Errepublikanoen lehen lehia

AEBetako Alderdi Errepublikanoak bozketa ez-ofiziala egin du Iowan, 2012ko bozetarako hautagai sendoenen galbahea egitekoFaboritoa Mitt Romney bada ere, Rick Perry eskuin muturrekoak aurrea har diezaioke

Jon Fernandez.
2011ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Texasko gobernadore izaten hasi, eta Ameriketako Estatu Batuen presidente bihurtu. George Bushen jauzia arrakastatsua izan zen, eta bide bera egin nahi duela iragarri du Rick Perryk, 2000az geroztik Texasko gobernadorea denak. Atzo egin zuen iragarpen ofiziala, Alderdi Errepublikanoko gainontzeko bederatzi hautagaiak Iowako kontsulta sinbolikoan lehiatzen ari ziren bitartean. Datorren urteko abuztuaren 27an aukeratuko dute Etxe Zurirako hautagai errepublikanoa, eta primarioen prozesua sei hilabete barru hasiko bada ere, dagoeneko abiatu da alderdikideen arteko borroka.

Eskuin muturrekoa eta Tea Partyaren gertukoa izateaz gain, ebanjelikoa da Perry, Bush bezala. Horrek abantaila eman diezaioke bere aurkari gogorrenaren aurrean; izan ere, Mitt Romney Massachusettseko gobernadore ohia mormoia da. Hauteskundeetarako hautagaien kredoak berebiziko garrantzia du AEBetan, Alderdi Errepublikanoko 80.000 kide kristauak baitira. Iragan abuztuaren 6an, esaterako, otoitz jardunaldi batean parte hartu zuen Perryk Houstoneko estadioan, eta herrialdea krisi ekonomikotik salbatzeko eskatu zion jendaurrean Jainkoari.

Hala ere, Perryren iragarpena baino lehenagoko inkestek abantaila ematen diote Romneyri. Texasko gobernadoreak errepublikanoen %15eko babesa du, eta %20koa, berriz, Masachussetseko gobernadore ohiak, RealClearPolitics-en inkestaren arabera.

Iowako termometroa

Dena dela, hautagaitza aurkeztu arren, Perryk ez du parte hartu errepublikanoen hautagaien Iowako bozketa ez-ofizialean. Kontserbadoreek 1979az geroztik antolatzen dute Iowa Straw Poll delakoa, Iowako Unibertsitatean. 14.000 alderdikide inguru bildu ziren atzo, hautagaien hitzaldiak entzun, eztabaidatu eta bozketa ez ofiziala egiteko. Faboritoa Romney bada ere, lerro hauek idazterako garaian oraindik ez zegoen argi zein hautagaik lortu duen alderdikideen babesik handiena.

2012an Barack Obamaren aurkari bihurtzeko lehenengo lehian bederatzi hautagai aurkeztu ziren: Romney, Michele Bachmann Minesotako legegilea, Tim Pawlenty Minesotako gobernadore ohia, Jon Huntsman Uthako gobernadore ohia, Ron Paul Texasko legegilea, Newt Gingrich AEBetako Parlamentuko presidente ohia, Rick Santorum Pensilvaniako senatari ohia eta Herman Cain enpresaria.

Izaera ofizialik izan ez arren, hautagai ahulenak baztertu, eta sendoenak nortzuk izan daitezkeen jakiteko balio du Iowako termometroak. Dena dela, etorkizunean zeresan handia eman dezaketen bi politikari (Perry eta Sarah Palin) Iowan egon ez izanak indarra ken diezaioke bozketaren emaitzari.

Obamaren alternatiba

Finean, Perryk irudikatzen duen Tea Partyaren diskurtso eskuin muturrera jotzea ala Romneyren zentroagoko bidea hautatzea da errepublikanoen dilema. Barack Obama presidenteak gizartean duen babesa inoizko txikiena bada ere (%44), errepublikanoen balizko hautagai guztien aurretik jartzen dute inkesta guztiek.

Oraindik denbora asko geratzen da 2012ko azaroaren 6ko hauteskundeetarako, baina badirudi, oraingoz, errepublikanoek ez dutela demokratei aurre egiteko alternatiba sendorik. AEBetako zorraren inguruko krisia dela eta, aste hauetan agerian geratu da eskuin muturreko errepublikanoek Obamaren gobernua kolokan jartzeko duten gaitasuna. Alderdi Errepublikanoa eskuinerago doa egunetik egunera, eta Perryren hautagaitza sendoa da azken erakuslea. Alabaina, eskuin muturrerako joerak, Obamarekin desilusionatuta dauden hautesle demokraten bozak eskuratzetik urruntzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.