Erregimenak bertze hiri bat berreskuratu du Sirian

Idlib hartuta, oposizioaren gotorleku nagusiak azpiratzea lortu du Baxar al-Assadek, matxinadaren urteurreneanBarack Obamak eta David Cameronek esku hartze militarra baztertu dute

mikel rodriguez
2012ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Herrialde arabiarretako matxinaden harira Baxar al-Assaden erregimenaren aurkako lehenbiziko manifestazioak duela urtebete lehertu ziren Damaskon. Tunisian, Egipton eta Libian orduko agintariak boteretik kendu zituzten arren, Al-Assadek presidentetzan beteko du urteurrena, eta oposizioko indarren gaineko garaipen militarrek indartuta, gainera. Izan ere, duela bi aste baino gutxiago Homs hiria berreskuratu ondoren, Siriako Armada Askea delakoaren bertze gotorleku nagusia berreskuratu du erregimenak: Idlib hiria. Gatazkaren bide diplomatikoa ez dago itxita, ordea. Kofi Annanek bihar jakinaraziko dizkio NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari Al-Assadek konponbiderako proposamenei emandako erantzunak.

Idlib hiria ipar-mendebaldean dago, izen bereko probintzian, Turkiako mugan. 150.000 biztanle inguru ditu. Larunbatean hasi zuen armadak hura berreskuratzeko erasoaldia. Siriako Al-Watan egunkariaren arabera, astearte arratserako lortu zuen helburua. Siriako Armada Askeak ere berretsi du hiria utzi duela, baina, Homseko kasuan bezala, «erretiratze taktikoa» izan dela erran du. «Siriako Armada Askeak gibelera egin du arma arinekin ezin dielako aurre egin Al-Assaden tropek erabiltzen dituzten arma astunei», erran du Malek al-Kurdi militar desertoreen buruzagiordeak. Al-Kurdiren arabera, Al-Assaden indarrek «atxiloketa, hilketa eta tortura» kanpaina bat abiarazi dute hirian. Nureddin al-Abdo Idlibeko ekintzaileak BBCri azaldu dionez, soldaduak «etxez etxe» ibili ziren atzo. Datu horiek berrestea, ordea, hagitz zaila da hedabideen edo iturri independenteen presentzia eskasagatik.

Idlib probintzia izan da gatazkatik ihesi Turkiara igarotzeko pasabide nagusia —NBEren arabera, 13.000 iheslari daude Turkian—. Armadak iazko ekainean egin zuen han lehenbiziko erasoaldia, «talde armatuak» zeudelako. Orduz geroztik, Siriako Armada Askearen izenarekin bildu diren taldeen eta Damaskoren indarren arteko borroken gune nagusienetako bat izan da. Oposizioko Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera, matxinada hasi zenetik iragan hilaren hasierara arte 883 lagun hil zituzten guztira Idlib eskualde osoan.

Daraan eta Homsen borrokak

Bertze bi gatazka gune nagusiak Daraa eta Homs hiriak izan ziren atzo, Siriako iturrien arabera. Daraan oposizioko hainbat indarrek salatu dute armadak hiria bonbardatu duela. Londresen kokatutako Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, hamahiru lagun hil dituzte. Siriako Armada Askeak Jordanian duen bozeramaile Muncif al-Zaimek, berriz, erran du erregimenak 130 tanke inguru bidali dituela Daraara. Matxinadaren lehen astean hango protestetan ehun lagun inguru hil zituztela salatu zuten oposizioko taldeek iaz.

Homsen, ordea, erregimenak egin du salaketa. Ia bi aste badira hiriaren kontrola berreskuratu zuela, baina «talde terrorista armatuek» herenegun hamabortz lagun hil zituztela argitaratu du Sana estatuko agentziak. Hildakoen artean emakume bat eta haren lau seme-alaba daudela dio iturri horrek. Horrez gain, iragan igandean Homsen Herri Koordinaziorako Batzordeek salatutako sarraskiaren egileak atxilotu dituztela erran du Damaskok. Oposizioko taldeak erregimenaren aldekoei egotzi zizkien hilketak, baina Damaskok erran du, ordea, sarraskia egin duten «terroristak» atzeman dituela.

«Trantsizioa», lehentasuna

Armak hartu zituzten taldeak azpiratzen ari da erregimena, eta berriki Persiako golkoko herrialdeak horiei armak ematearen edo militarki esku hartzearen alde agertu dira. Barack ObamaAEBetako presidenteak eta David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak, ordea, esku hartze militarra baztertu dute Etxe Zurian elkarrekin egindako agerraldian. Cameronek erran du lehentasuna «trantsizioa lortzea» dela, «ez iraultza sustatzea». Eman nahi dituzten pausoak zein diren ere azaldu du: giza laguntza helaraztea eta erregimenari presioa mantentzea, «zigorrak gogortuz». Obamaren arabera, berriz, oposizioa «gero eta indartsuagoa» da, eta «denbora kontua» izanen da Al-Assadek boterea galtzea. NBEren eta Arabiar Ligaren Siriarako ordezkari berezi Annanen lanaren alde agertu dira biak.

Annanek atzo jaso zuen bideokonferentzia bidez Al-Assadi egindako proposamenaren erantzuna. Mandatari bereziak ez du xehetasunik eman nahi izan, bihar Segurtasun Kontseiluko hamabortz kideen aitzinean agerraldia eginen duelako. Annanen misioaren helburua da su-etena lortzea, giza laguntzaren sarrera bermatzea eta elkarrizketa politikoa abiatzea. Siriako Atzerri Ministerioaren bozeramaileak agerraldia egin zuen bideokonferentziaren berri emateko, baina ez du edukien xehetasunik eman. Annani erantzun «objektibo eta argigarria» eman diotela erran du Yihad Maqdesik, eta mandatari bereziaren misioa «arrakastatsua» izan dadin «konprometituta» daudela.

AIren tortura salaketa larriak

Human Rights Watchek erregimenak mugetan minak paratu dituela salatu ondoren, AI Amnesty Internationalek erregimenaren «errepresio sistematikoa» salatu du txosten batean. Oposizioko talde armatuen ekintzak ere gaitzetsi ditu AIk —hilketak eta bahiketak aipatu ditu—, baina txostena erregimenaren errepresioan finkatu du erabat. Jordanian errefuxiatutako hemeretzi herritarren testigantzak bildu ditu, eta 30 tortura metodo azaldu ditu. Horien artean aipatu ditu elektrizitatearen erabilera, bortxaketak, kolpeak, jarrera behartuak eta espazio txikietan atxilotuak pilatzea. AIren arabera, 276 lagun hil dira Siriako atxiloketa guneetan matxinada hasieratik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.