Niloko deltako lantegi bateko grebalariei sare sozialen bidez babesa agertu zietenean, inork ez zuen imajinatzen ahal handik hiru urtera maiz elkartuko zirenik lehen ministroarekin. Apirilaren 6ko greba egun hartatik jaso zuen izena mugimenduak, eta, orduz geroztik, erregimenaren kontrako hainbat ekimen antolatzen aritu dira, harik eta duela sei hilabete manifestazio handi baterako deiaegin zuteneraino; Kairoko Tahrir plazan milaka lagun bildu ziren urtarrilaren 25ean. Iraultzak sendoago bihurtu du mugimendua, eta egun giltzarria da trantsizioa bideratzeko negoziazioetan.
Taldeko sortzaileetako bat da Ahmed Maher (Alexandria, 1980). Mugimenduaren hastapenetan atxilotu zuten, eta orain iraultzaren ikurretako bat da. Azaltzen duenez, ez dio utzi nahi ingeniari zibila izateari, ez du «oraingoz» politikarako pausoa eman nahi, baina, hala ere, bospasei kazetariren galderei erantzun behar izaten die egunero-egunero. BERRIA-ren galderak labur-zehatz erantzun ditu hiriburuko taberna ezagunenetako batean, terrazan eserita, shisha erretzen ari zela.
Hosni Mubarak presidente ohiaren kontrako epaiketaren bigarren saioa egin dute. Zer iritzi diozu epaiketari?
Mubaraken abokatua prozesua ahalik eta gehien luzatzen saiatzen ari da hasieratik; koma egoeran zegoela esan izana horren erakusle izan zen. Auzia, hala ere, justiziaren eskuetan dago; beraz, ikusteko dago zer gertatuko den. Mubarakek kartzelan amaituko duela uste dut, eta denborarekin haren erregimenaren sekretuetako asko jakingo ditugula..
Aski al da diktadorea akusatuen aulkian egotea?
Guretzat epaiketa garrantzitsua da, baina ez da helburu nagusia.
Zeintzuk dira, orduan, zuen aldarrikapen nagusiak une honetan?
Bestelako Egipto bat eraikitzea da gure lehentasuna, eta horretan ditugu jarriak indar guztiak. Une honetan, garrantzitsuena hauteskunde legea aldatzea da; izan ere, alderdi guztiek baztertzen dute lege hori. Legebiltzarrerako hauteskundeetan beren kabuz aurkezteko aukera izango dute hautagaiek lege horren arabera, hau da, independente gisa, edozein alderdiren babesik gabe, eta hori erregimenaren gertukoen mesederako izango da; Mubaraken Alderdi Demokratiko Nazionaleko kide ohiek aurkeztu ahal izango dute, eta, aurreikusi dugunez, hautagaien erdiak izan daitezke; beraz, norbanakoen hautagaitza kopurua murrizteko eta alderdien zerrendak sustatzeko ahaleginean ari gara. Auzitegi militarrak bertan behera utz ditzaten ere saiatzen ari gara; izan ere, ehunka zibil epaitu dituzte azken hilabeteotan auzitegi militar horietan.
Demokraziarako bidean Egipto norabide onean dagoela uste al duzu?
Egia da arazo ugari izan ditugula; baina, oro har, bide onean gaudela uste dut. Denbora pasatuko da, bizpahiru urte, baina hori ere iritsiko da. Lortuko dugu.
Tahrir plazako iraultza historikoa izan zen. Espero al zenuten babes hura?
Inork ez zuen iraultza hau espero; ezustean harrapatu gintuen. Horregatik doa orain doan bezala; azkarregi, akaso. Denbora pasatuko da, hiruzpalau urte agian, herrialdea erabat kokatu arte.
Eta zeinek aterako du etekin handiena?
Anaia Musulmanak daude prestatuen; izan ere, erregimenaren garaian baztertuta bazeuden ere, antolatuta zeuden bakarrak ziren, hortaz, beraiek aterako dute onura gehien iraultza honetatik. Ramadanaren aurreko ostiralean, uztailaren 29an, beldurgarria zen manifestazioa ikustea; Tahrir islamistaz beteta zegoen. Egipto, hala ere, ez da herrialde salafista, herritar gehienak zentrokoak dira, eta gehiago dira islamistak ez direnak hala direnak baino.
Zuen mugimendua goi mailako ikasketak dituzten gazteez osatuta dagoela esan izan da, eta, alde horretatik, gutxiengo zaretela. Ideia horri aurre egiteko ahaleginean ari zarete auzo pobreetan, baina horietan sendoagoak dira Anaia Musulmanak...
Egiptoko 27 eskualdeetatik 24tan ditugu ordezkariak, eta denetan politika soziala egiten ari gara. Auzoz auzo joaten gara gazteak dituzten arazoez galdekatzen, eta arazo horiei irtenbide bat ematen saiatzen gara. Egia da auzo horietan ez dugula anaiek duten babesa, ez eta beraiek dituzten baliabideak, baina egunetik egunera gero eta sostengu zabalagoa daukagu. Gure mugimenduak, sare sozialetako babesetik haratago, jada 25.000 kide dauzka, eta kide horiek, hilero bazkide saria ordaintzeaz gain, kalean ari dira lanean.
Ba al duzue politikara salto egiteko asmorik?
Une honetan ez, agian hemendik lau edo bost urtera. Lan eskerga daukagu auzoetako jendea mobilizatzen, eta uste dugu garrantzitsuena une honetan horixe dela.
Nolakoa izango da azaroko bozen ostean sortuko den Parlamentua?
Hauteskundeak gardenak izango direlakoan nago, baina ez dago emaitza jakiterik. Oker ez banago, islamistek eserlekuen %30-40 inguru eskuratuko dituzte, ordezkari laikoek %30, eta erregimenaren ondorengoek beste %30. Litekeena da banaketa horrelakoa izatea, eta aurreikuspenean asmatzen badut, kaltegarria izango litzateke herrialdearentzat.
Duela hainbat aste armadako goi agintari batek herrialdea ezegonkortu nahi izateaz akusatu zintuzten iskanbila batzuen harira. Mendebaldeko botereen aginduetara aritzea ere leporatu zizuten...
Armadako Kontseilu Gorenaren eskuetan dago egun boterea, eta militarrek euren planari eusten diote, eta plan hori gurearen oso bestelakoa da. Beraiek trantsizio lasaia nahi dute, aldaketak motelak izan daitezen. Guk, berriz, benetako aldaketak aldarrikatzen ditugu orain, erregimena zeharo alda dadin. Ez gara alderdi politiko bat, eta ez dugu interes handirik bozetan; erregimenaren ezaugarri ziren elementuak ezabatzea nahi dugu. Tahrirren horregatik kanpatu ginen berriz ere uztailaren 8an, eta horregatik joan ginen militarren egoitzara, baina gu ez ginen istilu horien erantzule izan. Beraien kontrako salaketa jarri genuen, eta orain ikerketarekin zer gertatu zain gaude. Oinarririk gabeko akusazio hura gure mesederakoizan zen, orain babes handiagoa baitugu.
Ahmed Maher. Apirilaren 6ko Mugimenduko kidea
«Erregimena zeharo alda dadin, benetako aldaketak aldarrikatzen ditugu orain»
Mubarakek kartzelan amaituko duela uste du iraultzaren ikur bilakatu den mugimenduko koordinatzaileak; diktadorearen aurkako epaiketa garrantzitsua bada ere lehentasuna demokrazia bermatzea dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu