Donald Trumpek ez ditu oraindik bereganatu Alderdi Errepublikanoko presidentetzarako hautagaitza eskuratzeko beharrezko 1.237 ordezkariak, baina dagoeneko eskura du izendapena. Izan ere, bart Indianan irabazita 190 ordezkari bakarrik falta zaizkio. Gainera, gertueneko arerioak, Ted Cruzek amaitutzat eman du hautagaitzarako lehia. "Gure esku zegoen guztia egin dugu, baina hautagaiek nahigo izan dute beste bide bat hartu", azaldu du Cruzek.
Hala, Ohioko gobernadore John Kasich da Trumpekin batera kanpainan jarrraitzen duen beste hautagaia, baina 153 ordezkarirekin, ia ezinezkoa du garaipena.
Bestalde, demokraten artean Hillary Clintonek aurretik jarraitzen duen arren, Bernie Sandersen alde egin dute Indianako hautesleek. Dena den, Clintonek 802 ordezkariko aldea ateratzen dio oraindik Sandersi, eta beraz, aldaketa nabarmenik ezean, ia ziurra da haren eta Trumpen artekoa izango dela AEBetako presidentetzarako lehia.