«Aldarrikatu gabeko lege martzialaren menpe dago Tibet», esan du erbestean dagoen Tibeteko Gobernuko bozeramaile Tempa Tseringek. Izan ere, igandean bi fraidek protesta egiteko beren buruari su eman ondoren —bietako bat hil egin zen eta bestea larri zaurituta dago— Txinak errepresioa gogortuz erantzun du. Lehen aldiz Tibeteko Lasha hiriburua izan zen immolazioen eszenatokia, eta Pekinek protestak geldiarazi nahian gogor erantzun du. «Militarren presentzia handitu egin dute, samaldakako atxiloketa masiboak egin dituzte, eta murrizketa guztiak gogortu dituzte», kritikatu du Tseringek.
Tibeteko Gobernuak ez du zehaztu zenbat lagun atxilotu dituzten, baina Free Asia irratiak lekukoen kontakizunak aipatutaadierazi du 600dik gora direla. Jokhang tenpluaren atarian immolatu ziren bi lagunak. Erromesen azken geldialdia izan ohi da Lashako tenplu hori, eta ordutik Poliziak erromes ugari hiriburutik kanporatu dituela azaldu du hirian bizi den emakumezko batek. Militarrek kontrolak jarri dituzte kalean, eta, igandeaz geroztik, hiriko zenbait kale hutsik daude. Herritarrak atxiloketen beldur dira, eta bertakoek adierazi dutenez, asko eta asko etxeanezkutatu dira. Besteak beste, bi gizonezkoen protesta ikusi zuten lekukoak atzeman ditu Poliziak, eta askori mugikorrekin protestak grabatu izana leporatu die. Hainbat turista ere kamerak erakustera behartu dituzte. Izan ere, Txinak ez du immolazioen irudirik sarean zabaltzerik nahi, nazioartean Tibeten aldeko mugimendua hauspotuko lukeelako horrek, eta gobernuaren aurkako kritikak areagotuko liratekeelako.
Lashan ez ezik, Tibeteko beste hainbat hiritan ere atxiloketak egin dituzte protestak eteteko asmoz, batik bat bi fraideen jatorrizko herrietan. Herenegun, beste emakumezko bat immolatu egin zen, Barma hiriko Jonang Dzamthang monasterioaren parean. Sichuan probintzian, berriz, atzo beste lagun batek bere buruari su eman ziola adierazi zuen Free Asia irratiak, baina ez zuen haren egoeraren berririk eman.
Iazko martxotik 36 tibetarrek su eman diote beren buruari, Txinaren okupazioa salatu eta dalai-lamaren itzulera aldarrikatzeko. 27 hil egin dira. Azken hilabeteotan gainera indartu egin da protesta mota hau egiteko joera. «Honek agerian uzten du zerbait gaizki dagoela, Txinaren okupaziopean sei hamarkada igaro ondoren», adierazi du berriki Lobsang Sangay erbesteko lehen ministro tibetarrak. Hark adierazi duenez belaunaldi berri bat da protesta mota hau egiten ari dena, «okupazioaren menpe jaio dena, eta Pekinek inposatutako hezkuntzan hazi dena». Alison Reynolds ITN Tibeten Aldeko Nazioarteko Sarearen zuzendariak ekintza horiek larriak eta adierazgarriak direla dio. «Berraragitzearen inguruan dituzten sinesmenen kontrakoa da suizidioa, beraz, horrelako ekintzak egiten ari direla ikusteak agerian uzten du tibetarrek duten etsipena».
«Pekin erantzule»
Tibeteko Gobernuak Txina jo du immolazioen erantzule, eta horretarako hainbat arrazoi eman ditu. Tibeten okupazioa, errepresio politikoa, hezkuntza abertzalea, dalai-lama deabruaren pare jartzea, ekintzaile baketsuak tirokatu eta hiltzea, eta bazterketa ekonomikoa leporatu dizkio, besteak beste. Euren etxean tibetarrak bigarren mailako herritar bilakatu dituela ere egotzi die Tibeteko erbesteko gobernuak Txinako agintariei.
Dalai-lamak berriki esan du Tibeteko arazoa konpontzeko ordua iritsi dela. Azken hilabeteetako immolazioen gorakadak Pekinen «autoritarismoan»dauka jatorria, buruzagi espiritual tibetarraren hitzetan. Pekinek 1949an Tibet indarrez bereganatu zuenetik, guztiz debekatuta daude bertako kultura, hizkuntza eta erlijioa, besteak beste, eta horrek egoera gaiztotzen du.
Txinako Gobernuarentzat, aldiz, ekintzaileak «terroristak eta kriminalak» dira, eta dalai-lamari eta erbestean diren tibetarrei egotzi die protesta suiziden areagotzea. Baina Tibeteko Gobernuak dio ez duela immolaziorik egiteko agindurik eman. «Ekintza indibidualak dira... baina zeresan politiko handia dutenak», esan du Sangayk. Eta iragan astean AEBetako Gobernuak giza eskubideen inguruan urtero ateratzen duen txostenean tibetarren ekintza suizidak Txinaren «errepresio neurriekin» lotu zituztela ohartarazi du.
Txina kezkatzen hasi da protesten hedatzearekin. «Protestak Lashara hedatu izanak agerian uzten du Txina ez dela egoera kontrolatzeko gai», esan duMohan Mallik Asia-Pazifikoko Segurtasun Ikerketa Zentroko katedradunak. Egoera honek Txinako Gobernuaren nazioarteko irudiari kalte egiten diola esan duMallikek. Dena den, orain arte egin izan duen bezala, errepresioa indartuz erantzungo duelakoan da katedraduna.
Egoera geroz eta okerrago
Tibeteko egoerak okerrera egin du 2008az geroztik. Fraideek eta zibilek aurre egin zieten orduan Txinako armadari eta Poliziari, eta azken hogei urteetan Tibeten izandako matxinadarik handiena egin zuten. 1959ko matxinadaren urteurrena ospatzen zuten egunean hasi ziren, hain justu, istiluak. Pekinek orduan ere gogor erantzun zuen, eta errepresioaren ondorioz 80 lagun hil ziren gutxienez.
Protesta baketsuek errepresio gogorrarekin topo egiten dute beti. Txinaren murrizketek tibetarren eguneroko bizitzan eragiten dute, nortasunean bereziki. Debekatua dute tibeteraz hitz egitea, idaztea zein abestea, eta elizkizun tradizionalak ere jarduera politikotzat jotzen dituzte. Eta debekatutako zerbait eginez gero, akusazio gogorrak leporatzen dizkiete.
Martxoan, Txinako presidente Hu Jintaok Tibeteko ordezkariei eskatu zien «egonkortasunari eta harmoniari» eusteko lan egitea. Geroz eta gehiagok,ordea, etsita, euren buruari su ematea beste biderik ez dute ikusten.
Errepresioa gogortu du Txinak tibetarren immolazioei erantzuteko
Militarren presentzia handitu dute Lasha hiriburuan, eta igandeaz geroztik 600 lagunetik gora atxilotu dituzteTibet «lege martzialaren menpe» dagoela salatu du erbestean dagoen gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu