Espainia

Erreskatatu dituzte Guadalajarako sutean hildako 11 lagunen gorpuak

Guadalajaran (Gaztela-Mancha, Espainia) dagoeneko zortzi mila hektarea erre dituen sute handian hil diren 11 lagunen gorpuak jaso dituzte gaur goizean erreskate taldeek. Riba de Saelice herriaren inguruan zeuden, amildegi baten sakonean. Suteak itzaltzen aritzen den Tragsa enpresa publikoko langileak ziren 11 hildakoak, enpresako iturrien arabera, lan horretan zailduak. 400 lagun inguru, berriz, beren etxeetatik atera eta beste leku batzuetara eraman dituzte suteak harrapa ez ditzan.

2005eko uztailaren 18a
12:42
Entzun
Ciruelos del Pinar, Tobillos, Luzon eta Santa Maria del Espliego herrietakoak dira etxetik aterarazi dituzten pertsona horiek, eta Maranchonen eta Alcolea del Pinarren dauzkate aterbetetuta.

Hildako zaintaldeko kideei dagokienez, suteen aurkako lanean zaildutako pertsonak zirela nabarmendu du Tragsa enpresako presidente Jose Puxeuk. Ezbeharra haizearen bat-bateko eta ezustekoaldaketak eragin zuela azaldu du. Langile Batzordeak, berriz, jazotakoa ikertzeko eskatu du. Gorpuak helikopteroz ari dira eramaten Guadalajara hiruburuko tanatoriora.

Suteak 8.000 hektarea erre ditu dagoeneko, gehiena pinutegiak. Inguru batzuetan mendean hartzea lortu badute ere, Guadalajarako hego-ekialdean zabaltzen jarraitzen du, Selas herri inguruan. Espainiako Gobernuak Frantziakoari laguntza eskatu dio sute hori itzaltzeko. Eguerdian, berriz, batzar berezia egingo du Espainiako Gobernuak, Moncloan, Maria Teresa Fernandez de la Vega presidenteordea buru dela.

Barbakoa bat sutearen eragile

Zenbait iturriren arabera, sutea paraje hartan gazte batzuek larunbatean egindako barbakoa batek eragin du. Agi denez, gazte horiek sua piztu zuten jatekoa erretzeko, eta gero ez zuten behar bezala itzali. Aipatu iturriek zabaldu dutenez, gazte horietako batzuk epailearen aurrean deklaratzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.