Hauteskundeetako behin-behineko emaitzek ez diete traizio egin inkesta eta zundaketei: UKIP Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdia izan da bozkatuena, eta 24 diputatu lortu ditu Bruselan, botoen %27,49 eskuratuta. Oro har, oposizioko alderdi nagusiek egin dute gora, besteak beste, laboristek: 20 diputatu lortu ditu, botoen %25,4 eskuratuta.
Zigortuenak, aldiz, David Cameronen alderdi kontserbadorea (hirugarren postuan) eta Nick Cleggen liberal demokratak dira. Cameronen alderdiak sei eserleku galdu ditu, eta laboristek baino eserleku bat gutxiago izango dituzte, hemeretzi. Nick Clegg liberalak, aldiz, atzo bertan aitortu zuen orain arteko eserleku guztiak gal zitzakeela, eta ez dala hala izan, baina gutxigatik; orain arte zituzten hamabi diputatutik bakarra mantendu dute, botoen %6,8 eskuratuta.
Euroeszeptikoek presio eginda, Europako Batasunarekin izan beharreko harremanari buruzko erreferendumera deitzea onartu du Cameronek. Hainbat analistak iradoki dutenez, UKIPen gorakada erabaki horri eusteko keinua izan daiteke.
Parte hartze datua (%36) Europakoaren azpitik dago (%43,11), baina 2009ko datuekin alderatuta (%34,7) gora egin du.