Hiru eguneko epea eman die Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak Gaddafiren jarraitzaileei errenditu eta mendean dituzten hiriak utz ditzaten, Surt barne. «Larunbaterako hiria modu baketsuan hartzeko modurik ikusten ez badugu, militarki hartuko dugu. Ez dugu hori nahi, baina ezin dugu gehiago itxaron», adierazi du Mustafa Abdeljalil-ek, erreboltarien presidenteak. Joan den astetik ari dira matxinoak Surteko herritarrekin hitzarmen bat egin nahian, baina ez dute lortu Muammar Gaddafiren jarraitzaileek amore ematerik.
NATOk, berriz, Gaddafiren erregimenaren jomugei eraso egiten jarraitzen du, eta, atzo adierazi zuenez, Surt ingurua bonbardatzen ari da, batez ere. Astelehenean bildu ziren Abdeljalil eta NATOko arduradunak Qatarren; Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko presidenteak argi utzi zuen segurtasuna bermatzeko ez dutela nazioarteko tropen beharrik. «Gure gazteen aldeko apustua egin dugu, eta ziur gaude mereziko duela», adierazi zuen Abdeljalilek bileratik ateratzean. NATOk, ordea, Libiako misioarekin jarraitzeko asmoa du, «beharrezkoa den bitartean».
Zuuara hirian ere borrokan ari dira erreboltariak eta Gaddafiren jarraitzaileak. Tunisiako mugan dago Zuuara, eta erreboltarientzat garrantzitsua da hiria kontrolpean izatea, Tripoliko herritarrek Tunisiatik bidaltzen duten giza laguntza eta hornidura jaso dezaten. Horrez gain, Zuuararen eta Tunisiaren arteko lur eremuan petrolioa ustiatzeko lantegi garrantzitsua dago, eta bi aldeek izan nahi dute ustiapenaren kontrola.
Normaltasunerako pausuak
Gutxika, normaltasunera itzultzen ari dira Tripoliko herritarrak. Azken egunetan gero eta jende gehiago ateratzen da kalera erreboltarien garaipena ospatzera, eta Trantsiziorako Kontseilu Nazionala egonkortasuna lortzeko bidean lanean ari da. Astebeteko borrokek txikituta utzi dituzte hiriko gune asko, eta kaleak zaborrez beteta daude; egunotako beroaren ondorioz, arazo bihurtzen ari da zabor pilaketa, eta Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak dei egin die kale garbitzaile guztiei, haien lanpostuetara itzul daitezen.
Gerora begira,berriz, herritarrak desarmatzeko plana martxan jarri du Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak. Gatazkaren ondorioz, izan ere, Libiako herritar gehienek dute armaren bat eskura, eta hori oztopo bihur daiteke trantsizio baketsu baterako. Horrez gain, milizia guztiak Kontseilu Militarraren agindupean izateko plana ere abiatu dute, Ahmad Darrat oposizioko Barne ministroaren arabera; «milizia guztiak aginte militarraren mende jarriko ditugu, eta herritarren esku dauden arma guztiak jasoko ditugu».
Polizia ere Tripoliko kaleetara itzuli da. «Zirkulazioa bermatzea eta egunerokotasunera bueltatzea» izango da egunotan Poliziaren lehentasuna. Lanpostuetara itzultzeko deiak «oso erantzun ona» izan du Darraten arabera, baina ez du lanera bueltatu diren polizien kopurua eman nahi izan.
Gainontzeko zerbitzuak ere martxan jartzen ari dira gutxika. Azken egunotan, gatazkagatik itxitako bankuak eta dendak berriro irekitzen ari dira. Hiritik ihes egindako mediku eta erizain asko, berriz, itzuli egin dira, eta ospitaleetan gaixoak artatzen hasi dira berriro.
Erreboltariek adierazi dutenez, gainera, Tripoliko itsas portua ireki dute dagoeneko, eta «datozen egunetan» aireportua irekiko dutela iragarri dute; horrek erraztu egingo du nazioarteko laguntza herrialdean sartzea. Izan ere, normaltasunera itzultzeko pausuak ematen ari badira ere, Tripolin gabezia asko dituzte oraindik. Ur eta elikagai urritasuna nabaria da, eta erregaia lortzeko ere zailtasunak dituzte. Astelehenean UNICEF erakundeak salatu zuenez, «inoiz ez bezalako izurritea» izateko arriskua dute hiriburuan, ur eskasia dela eta.
MEP Munduko Elikadura Programak 600 tona elikagai —35.000 lagunentzako adina, erakundearen arabera— eta 500.000 litro ur bidali ditu Tripolira. OME Osasunerako Mundu ErakundeaK, bestalde, 45 tona giza laguntza bidali ditu hiriburura. Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak, berriz, 250.000 tona gasolina bidaltzeko eskatu dio NBE Nazio Batuen Erakundeari, ospitale, anbulantzia eta giza laguntza banatzen duten ibilgailuentzat.
Milaka preso desagerturik
Gaddafiren erregimena agintean egon den azken berrogei urteotan atxilotutako milaka preso desagerturik daudela salatu du NBEk. Erreboltarien arabera, 50.000 atxilotu inguru daude desagertuta, baina NBEk ez du zifrarik eman nahi izan. Erakundeak, bestalde, onartu du badaudela erreboltariek Gaddafiren jarraitzaileen aurka egindako hilketen salaketak ere, baina garrantzia kendu die.
Misrata hiria setiaturik eduki zutenean, gainera, Gaddafiren indarrek gizateriaren aurkako krimenak egin zituztela salatu du PHR Physicians for Human Rights gobernuz kanpoko erakundeak. Bi hilabetez izan zuten setiatuta hiria, eta erakundearen arabera, hilketak, torturak eta bortxaketak egin zituzten, besteak beste.
Bien bitartean, ez dago jakiterik Gaddafi non dagoen. Haren senitartekoak Aljerian daude, hango gobernuaren arabera. dena den, Aljerrek adierazi du Hagako Auzitegira estraditatuko duela Gaddafi Aljeriara joanez gero, «nazioarteko legeak errespetatzen dituztelako». Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak, ordea, ez du begi onez ikusi Aljeriak diktadorearen senitartekoei babesa eman izana. «Guretzat ez da berri atsegina. Lagun horiek Libiara itzultzea nahi dugu», adierazi du oposizioko bozeramaile batek.
Protestak herrialde arabiarretan. Libia
Errenditzeko hiru egun eman dizkiete erreboltariek Gaddafiren jarraitzaileei
Matxinoek mehatxu egin dute indarrez sartuko direla Surt eta beste hiri batzuetan, astebururako errenditu ezeanTripolin nazioarteko laguntza jasotzen eta zerbitzuak berriro martxan jartzen hasi dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu