AEB-ak

Erreskate operazioa gelditu dute Floridan, inor bizirik topatzeko itxaropenik ez dutelako

Hamabi solairuko eraikin bat amildu zeneko bi aste bete direnean, gorpuak berreskuratzea da orain daukaten helburu bakarra. 54 gorpu atera dituzte dagoeneko, eta 86 pertsona daude galduta oraindik.

Hildakoak gogoratzeko utzitak lore sortak, Miamiko Surfside auzoan. LATIF KASSIDI / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko uztailaren 8a
09:33
Entzun

Amaitu da erreskate operazioa. Aurrerantzean, gorpuak berreskuratzeko lana besterik ez da izango, eta kopurua handia izan daiteke, 86 pertsona oraindik galduta daudelako. Ekainaren 24an erori zen eraikina Miamiko Surfside auzoan.

«Jo eta ke egin dugu lan, gau eta egun, bi astez, biziak salbatzeko. Gaurko iragarpena heldu da, kontsentsua dagoelako erreskatearen arduradunen artean: oraindik norbait bizirik topatzeko itxaropena hutsaren hurrengoa da», esan du Miami-Dade konderriko Suhiltzaile buruorde Raide Jadallak.

Dagoeneko 54 gorpu atera dituzte hondakinetatik. Hasieratik zekiten zaila izango zela jendea bizirik ateratzea, eraikinaren solairuak taloen moduan erori zirelako elkarren gainera, eta, ondorioz, oso tarte txikiak geratu ziren. Izan ere, operazioa hasi zutenetik ez dute inor bizirik atera. Erreskate taldekoek esan dutenez, biktimetako asko ohean topatu dituzte, hilik.

Miamiko Surfside auzoko alkate Charles Burkettek esan du oraindik «mirariren bat» gerta zitekeela.

Champlain Towers South eraikinak 136 apartamentu zituen. Horietako 55 erori ziren. Txosten baten arabera, eraikinak «akats larri bat» zeukan diseinuan, eta, horren eraginez, oinarriak ez zuen ura behar bezala kanporatzen. Eraikinak arrakala asko zituela gaineratzen zuen txostenak. Floridako unibertsitate bateko ikertzaileek iaz ondorioztatu zutenez, eraikina bi milimetro hondoratu da urtean, 1990eko hamarkadatik. Izan ere, padura batean eraiki zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.