeerako berriemaile baten arabera, Mselata hiritik 2.000 lagun inguru Tripolirantz abiatu ziren hango manifestariekin bat egiteko. Bidean Gaddafiren mertzenario talde batekin topo egin eta elkarri tiro egin zioten, berriemaileak dioenez. Izan ere, Al Jazeerak dio mendebaldeko errepideak mertzenarioen esku daudela.
Herrialdeko hirugarren hiririk handienean, Misratan, Gaddafiren aldekoek aireportuari eraso egin diote, baina Al Jazeeraren arabera oposizioaren esku dago, Zuuara bezala (Tunisiako mugatik hurbil).Az Zauijan, berriz, leherketen berri eman du —herenegun ehun hildakoren berri eman zuten—.
Koalizio Iraultzailea Bengazin
Ekialdean, berriz, oposizioaren boterea gero eta sendoagoa da. Indar erakustaldirik handiena Bengazin egin dute Gaddafiren aurkakoek.Kurina-ren arabera milioi inguru lagun elkartu dira erregimenaren aurkako protestan. Arratsaldean, berriz, Koalizio Iraultzaileak prentsaurrekoan iragarri du Bengazin agintea hartu duela. Oposizioko indarrek antolatu dute koalizioa, eta hiriko administrazioaz gain, «hiri aske» guztiekin elkarlanean aritzea dutela helburu adierazi du. Bengazi «kalifato islamiko» bihurtu dela irmo ukatu du.
Hildakoen kopurua erregimenaren arabera, erreboltak hasi zirenetik 242 lagun hil dira. NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen goi mandatari Navi Pillayren arabera, ordea, «milaka» izan daitezke hildakoak.
Erregimena negoziazio eske
Gaddafiren seme Seif al Islamek erregimena borroka galtzen ari dela onartu du, eta armadak ez duela eraso egingo ziurtatu duMendebaldean oposizioa indartzen ari da, eta ekialdean, berriz, agintea antolatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu