Kataluniako Parlamentu berria osatu eta biharamunean, legealdiari ekiteko adierazpen bateratu bat erregistratu dute Junts Pel Siko eta CUPeko talde parlamentarioek. Legebiltzarreko gehiengo independentista aintzat harturik, "errepublika formako estatu katalana" eratzeko prozesuaren hasiera deklaratzen dute bertan, konstituzio berri baten oinarria finkatuko duen "prozesu herritar, parte hartzaile, zabal eta integratzaile" baten bidez. Gobernuko presidentea bozkatu baino lehenago onartu asmo dute adierazpena parlamentuan.
Gobernu berriari "dekonexio prozesu" horrekin konprometitzeko eskatzen diote, eta "esklusiboki" Kataluniako Legebiltzarraren aginduak betetzeko. Gehienez ere 30 egunen buruan Kataluniaren burujabetza bermatuko duten legeak sortzen hasteko asmoa adierazten dute: prozesu konstituziogilea, gizarte segurantza eta Ogasun propioa.
Espainiako Konstituzio Auzitegiari desobedientzia ere deklaratzen dio adierazpenak: "Parlamentu hau eta deskonexio demokratikorako prozesua ez daude Espainiako Estatuko instituzioen erabakien menpe, bereziki Konstituzio Auzitegiarenak. Hura deslegitimatuta dago eta ez dauka konpetentziarik, besteak beste, 2010eko ekainean Kataluniako Autonomia Estatutuari buruz emandako sententziaz geroztik".
ANC, Rajoyren "mehatxuen" aurka
Ohar batean, Kataluniako Biltzar Nazionalak nabarmendu du Junts Pel Si eta CUPek adostutako adierazpenak "herritarren gehiengoaren borondatea eta espiritua" jasotzen duela, eta bi indar politikoei eskatu die independentziaren eta adierazpenean jasotako akordioak gauzatzearen alde lan egin dezatela. Halaber, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak eginiko adierazpenen harira, haren "mehatxuak" kritikatu ditu ANCk.