Errepublika defendituko duten hiru hautagaitzak babestuko ditu ANCk

ERCk eta JPCk Espainiarekin aldebikotasuna bilatzearen aldeko adierazpenak egin dituzte, bi alderdiek adostutako bederatzi puntuko programa ezagutu ondoren. CUPekin negoziatzen ari dira orain bederatzi puntu horiek.

Marta Rovira, ERC-Catalunya Si hautagaitzako kideekin. ANDREU DALMAU / EFE
mikel p ansa
2017ko azaroaren 23a
23:34
Entzun

Agusti Alcoberro ANC Asanblea Nazional Katalaneko presidenteari galdetu diote zer iruditzen zaion ERCk eta Junts Per Catalunyak (JPC, PDECaten marka) adostutako bederatzi puntuen agiria. Agiriak oinarri-oinarrizko zazpi eskaera egiten ditu, baina azkeneko bi puntuetan aipatzen du, batetik, prozesu eratzaile bat abiatu behar dela eta, bestetik, aldebiko harreman bat edo negoziazio bat hasi behar dela Espainiarekin.

"Aldebikotasunari egiten zaion erreferentzia hori", esan du Alcoberrok gaur, "adierazten du beti nahi izan dugun hori, erreferendum adostu bat; gertatzen dena da ezin izan zela egin".

Bederatzi puntu horiekin, batez ere, Europari dei bat eta interpelazio bat egiten zaiola ulertzen du Alcoberrok. Eta erantsi du ANCk errepublika katalana babesten duten hiru hautagaitzak —ERC, JPC eta CUP— berdin sostengatuko dituela.

Marcel Mauri Omnium Culturaleko buruak, berriz, adierazi du "positiboa" dela ERCk eta JPCk bederatzi puntuko agiri hori adostea, eta posizio askorekin "errespetuzkoak" direla. CUPekin hitz egiteko prest agertu da.

CUPeko kideek begi zeharrez begiratu diote aldebikotasunari egindako erreferentzia horiei. Espainiako Gobernuarekin inolako negoziaziorik ezinezko jotzen dute antikapitalistek. Ikusteko dago bederatzi puntu horien inguruko eztabaida zertan bukatuko den, beraz.

Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak, aldiz, berretsi egin du aldebikotasuneko bide hori bilatzeko premia dagoela. Nabarmendu du independentistek ez dutela aldebakarreko bideen aldarri egin inoiz. CUPen adierazpenak gorabehera, alderdi independentisten arteko negoziazioak "bide onetik" doazela berretsi du Rovirak.

Marta Pascal PDECateko koordinatzaileak ere ideia horiek defendatu ditu gaur. Bederatzi puntuko agiri hori "bide ona" dela adierazi, eta Espainiako Gobernuarekin negoziatzea defenditu du. Baita Europarekin ere.

Pascalek erantsi du Espainiako Gobernuak inolako negoziaziorik nahi izan ez duelako joan dela independentismoa aldebakarreko bidetik azken hilabeteetan: "Aurrera jarraitzeko forma berriak bilatzea tokatzen zaigu. Ez diogu helburu bakar bati ere uko egiten, oso urruti iritsi gara".

Xavier Garcia Albiol PPren Kataluniako buruak erantzun lehorra eman die eztabaida horiei: "Brometan arituko dira, pentsatzen baldin badute Espainiarekin independentzia negoziatu dezaketela".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.