Protestak herrialde arabiarretan

Errenditzeko epea amaitu baino lehen sartu dira erreboltariak Bani Ualidera

Interpolek Gaddafi eta haren seme Saif al Islam atxilotzeko agindua eman du, Hagako Auzitegiak eskatuta

2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Matxinoak Bani Ualidera sartu dira, atzora arte behintzat Muammar Gaddafiren mende jarraitzen zuen hirira. Gaur zen amaitzekoa erreboltariek Bani Ualid eta Surt hiriei errenditzeko emandako epea, baina hori amaitu aurretik sartu dira. Izan ere, atzo liskarrak izan ziren bi hiri horien kanpoaldean. Matxinoen esanetan, erregimenaren jarraitzaileek Grad misilak jaurti zizkieten Bani Ualid kanpoaldean zeuden erreboltariei, NATOk inguru horretan eraso egin ondoren; hiru lagun hil eta zazpi zauritu zituzten. Surt inguruan ere izan ziren erreboltarien eta erregimenaren aldekoen arteko liskarrak.

Matxinoek diote iparraldetik, hegoaldetik eta ekialdetik sartu direla Bani Ualidera eta Gaddafiren indarren aurka borrokan ari direla. «Laster hau guztia amaitzea espero dugu». Erreboltariek emandako datuen arabera, erregimenaren aldeko hiru lagun eta matxino bat hil dituzte, hiriaren barnean izandako borroketan. Mahmud Jibril Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko buruak argi utzi zuen ostegunean erasoak jasoz gero borroka egingo zutela, eta hala egin dute. Izan ere, Gaddafiren indarrek indartzeko eta egituratzeko erabili dute errendiziorako epea, Jibrilen arabera.

Bani Ualiden erregimenaren aldeko 200 lagun inguru daude, matxinoen esanetan, armaturik; teilatuetan, berriz, frankotiratzaileak daude. «Ez dute urik, eta janaririk ere ez. Jende askok atera egin nahi du, baina ez dute autoak martxan jartzeko erregairik, eta Gaddafiren indarrek ez diete hiritik ateratzen uzten», adierazi du Khalid Ahmuda Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko kideak.

Interpolen atxilotzeko agindua

Gaddafi, haren seme Saif al Islam eta Abdula al Senussi zerbitzu sekretuetako burua atxilotzeko agindua eman du Interpol Nazioarteko Polizia Erakundeak; 188 estatu kideri bidali die agindua. Neurri horren bitartez, «nazioarteko mugak zeharkatzeko gaitasuna nabarmen mugatuko zaie, eta errazagoa izango da non dauden jakitea eta atxilotzea», Interpolen esanetan. Erabaki horren bidez, gainera, babesa eman nahi izan dio Trantsiziorako Kontseilu Nazionalari.

Hagako Auzitegiak ekainean eman zuen Gaddafi atxilotzeko agindua, eta ostegunean laguntza eskatu zion Interpoli. Erakundeak azkar erantzun dio, eta argi utzi du Hagarekin eta Trantsiziorako Kontseilu Nazionalarekin elkarlanean arituko dela koronela harrapatzeko. Iheslaritzat jo du Interpolek erregimeneko burua, eta atxilotuz gero nazioarteko auzitegiren batera eramango dutela adierazi du.

Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak, dena den, Libian bertan epaitu nahi du Gaddafi. «Bizirik harrapatu nahi dugu. Bidezko tratua emango diogu, berak bere etsaiei eman ez zien bezala», adierazi du Mustafa Abdeljalil erreboltarien buruak. «Gizateriaren aurkako krimenengatik epaituko dugu».

Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiaren ustez, bestalde, erreformak egiteko gai ez izatea izan da Gaddafiren erregimenaren oker bakarra. 2004. urtean babesa eman zion Blairrek Libiako koronelari, arma kimiko, biologiko eta nuklearrei publikoki uko egin ondoren, eta ez da damutzen.

NATOrentzat, berriz, koronela atxilotzea ez da lehentasuna. «Ez gaude hemen Gaddafi harrapatzeko. Gure helburu bakarra zibilak babestea da, eta hemen egongo gara zibilek arriskuan jarraitzen duten artean», esan du Anders Fogh Rasmussen aliantzako idazkari nagusiak. Bien bitartean, erregimenaren jomugei eraso egiten jarraitu du NATOk. Gutxienez hamazazpi jomuga suntsitu zituen atzo, Bani Ualid, Sabha, Surt eta Uaddan hirien inguruetan. Martxoan misioa hasi zuenez geroztik, 5.000 jomuga baino gehiago suntsitu ditu aliantzak.

Nigerrera ihesean

Nazioartea eta matxinoak Gaddafi eta haren ingurukoen bila ari diren bitartean, erregimeneko hamalau kidek Nigerrera ihes egin dute, eta Agadez hiriko hotel batean daude. «Lau ibilgailutan ailegatu ziren ostegun arratsaldean», azaldu du lekuko batek. Goi kargudunak dira Nigerrera joandako lau lagun, eta horietatik bi, jeneralak —Ali Kana eta Ali Sharif al Rifi, aireko armadako buruzagia—. Nigerko Gobernuak ez du informazioa baieztatu.

Aste honetan hainbat konboi militarrek zeharkatu dute Nigerrerako muga. Erregimeneko hainbat kide zihoazen konboi horietan, eta Gaddafi bera ere Nigerrera ihesean zihoala pentsatu zuten matxinoek. Koronelak, ordea, Libian jarraitzen duela jakinarazi zuen ostegunean audio grabazio baten bidez. «Arrazoi humanitarioengatik» hartu ditu Nigerrek erregimeneko kideak, baina nazioartea presio egiten ari zaio lagun horiek atxilo ditzan. Astelehenean Mansur Dao hartu zuen Nigerrek, Gaddafiren segurtasun brigaden burua.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.