Quim Torra Generalitateko presidenteak esan du, gainera, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari esango diola independentzia "gauzatzeko" intentzioa dutela. Astelehenean Moncloan biltzekoak dira bi agintariak, eta Kataluniakoak datorren irailean berriro elkartzeko proposamena egingo dio Espainiakoari.
Eta bilera horren bezperatan onartu du proposamena legebiltzarrak. 2015eko azaroaren 9ko testua dauka oinarrian, eta hura bertan behera utzi zuen Auzitegi Konstituzionalak. Beraz, testua ez tramitatzeko aholkatu dute ganberako abokatuek. Halere, beste hainbat ebazpen bezala, gaur egindako osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatu dituzte.
Ciutadansek, PSCk eta PPC ez dute proposamenaren bozketan parte hartu, eta Ciutadansek eskatu dio Sanchezi Konstituzionalean inpugnatu dezala.
Espainiatik deskonektatzeko eta errespublika sortzen hasteko borondatea adierazten zuen 2015eko testuak, eta horri heldu dio CUPek. Subiranistei iruditzen zaie, gainera, iazko erreferendumeko eta hauteskundeetako emaitzek ebazpena "legitimatzeko" balio dutela.
Halere, hurrengo pausoak emateko orduan subiranisten artean desadotasunak badirela ikusi ahal izan da gaurko saioan. Izan ere, ERCk alde bozkatu du, baina adierazi du eraginkorretik baino gehiago "sinbolikotik" duela proposamenak, eta duela ia hiru urteko testu bat onartzeak aurrera egiteari "uko egin" nahi izatea adierazten duela.